Iratxe Ormatza Imatz-en narrazioa: “Eginkizun”

Iratxe Ormatza Imatzen laugarren eta azken narrazioa Sinadurak atalean:  “Eginkizun”.

iratxe ormatza

Mendian gora ibiliko dira, honezkero, Jon, Luka eta Luzia, pozik. Pantailari atxikita ditu begiak Lidek; baietz esan behar duelakoan dago hondinokarren, eskaeren iturriak zabalik segitu dezan. Larunbat goiza da, eta burmuinak ez dio horren ondo erantzuten: gehiegi eskatu dio, seigarren egun segidan ere jarraitzeko. Jon, berriz, ilusioak hartuta ibili da aste osoan; giroa alaitsua zabaldu du etxean, mendiko plana zela-eta. Aspaldiko partez, denek batera zerbait egingo zuten, eta eguraldi ezin hobea zegoen iragarrita.

Ordenagailutik kendu ditu begiak: seme-alabek bere falta izango ote dute? Zeri buruz ibiliko dira berbetan Luka eta Luzia? Zeri barre? Elkarri adarra joten ibiliko dira? Borrokan? Haiek besarkatzeko gogo neurrigabeak min egin dio gorputzean, eta haien umezaroa galtzeko beldur izan da.

Giharrak luzatu eta beldurra haizatu guran altxatu da leihora: kantoi batean gazte magrebtarrak, beste batean gazte afrikarrak, eta hirugarrenean, jonkiak, helduak denak, hurrengo anoari itxaroten, kameren begia gainean dutela denek. Hotz zein bero, kalean. Hori izango da daukaten lekurik onena egoteko, edo bakarra, ordu batzuetarako baino ez badute ohea. Denak gizonezkoak, jonkien taldean izan ezik.

Emakumeak, berriz, joan-etorrietan ibiltzen dira gehienetan. Barrua sorgortuta balute bezala ikusi ditu inoiz Lidek emakume afrikar batzuk, bihotz-begirik gabe, errimelez eta begi-itzalen hautsez gainezka dituztela betazalak, eta makillaje-geruza lodi batek azalaren kolorea desitxuratzen diela. Prostituzioan zenbat zauri jasan dezakeen bihotzak, zenbat bider ebaki daitekeen arima, zenbat bortxa hartu gorputz batek, zoratu baino lehen. Andre horiek eta Lidek espaloi berberak zapaltzen dituzte, baina euren bizibideek ez dute bestearen bidea gurutzatzen inoiz.

Lanera bueltatzekotan dagoela, eskolako ama bi ikusi ditu, etxeko oinetakoekin. Haur-kotxearekin ibiltzen dira burdina batzen edukiontzietatik. Bata oso irribarretsua da, eta agerian izaten ditu urrea duela hortzetan jarrita. Egingo lioke berba Lidek: eskolako atzerriko emakumeak askotan interesgarriagoak egiten zaizkio; gehiegi dakiela begitantzen zaio bere modukoei buruz. Zabaldu berri duten hoteletik bikote gazte ezin zuriago bat ikusi du, eta gogoratu du ez duela ikusi beheko solairuko Erasmus mutil hura. Ez dauka faltan.

Bigarren atseden luzea bazkaltzeko izan da. Oso haserre joan da gaur Jon. Kalamuzko soka siku eta lodi batek estutu dio barrua. Haserre Liderekin bakarrik, Luziari eta Lukari adarra joten entzun dio eskaileretatik behera. Inbidia izan du poz horren parte ez izateagatik. Semeak eta alabak, biek, eurekin joateko eskatu diotela etorri zaio gogora, eta suge baten antzean korapilatu dio barrua sokak. Bazkalduta, itzulpenari ekin dionean, ulergaitza izan zaio testua.

Dena bertan behera utzi, eta autoan abiatu da. Heldutakoan, urrunetik begiratu die Luziari eta Lukari: berbetan daude, zabu banatan jesarrita. Helduagoak iruditu zaizkio bere kutuntxoak. Luziak ikusi du, eta ama-ka etorri zaio gainera, baita arineketan ere Luka. Ez zaie arrotz egin, menditik jaitsi berri, bat-batean ama ikustea. Estu besarkatu ditu, bete-betea duela bihotza. Barrua hustu duten arte entzun die, berriz, umeei: mendian gauza asko gertatu dira-eta.

Taberna barrura sartu, eta andre ezezagun batekin ikusi du Jon. Zer egin ez dakiela, komuneko ataritik zelatatu ditu. Barre egiteko zorian daudela egiten dute berba, desioaren pozarekin. Nahiko luke andre hura izan, Jonen arreta horrela bereganatu, jostari. Zein urrun dagoen, ostera, halako egoera batean Jonekin egotetik. Zenbat gauza dituzten utziak atzean, bazterrean. Zelako bide idorra zapaldu duten aspaldion. Zein edertasun gutxi euren artean. Etsiarekin batera, baina, gizon hura erakargarri egin zaio. Ez Martzelorekin bezala. Martzelori bera egin zitzaion erakargarri, eta horrek erakarri zuen Lide, eta horrek eraman zuen ohera. Duela hamabost urteko aurpegiera ikusi dio Joni orain, begiak bizi-bizi, eta hura ligatzeko grina piztu zaio, igurtzi eta musukatzeko.

Kanpoan itxaron du, seme-alabei begira. Lantzean behin bata edo bestea etortzen zaio zerbait esaten, laztanen bat eskatzen. Aurretik geratuta egongo ziren? Ez ditu mendiko arropak izan andreak. Maitalea izango ote da? Aurretik izan al du maitalerik? Burua nahastuta dauka, eta telefonoa erabili du apur batean lasaitzeko: mezuak, txioak irakurri. Hain leku ederrean egonda, ezin betiko pantailatik aldendu. Negarra ere begietara etorri zaionean, umeei esan die haize hotzak horrelakoak eragiten dituela.

Jonek ezin hobeto hartu du Lide, kanpoan ikusi duenean. Aho bete haginekin erantzun dio Lidek, zorabiatuta, bihotza lekua hartu ezinik balebil bezala. Andrea tabernako jabea dela azaldu dio Jonek, aspaldiko ezaguna. Aspaldiko ezagun harekin larrutan egin zuela lepoa jokatuko luke Lidek. Gorrotoa eta amorrua gorde ditu. Emakumeari esker ikusi du Jon, garai batekoa, urteetan metatutakotik aldenduta.

Noski, larrutan egin dute gauean, seme-alabek telebista ikusi duten bitartean. Ez da zoragarria izan, bai balekoa. Deseroso ibili dira hasieran, euren gogoa askatu ezinik: ohetik kanpoko guztia gehiegizko zama izan zaie. Ez dute amore eman, ostera; segitu dute euren gorputz ezagunak gogoratzen, harik eta goia jo arte, eta, gero, ohean geratu dira elkar ukitu barik, poz lasai batek hartuta.

Astelehena etorri da, eta betiko haserrea ere bai, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Ura, hazi zaharrak eta berriak, eguzkia eta lainoa beharko dituzte eremua joritzeko. Eginkizun. Luzia eta Luka, aldiz, askoz sentiberagoak izan dira amak jarrera aldatu izanarekin.

This entry was posted in si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.