“Liburuan badago haurtzaroa eta inozentzia berreskuratzeko aldarrikapen bat, oso zentzu politikoan”

Aspalditik zebilen plaza publikoan, aspalditik idazten ditu poemak, orain ez hainbeste erabaki zuen horiek argitara ematea, eta duela pare bat astetik esku artean daukagu Idurre Eskisabel Larrañagaren lehen poema-liburua: Goseak janak. Egileak berak literaturaren urrezko orrietan topatu ez zuen epika aurkitu dugu aleotan: goseak, inurriak, zakurrak, lurrak, Alizeak. Eta atsoak, noski.

 

 

IdurreEskisabel

goseakjanak

Zer moduz, publikatu osteko zurrunbilo honetan?

Ondo, pixka bat arraro. Adibidez, egoera honetan, urte askoz oso ohituta egon naizelako beste aldean egoten eta galderak egiten, eta errazagoa da hori galderei erantzutea baino. Gainera, aurkezpenean esan nuen moduan, niretzat gauza bat izan da hau idaztea, eta beste gauza bat izaten ari da honi nolabaiteko zoru diskurtsibo bat ematea.

 

Nola joan da idatzi eta publikatzeko prozesua?

Poemak idazten aspaldi hasi nintzen, oso aspaldi. Umetatik. Eskolan esaten zigutenean idazlana egiteko, beste irizpiderik gabe, poema esaten nionak idazteko joera nuen. Niretzat oso modu ona da momentu batzuetan dituzun pentsamendu, sentsazio, bizipen eta abarrak gatzatzeko. Orduan, hemen dauden batzuk, ez forma honetan berean, baina aspaldi idatzitakoak dira.

Prozesuan badago idazketa, baina gero dago momentu bat hasten zarena pentsatzen zergatik ez hau publiko egin. Eta hori ja beste dinamika bat da. Eta dinamika hori askoz berriagoa da, azken bi urteetako gauza. Eta zergatik orain? Ez daukat oraindik erantzun zehatz bat. Prozesu bital batekin lotzen dut. Poemarioko azken atalak prozesu bital bat itxi egiten du, eta nik lotuko nuke horrekin. Uste dut, halaber, badaukala lotura egungo garai sozio-politikoekin ere, gure ziklo politikoaren amaierarekin, oso zeharka bada ere, eta nahiz eta ziklo politiko horretaz hitz egiteko erabiltzen den ohiko terminologia eta ideia nagusiak ez ditudan erabili. Gauzak beste modu batera esateko beharra sentitu dut.

 

Bi urte pasaz aritu zinen egunero zutabe bat idazten egunkarian. Horrek izan du eraginik?

Bai, handia gainera. Nik uste dut norbaitek erabakitzen duenean zerbait publiko egitea, gaur eta hemen ahotsa hartzea, plazara ateratzea, horrek eskatzen du, lehenik eta behin, sinestea badaukazula zerbait esateko, eta gure testuinguruan ez da prozesu erraz bat. Nik uste dut gehiegi dramatizatzen dugula, eta gainera iruditzen zait aldatu behar genukeela hori, zeren asko hitz egiten dugu demokraziaz, justizia sozialaz, demokratizazioaz eta abar, baina igual prozesuak demokratizatzeko, gure bizi antolakuntzak demokratizatzeko, ziur aski lehenengo ariketa da ahalik eta jende gehienak edukitzea ahotsa plazan, ahalik eta ahots gehien edukitzea. Eta aldiz gure sakoneko ideologia, kulturalki erabat txertatuta daukaguna, kastrantea da alde horretatik. Ahotsa hartzen duena oso erraz izan daiteke susmagarri, ezaugarri negatibo askoren jomuga.

 

Eta ezaugarri oso zehatz batzuen jabe ez baldin bazara, are zailagoa da?

Bai, baita ere. Jakina, emakume izateak ez du errazten, batez ere sakoneko ideologia horretan, gure izate kultural horretan. Orduan badago prozesu oso bat norberaren ahotsaren balioan sinestekoa, edo gutxienez esatekoa, nik hau esan nahi dizuet, gero zuek erabakiko duzue zer egin honekin, baina nik esan egin nahi dizuet. Eta hor zutabegintza oso inportantea izan da niretzat, nolabait nire buruaren balioztatze prozesu horretan.

 

Era berean zutabe horien formatua zehatza da, eta akaso horrek piztu zizun gogoa gauzak askeago esateko, edo norberak ezarritako irizpideetan?

Artikulugintzak oso egitura zehatzera behartzen zaitu: tesia, antitesia, aldeko eta kontrako argudioak eta ondorioa. Beti eduki behar du koherentzia bat, fugarik ez. Gero zure esku dago nola moldatzen duzun eta dauzkazu zure askatasun-marjinak, baina badago oinarrizko egitura bat. Poemak idazteak laguntzen du hori apurtzen, eta hori nahi eta behar nuen, baina gero konturatu naiz poema hauetan nahigabe ere oso sustraituta dagoela nire logika hori: ohartu gabe koherentzia bilatu dut sarri, biribiltasuna… Paradoxa bat da, fuga bila ibili bainaiz, baina uste dut azkenean arrazionaltasun hori sartu egin zaidala.

 

Koherentzia izeneko poeman diozu: “Orain, jaiki / eta kontsentsu prekario samarrean / —edo, zehatzago, botere borroka krudelean?— / errealitate izendatzen dugun / kontakizun horretara abiatuko naiz”. Errealitatea eta koherentzia zer dira, fikzio bat?

Amets bat, kimera bat. Era berean oso beharrezkoak zaizkigu. Alde horretatik, izaki literarioak gara. Tripa minimoki aseta daukagun unetik, bizitzeko oinarrizkoak aseta dauzkagunetik, gure ase beharreko premia da gure buruari zentzu pixka bat ematea, bizialdiko egun bakoitzari. Orduan horretan gabiltza egunero, gure buruari geure buruaren ahalik eta kontaketa zentzuzko eta koherenteena egiten. Eta nik uste dut poema hauek badutela horretatik, hau da, badira nire buruari zentzua emateko modu bat. Era berean, etengabeko zentzu emate ariketa hori auzitan jarri nahi izan dut, eta pixka bat desdramatizatu eta gure xelebridadea agerian utzi.

 

Beste poema batean diozu: Eta, orduan, Alize, / eskerrak eman dizkiezu / dituzula ez dakizun jainkoei, / patuari, merezimenduei… / dilisten ordez, / huts, bakardade eta zentzuagatik / larritzeko zoriona eman dizutelako. Hots,hau egiteko beta daukagu, ez ditugulako beste larritasun batzuk.

Bai, eta nari naiz Alizez, gure inguruaren batez bestekoan errekonozitzen dudan figura horretaz, baina, baita ere ari naiz, neure buruari buruz. Egia baita erraz larritzekoa naizela, gauza askorekin, baina, batez ere, nire buruarekin. Oso egiazko larridurak dira, oso bizipen beltzetara eraman zaitzaketenak, baina egia da pribilegioa direla, eta esango nuke, gainera, liburu hau bera ere pribilegio horren parte dela, gure ondare kulturalaren zati handiena bezala, eta gaur egun manejatzen ditugun produktu kulturalen ehuneko handiena bezala.

 

Hori errekonozitu duzu, zigortu gabe.

Bai, zeren gero egia da bizipen larri, beltz, itogarri horiek guztiak oso errealak direla gutako askorengan, eta batzuengan gainera oso emaitza larriak dakartzatela. Ez diot inolako garrantzirik kendu nahi, baina pribilegioaz ohartzea ere inportantea da, zuk diozun bezala, zigorrerako erabili gabe. Ulertzeko eta batzuetan arintzeko ere balio diezaguke. Niretzat inportantea izan da gauza horiek idaztea nire buruari garrantzia kentzeko.

 

Bezpera deitu diozu liburuaren lehen atalari, eta kontzeptuak garrantzia handia du liburu osoan. Ez dakit den umezaroaren mina edo helduaroak dakarren amore emate edo etsitzea baino lehenagoko indar horren mina.

Bezperaren bila nabil aspaldian. Horrela hasten da liburua. Azken batean, niretzat haurtzaroa galtzea izan zen nire oroitzapen finkatuetako bat, gogoan daukadalako nola sentitu nuen ez nintzela gai gaur egun jolas sinbolikoa esaten zaion horretan aritzeko. Lehengusu batzuekin genbiltzan, ni nintzen haien artean zaharrena, eta bat-batean konturatu nintzen ni ezin nintzela haiekin aritu; bezperan bai, baina… Hor zerbait gertatu zen, eta niretzat tristura handia izan zen, eta gero hori asko lotu dut deslilura handi batekin. Hau da, haurtzaroak dakar edozer irudikatzeko aukera. Dena da posible. Onerako, txarrerako, erdipurdikorako, baina dena da posible. Zergatik da dena posible? Bada aurrejuzkua ez delako sendoa. Begiak garbiak direlako oraindik. Ezintasunak mugatu gabeko begiak direlako, eta horrek zerikusia dauka inozentziarekin, ezezko prebentiborik gabe aritzeko gaitasun horrekin, eta iruditzen zait kolektiboki, sozialki, jendartean galdu dugun balioetako bat dela. Esango nuke gaur egun ia-ia adoleszente jaiotzen garela, ume beharrean.

 

Defentsibara.

 

Bai, aurreiritziak oso txertatuta, oso armazoi defentsibo bat jantzita, batez ere besteekiko, eta horrek eragozten dizkigu gauza asko, gure buruaren irudikapenetik hasita, baina horrek daukan eragin sozial guztiarekin. Orduan badago haurtzaroa eta inozentzia berreskuratzeko aldarrikapen bat, baina oso zentzu politikoan. Aurreiritziak galtzeko gonbidapen bat da, eta posibilitateak irekitzekoa eta ezezko prebentiboak gainetik kentzekoa.

 

Ahotsaren eta gorputzaren arteko ustezko dikotomiari ere heldu diozu. Hala dio poema batek: Plazer betez nintzateke gorputz, / gorputz eta gorpu hain hurbil ez baleude, / gorputzak ahotsik baleuka.

Hori lotzen dut hazte prozesuarekin eta hazte prozesu horretan emakume bihurtzearekin, hau da, pertsona izateari utzi eta emakume izendatu bihurtzearekin. Hor agertzen da gorputza traba moduan. Zuk badaukazu zure buruaren ikuspegi bat, kontsiderazio bat, bizipen bat, subjektutasun bat, eta bat-batean gorputzak, materialtasun horrek, besteen aurrean egiten zaitu zu ez zaren beste zerbait. Ez, ez zaitu egiten zu ez zaren beste zerbait, baizik eta murrizten du zu zaren hori parte txiki batera. Hau da, ni banaiz emakume hori, baina ez naiz hori bakarrik. Orduan gaina hartzen dizu gorputzak, edo nire bizipena hori izan da, eta nire kasuan bizi nuen murrizte bat bezala. Nik asko lotzen dut nire gorpuztasuna emakumearena izatearekin eta ni emakume izatearekin. Gorputz egin nintzen, emakume naizelako, eta ahotsa kentzen dit horrek, eta nik ahots izan nahi dut nolabait adierazteko banaizela gorputz hori baina zerbait gehiago ere banaizela. Gero, kontua da, ahotsak gaina hartzen duenean, gorputza ukatzera iristen garela.

 

Badirudi ez dugula topatu biak bateratzeko erarik. Zuretzat poema hauek izan dira hori egiteko modu bat?

Bai, baina besteek esan arte ez naiz konturatu nolako tokia daukan gorputzak liburuan, ez dut kontzienteki egin. Uste dut hori esan behar nuela edo esan nahi nuela. Eta badauka igual adiskidetze edo orekatze edo ulertze horrekin zerikusia, dena naizela ni edo dena behar dudala, eta hasiera batean aipatzen nuen prozesu bital horrekin ere badauka zerikusia. Badauka zerikusia nire kasuan ume bat izatearekin. Alde horretatik, esperientzia horrek asko lotzen zaitu gorpuztasunarekin eta naturarekin, ulertzearekin badagoela zerbait norbere subjektu eta neurosiez gaindikoa, eta zerbaitek iraungo badu, horixe izango dela, zorionez gainera. Adibidez ideia horrek asko lasaitzen nau. Batez ere albiste izugarriak iristen zaizkigunean eta iruditzen zaizunean munduan ez dagoela ezer taxuzkorik egiterik, imajinatzeak oraindik krakenak daudela, txibi erraldoiak dabiltzala hor gutaz akordatu ere egin gabe, horrek ematen du horrelako lasaitasun bat.

 

Liburuan behin baino gehiagotan agertzen den beste kontzeptu bat: atsoa. Poema bat ere eskaini diozu: Eta, batik bat, / eragotzi diezadala / amama, amona, amatxi izatea / goxo, oparo eta, batez ere, neurritsu / Hain justu, / ahapeka eta ikaraz / erregutzen diot egin nazala / atso / grina itxuragabeagatik itsusi: / zentzuzko begientzat zatar / egokitasunak jantzitako begiradentzat zantar / Egin nazala / atso, / antzu, / sabel lehor, / mendeetako morrontzarik / beste behin erditzeko ezgauza.

Niretzat hauxe da poema guztien artean errebindikatiboena, inkluso forma aldetik ere, eta hori esateko gogo handia edo premia handia neukan. Beste hitz horiek guztiak (amona, amatxi…) atsoren ordainak dira, atsoren ordain eufemistikoak, eta goxatuak. Pentsatzen jarrita zer den gaur egun gure jendarteko adierazpide sexisten goia; bueno klaro, nola ez, hor daukagu indarkeria zuzeneko forma pila bat oraindik, baina, gure inguru hurbileko bizimodu arruntetan, esango nuke adierazpen sexistarik handienetakoa adin batetik aurrerako emakumeen kontsiderazio orokorrean dagoela. Adibidez, gaztelaniaz, señoraren figura horretan: umorerako zer joko ematen duen, nola kontsideratzen, zer begiradarekin… Uste dut gure sexismo inplizituenaren erakustaldia dela kontzeptu hori: señora edo atso. Niretzat oso inportantea zen horretaz jardutea. Gero, ordea, iruditu zitzaidan berriro ere neure gain edo geure gain ari nintzela jartzen ardura, eta beste parte bat ere bazegoela, eta horren harira idatzi nuen justu aurretik datorren poema: Derrotatuak.

 

Halaxe dio: Neure buru-gorputzei eusteko / epika dosi baten bila / abiatu naiz / literaturaren urrezko orrietara / baina, hara non, / galtzaileen katalogo zabal horretan / ez den nire derrotarik ageri.

Iruditu zitzaidan beste parte horri ere esan behar niola, ondoez hau, atsotasun zamatsu, gaitzetsi, eramaten zail hau, ez dela kasualitatea, hori gertatzen dela begirada bat dagoelako, narrazio oso bat dagoelako, tradizio oso bat dagoelako. Beraz, poema horretan badago interpelatze bat: mesedez, zuek ere egin ezazue zerbait honekin, nire ardura da, emakumeon ardura da, baina baita gizonena ere, gure parametro kulturaletan subjektutasunaren erdigunea izan zareten heinean. Pentsa ezazue honetaz, ekin diezaiogun partekatze bati.

 

Azken atalean, bi poema, halako epilogo bat. Edurnezuriren amarenak alean, ama-alaben arteko lehia agertzen da lehenik, haien arteko elkartasuna ondoren. Bidaiaren ostean, goizean, hauxe.

Hori da. Pasatzen ditugu goseak, ezinak, eta horren ostean halako epilogo bat. Batetik, prozesu bital hori jasotzen da, nire kasuan ume bat edukitzeak prozesu bital horretan badauka eragina, ematen dizulako aukera lehenago aipatzen nuen bezala beste konexio batzuk egiteko naturarekin eta gorputzarekin, baina, baita ere, ematen dizu aukera beste jaiotza bat izatekoa zeuk ere, hau da, beste pertsona baten bidez berritzeko haurtzaro hori, inozentzia galera hori, horiek guztiak. Hor tentsioak sortzen dira, jakina, asko hitz egin genezake gurasoen eta umeen arteko harremanaz, batez ere gaur egun, hain erabakitakoa eta hain hautatutakoa denean ume bat edukitzea. Garai batean, erabakimenak ez zuen hainbesteko pisurik, baina gaur egun horrek sortzen ditu bizio asko eta tentsio asko, haurraren pertsonatasuna eta autonomia onartzeko bide horretan. Poemak badauka hortik, birjaiotze horretatik, eta badauka adiskidetzetik ere, zuk aipatzen zenuen zentzuan. Adiskidetzetik neure buruarekin eta munduarekin. Onartzetik gure bulnerabilitateak besteekin daukala konponbide bakarra. Berdin da izatea ama, alaba, lagun, maitale, adiskide, ikaskide… Gure bulnerabilitateak ez dauka beste erremediorik, baldin eta ez bada, tarteka behintzat, besteengan atseden hartzea.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.