Iñaki Irasizabal, nobela beltzaren mugetan

Elkar ezagutzen ez duten neska bik, Saioa eta Edy, topo egiten dute pisu batean droga erosten. Zoritxarreko gertakarien katean, haietako batek saltzailea hil egingo du, eta biek ihes egin beharra izango dute. Saioak urte batzuk lehenago psikiatriko bateko egonaldian ezagututako Landerri deituko dio, mutil isil eta misteriotsua. Landerrek lagundu egingo die eta Aramotz mendialde bakartian galdutako txabola ezkutu batera eramango ditu, gauzak baretu arte. Genero beltzan lerratzen dira Iñaki Irasizabalen nobelak. Aramotz (Elkar) eleberri laburrarekin ordea, thriller psikologikoaren eta beldurrezko generoaren mugetara hurbildu da.

Inaki
Aramotz

Izenburuak dioen bezala, Aramotzeko mendilerroan kokatu duzu nobela.

Durangaldean eta Arratian ezaguna da. Oso toki bitxia da.

 

Kontakizuneko jokaleku nagusia da.

Begira, nobela idazten hasi aurretik beldurrezko bi pelikula ikusi nituen: No respires eta Calle Cloverfield 10. Oso onak. Bietan premisa berdina zen. Ezezagun batzuk toki itxi batean egon behar dute, halabeharrez. Gau eta egun elkarrekin egon beharko dute. Egunean 24 orduz. Fikziorako aukera asko eskaintzen ditu egoera horrek.

 

Mesfidantza areagotzeko, espezial.

Hori da. Mesfidantza eta informazio ezkutua oso premisa onak iruditu zitzaizkidan nobela baterako. Egoera horretan jarri ezkero, non sartuko nituzke pertsonaiak? Orduan konturatu nintzen toki itxi bat izan beharrean, toki ireki bat ere izan zitekeela. Askoz originalagoa iruditzen zitzaidan gainera. Inguruan bila hasi eta Aramotzeko aukera bururatu zitzaidan. Kilometro asko ditu, ez dabil inor…

 

Eta ez dago hirigunetik urruti.

Hala da. Basati samarra da baina ez dago urruti. Aldapan behera egin eta herriren batean agertuko zara.

 

Saioa da nobelako protagonista nagusia. Haurtzaro normala izan zuen baina 16 urte zituenean Bilboko festetan erasotua izan zen eta gertaera horrek bizitza irauli zion betiko.

Jipoi bat eman zioten inolako arrazoirik gabe. Ubeldurak baino ez gorputzean eta horiek erraz sendatu ziren. Hilabete batzuetara konturatuko da zerbait aldatu dela bere buruan. Beldurra du inongo arrazoirik gabe. Hori da nobelaren abiapuntua.

 

Ertzain-buruak antzekorik esango dio: “jipoitua izan zara baina sikiera ez zara bortxatua izan”.

Ez dute bortxatu, ez dago abusurik, ez dago lapurretarik, ez dago arrazoi politiko bat, ezta arrazarekin loturiko ezer… Hor dago gakoa. Ez dagoela inolako arrazoirik eraso hori egiteko. Eta inolako arrazoirik ez dagoenez, Saioarentzat denak izango dira susmagarri. Edonoren beldur da.

 

Beldurrari aurre egiteko, piluletan topatuko du soluzioa. Klaus izeneko trapitxero batengana joan da pilulak erostera eta Edyrekin topo egin du bertan. Ez dute elkar ezagutzen baina bien norabideak gurutzatuko egingo dira. Betiko.

Beldurrez bizi denez, Saioa psikiatra batengana bidaltzen dute. Honek antipsikotikoak ematen dizkio baina urte t´erdi pasa ondoren, psikiatra konturatzen da antipsikotikoek ez diotela laguntzen. Osatu beharra duela esango dio Saioari, gaztea delako eta bizitza osoa duelako aurretik. Eta pilulak kentzen dizkio. Baina beste eraso psikotiko bat pairatzen duenean, Saioaren amak pilulak erosteko toki ilegal bat topatuko dio alabari. Klausengana bidaliko du pilulak erostera eta han egingo du topo Edyrekin. Beste substantzia batzuen bezero da Edy. Klausen etxean zerbait gertatuko da, oso bortitza, oso indartsua. Horren ondorioz, lotuta geratuko dira biak. Saioa eta Edy. Eta horrek behartzen ditu toki itxi batean ezkutatzera.

 

Une horretan sartuko da jokoan Lander. Bere garaian, psikiatrikoan ezagutu zuten elkar Saioak eta Landerrek. Estualdian, Saioak laguntza eskatuko dio Landerri. Honek Aramotzera eramango ditu Saioa eta Edy, eta bertako etxola batean ezkutatuko ditu. Une horretan hiruko harreman bat sortuko da.

Nobelaren gako nagusietako bat hori da. Hiru pertsonaia horietako bi psikiatriko batean egon zirela luzaroan: Saioa eta Lander. Horrek azaltzen ditu bi pertsonaia horien hainbat erabaki. Muturreko egoeretan hartuko dituzten erabakiak ez dira seguruenik oso normalak izango.

Lunpena, trapitxeo giroa hobeto ezagutzen duena Edy da baina Edyk nahikoa portaera logikoa du. Erabaki zentzudunak hartzen ditu. Baina beste biek ez.

 

Hala ere, denek dute ezkutatzeko zerbait.

Denak daude mesfidati, denek ezkutatzen dute zerbait, baina aldi berean ezin dira banandu. Elkarren ondoan jarraitu behar dute. Egoera horrek muturrera eramango ditu gauzak; eztanda egiten duen arte.

 

Toki idiliko bat izan zitekeena, Aramotz, presondegi bilakatuko zaie. Txarrenean, Saioa konturatzen da akaso osatu egin dela guztiz.

Aldarte onean dagoenean, Saioa nahikoa eramangarria dela esan daiteke. Muturreko egoera batean ordea ez du normal jokatzen. 16 urterekin gertatu zitzaionarekin du zerikusia. Psikosi hori du buruan eta muturreko egoeretan oso gaizki bukatzen du.


“Amak ez daki nola jokatu alabarekin

Ama abokatua du Saioak. Alaba laguntzearren denetarik egiteko prest dago.

Ama on beharrez dabil, beste gauza bat da asmatzen duen ala ez. Protagonista nagusia Saioa da eta Saioaren testuinguru nagusia ama da. Azkenean psikosiak jota dago Saioa, etxetik irtetea ere sarritan kosta egiten zaio, jazarrita dagoela uste duelako. Bere testuinguru nagusia ama da baina harreman korapilatsua du berarekin. Azken batean, amak ez daki nola jokatu alabarekin.

 

Oso egoera zailean da Saioaren ama.

Psikiatrak Saioari esaten dio pilulak utzi behar dituela eta astiro-astiro bere aldarte normala berreskuratu eta beldurrak uxatu behar dituela. Baina amak ikusten duenean alaba estualdi betean, berak lortuko dizkio pilulak alabari.


Nobela beltzatik haratago

Lau atal ditu nobelak. Atal bakoitzaren aurretik Aramotz egitasmoarentzat eginiko elkarrizketak tartekatu dituzu. Polizia txostenak dirudite.

Kazetari baten idatziak dira. Aramotzen gertatu denari buruzko lan bat idatzi nahi du eta elkarrizketak egiten dizkie pertsonaia nagusien ingurukoei.

 

Saioa, Edy, Lander eta Saioaren ama hobeto ezagutzeko gakoak ematen dira orrialde horietan. Nobelako trama kontestualizatzen laguntzen dute, bide batez.

Atal horiek balio beharko lukete interesa sortzeko eta, neurri batean, datorrena iragartzeko.

 

Suspensezko film baten osagaiak ditu nobelak. Beldurrezko zinemarenak izan daitezkeen ezaugarriak ere bai.

Nobela beltzak edota poliziakoak daukan mugarik handiena da denak oso antzekoak direla. Ni beti mugak bilatzen ahalegintzen naiz eta kasu honetan uste dut thriller eta beldurrezko generoen arteko muga lausoan egon daitekeela kontakizuna.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.