Azokaren Uberan: poesia nobedadeak

Poesia ez da gehien saltzen duen literatur generoa, ez gehien zabaltzen dena, baina urtero-urtero iristen zaizkigu titulu ugariak, ahots berriak, edukiei dagokionez harridura sortzen dute proposamenak. Jarraian dituzue aurten Durangora begira plazaratu diren testuak zerrendaturik. (Argazkian: aurten zendu den Patxi Ezkiaga, Balea Zuriak plazaratu du bere Antologia).

PatxiEzkiaga01

Anitzak dira poesiak, genero gisa, zabaltzen dituen bideak. Liburuez aparte poesia topatuko delako aurten diskoetan ere, adibidez. Joseba Sarrionandiaren testuekin plazaratutako Gure oroitzapenak izan daiteke horren adibide bat. Egongo da, seguru, poesia gehiago aldizkarietan, era ezberdineko autoedizioetan. Honatx aurten liburu moduan plazaratu diren nobedade batzuk:

Idurre Eskisabel, Goseak janak (Susa)

Hauxe da Susak aurten MPK bildumatik aparte plazaratu duen titulua. Ezaguna da oso Idurre Eskisabelen ahotsa besteak beste, feminismoa eta euskalgintzaren inguruko gomutagintzan. Goseak janak lanean poesia moldez batez gorpuztu ditu bere kezkak. Ohiko moduan liburua osorik irakurtzeko aukera eman digu Susa argitaletxeak. Abenduaren 8an 17:00etan aurkeztuko du liburua egileak Ahotsenean.

Susa argitaletxearen eskutik heldu zaizkigu aurtengo MPK bildumako ale berriak. Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarnik, Joanes Jauregik eta Asier Sarasolak itzuliak hurrenez hurren. Liburu hauek ez dira Ahotsenean aurkeztuko, baina nahi izanez gero aurki errezitaldia antolatu dute itzultzaile biek Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkartean: abenduaren 23an 18:00etan. Ikus HEMEN itzultzaileei eginiko elkarrizketak.

Martin Exeberria eta Josu Goikoetxea, Elkarren bilduman

Poesiazaleen aspaldiko ezaguna da Martin Etxeberria, laugarren poesia liburua du Winston. Josu Goikoetxea berriz, bertsolaritzari loturik ezagutu dugu luzez, eta Zer luzea negu hau lanak bere beste fazeta batean murgiltzeko aukera ematen digu, ahots poetikoan.

Hitzen Uberan aurkezpenean izan zen, honatx bideo batzuk:

Josu Jimenez Maia eta Hasier Larretxea, Pamielarekin

Aurretik poesian ibilbidea egina duten bi egileren lanak ekarri ditu plazara Pamiela argitaletxeak. Josu Jimenez Maiak batez ere Maiatz argitaletxearekin eta Denonarteanekin plazaratu izan ditu lanak, eta sarritan landu izan dituen poesia moldeen artean dira haikuak (behinola egin genion elkarrizketa Hitzen Uberanen). Aingurak eta arrangurak da bere lan berriaren izena.

Hasier Larretxeak ere ibilbidea luzea egin du poesiagintzan. Azken urteetan sarritan tartekatu izan ditu erdaraz idatzitako lanak, euskarazkoak, eta elebitan plazaratutakoak. Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira da aurten plazaratu duen lanaren titulua.

Manu Lopez Gaseni da Pamielak ekarri digun hirugarren poeta, Aldi baterako liburuarekin.

Karlos Linazasoro eta Patxi Ezkiagaren lanak, Balea Zurian

Poesiaz mintzo, kasu bereziki aipagarria da Balea Zuria, argitaletxe gazteak poesia besterik ez duelako plazaratzen. Ibilbide luzeko bi idazleren lanak ekarri dizkigute aurten: Karlos Linazasorok Lurra bere erro gorrira lana plazaratu du.

Aurten hil den poeta baten Patxi Ezkiaga idazleari omenaldi ederra da Antologia lana. Iaz Hegats aldizkarian egin zitzaion elkarrizketa, eta Hitzen Uberanen hura jaso genuen bere heriotzean.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.