Garbiñe Ubeda: “Gazte nintzen garaira jo dut”

Gazteentzako nobela bat idazteko proposamen egin zion argitaletxeak. Idazleak onartu eta lanari ekin zion. Sasieskola (Elkar) izan da enkarguaren emaitza.

Garbi

“Zer da gazteentzat idaztea?”. Hori izan zen Garbiñe Ubedaren lehen kezka. “16 urteko horiek heldu bezala ikusten baditut, zein da difererentzia?”. Premisa horretatik abiatuta, gazte baten ikuspegitik idaztea erabaki zuen. Eta horrek “gazte nintzen garaira eraman nau. Sinesgarritasunagatik egin dut batez ere. Jarri naiteke gaur egungo gazte baten tokian baina ez litzateke gauza bera izango”.

80ko hamarraldian, idazlearen gaztaroan kokatzen da nobela. Maitasun-eztitan dagoen Larraitz da protagonista. Muturreko egoera baten lekuko izango da eta horrek bere aldartean eragingo du. “Nire bizitzako etapak markatu dituzten zedarriak ez dira urteak izan. Gertaerek markatu dute nire etapa bakoitza. Gertaera horiek normalean aski bortitzak izaten dira. Nire kasuan eta gainerakoen kasuan ere bai”. Bi osagai horiek ageri dira Sasieskola nobelaren traman. “Badago iraganera itzulera bat eta badago gertaera bortitz bat”.

Hortaz, 80ko hamarkadako giroan murgilduko da irakurlea. Borroka politikoa, askatasun grina, industria-krisia, indarkeria… Bestelako osagaiak ere batu ditu nobelan: “lehen maitasuna, nerabezaroan hainbeste kolpatzen gaituena. Badago traizioa, badago bizitzan toki bat bilatu beharra…”.


“Kalean hezi ginen”

Sasieskola nobelarekin, 80ko hamarkadako kale giroari “omenalditxo bat” egin nahi izan dio. “Bizitza zer zen kalean ikasi genuen eta bizitzan zeuden grinak ez genituen eskolan ikasi. Kalean ikasi genituen. Eta hortxe hezi ginen. Kalean”.


“Zein erraz leziatzen ditugun gazteak”

Garaiak ezberdinak izan arren, “gaurko gazteak problema berdintsuak dituela esango nuke”. Bada alderik ordea. “Etsipen handiagoa dago gaur egun”. Garbiñe Ubedaren ustez, “gu akaso inkontzienteago ginen. Zerbait gaizki ikusten bagenuen, horren kontra ateratzen ginen; ondorioetan gehiegi pentsatu gabe”. 80ko urteetan bezala, orain ere “zaila da bizitzan toki bat aurkitzea”.

Garbiñe Ubeda Hendaian bizi da eta bi alaba nerabe ditu. Adinak ematen duen ikuspegitik, kritiko ageri da gazteekiko erakutsi ohi den jarrerarekin: “zein erraz gutxiesten ditugun gazteak, zein erraz leziatzen ditugun”. Hala ere, Sasieskola ez da gida-liburu bat, ezta autolaguntza argitalpen bat ere. “Nobela honetan egiten dena da paisaia bat marraztu”.

‘Lekukoa’ izeneko bilduma berriaren lehen nobela da Sasieskola (Elkar). Larraitz protagonistari segida emango dio hortaz. Bilduma osatzeko falta diren beste bi nobelak datorren urtean zehar plazaratuko ditu.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.