Argonautak: esaldi zaharrak berritzeko artea

2015ean argitaratu zuen Maggie Nelsonek The Argonauts liburua: ez da auto-biografia, ez da saiakera filosofiko, ez da kronika, baina denetik du aldi berean.

Captura de pantalla 2019-01-02 a las 10.58.24

Zenbait liburuk ikus-min handia pizten dute, argitaratu aurretik ere. Zain daukate jendea. Atera eta berehala irakurri nahi ditugu eta esan: ez zen hainbesterako, edo, kontrara, bai, bazen, merezi zuen, loari kendu dizkiot orduak, ezin nion irakurtzeari utzi. Beste liburu batzuk ez ditu inork espero, autore horren enegarrena dira, izen ona du poeta gisa baina bere obra ez du publiko zabalago batek ezagutzen. Baina, halako batean, inor zain izan ez duen liburu horrek aldatu egingo du zerbait. Halaxe gertatu zitzaion Maggie Nelson idazleari 2015ean. Orduantxe publikatu zuen The Argonauts [Argonautak]. Ez da auto-biografia, ez da saiakera filosofiko, ez da kronika, baina denetik du aldi berean. Iaz itzuli zuten liburua frantsesera eta gaztelaniara.

Bizipenak, teoria eta poesia

Maggie Nelson (1973) idazlearen lana ez da erraz sailkatzekoa. Hain zuzen ere, horixe azpimarratzen dio Wikipediak: generoak uztartzen dituen idazle izatea. Adibidez, 2009an Bluetsizeneko liburua argitaratu zuen, urdinari buruzko gogoeta bat, eta, orobat, harreman bat utzi ostean eta lagun bat zaindu bitartean egindako dolu-prozesuaren kontakizun bat.

Guztira, bederatzi liburu publikatu ditu Nelsonek: bost dira ez-fikziozkoak (hala esaten diete), eta lau dira poema-liburuak. Baina, esan bezala, nahasiak dira denak, definitzeko zailak. Generoak uztartzeko lan horretan, hiru zutabe nagusiri heltzen dio Nelsonek: norbere esperientzia, teoria filosofikoa eta hitzak plastikoki lantzeko grina (poesia). Hots, Nelson gai da Wittgensteinen esaldi bat gure gorputzarekin eta bizitzarekin lotzeko eta esan nahi duen hori labur eta eder adierazteko.

Argonauten magia

Bederatzi liburu, hogei urte idazketari emana, eta, halako batean, arrakasta. Zein da Argonauten magia? Eta, agian, hasteko, nortzuk dira Argonautak? Bada, greziar mitologiako pertsonaiak, urrezko-ahariaren bila joan zirenak, itsas bidaian. Nelsonek, ordea, greziarrak ez baizik greziarrei tiraka frantziar batek esana zerabilen buruan liburua idatzi zuenean.

Hala dio:

 Barthesen esanetan, “maite zaitut” dioen subjektua Argonauten parekoa da, izan ere, “haiek, bidaian ari direla, itsasontziaren zatiak berritzen eta aldatzen baitituzte, baina itsasontziari berari izena aldatu gabe”. Denborak aurrera egin ahala, Argo itsasontziaren zatiak berritu eta aldatu daitezkeen eran, eta itsasontziak izenari eutsi, berdin gertatzen da maitaleak “maite zaitut” esaten duenean: esanahia berritu egin behar da esaldia erabili aldiro, “izan ere, horixe baita hizkuntzaren eta maitasunaren langintza, esaldiei ñabardurak eranstea, beti izan daitezen berri”.

Azken batean, besteak beste, maitasun istorio baten kontakizuna dugu Argonautak. Liburua non hasi, bada Nelsonek Harry Dodge artista ezagutzean, eta harekin maitemintzean. Artista trans bat da Dodge, eta haur baten gurasoa. Hala, bien arteko harremanaren eta elkarrizketen eta negoziazioaren bitartez, Nelsonek sakon jorratzen ditu guztioi eragiten diguten gaiak: identitatea, familia, eta norbere printzipioen arabera bizitzeak dakarren eguneroko konpromisoa eta lana.

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.