Gaur hasiko da (H)ilbeltza

Bosgarrenez egingo dute Baztanen (H)ilbeltza, literatura beltzari buruzko astea. Gaurtik hasi eta igandera arte, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Albiste honetan bildu ditugu xehetasun guztiak.

Captura de pantalla 2019-01-14 a las 8.07.19

Egitarau oparoa osatu dute (H)ilbeltzaren antolatzaileek: solasaldiak, liburu aurkezpenak, irakurraldiak… Jarraian duzue denei buruzko informazioa.

Urtarrilaren 14a, astelehena

19:30. Dashiell Hammetten Uzta gorria eleberriari buruzko solasaldia, Xabier Olarra itzultzailearekin, Arizkungo Medikuaren etxean.

1996an argitaratu zuen Igelak, lehen aldiz, Uzta gorria, Dashiell Hammettena. Iaz, berriro ere argitaratu dute, “liburu ikoniko” gisa jotzen baitute: “Uzta gorriak, gure ustez, bi helburuak betetzen zituen: irakurzaletasuna bultzatzeko balio zuen, eta literatur kalitatearen aldetik, sail beltzekoak ez diren beste hainbat maisulanen parean jartzeko modukoa zen.Uzta gorriak, eduki aldetik, balio zuen erakusteko meatzari-herri baten “buru eta jabe” zena prest zegoela, alde politiko eta ekonomikotik boterea edukitzeko, baliabide guztiak –zuzenak zein okerrak— erabiltzeko. Eta beste alde batetik, noski, bazen detektibe “izengabe” bat (Continental Op) –agentea– , prest zegoena dena hankaz gora jartzeko –bere alokatzailearen planei amore eman gabe–”.

Urtarrilaren 16a, asteazkena

19:00.  Koldo Izagirreren solasaldia: Jurgi kapitaina, Xabier Gereñoren doblea, Anizko Mendiarte elkartean.

Ez al duzu Jurgi kapitaina ezagutzen? Bada, orain, haren hiru abentura sarean irakurtzeko aukera daukazu. Hala bildu du Armiarma atariak: “Duela hiru urtetik sarean irakurgai zegoen Hiltzaile baten bila, Xabier Gereñoren nobela, mitikoa bihurtuko zen Jurgi kapitaina pertsonaiaren estreinako lana (1975). Ordukoan itsasontzi bateko kapitaina zen Jurgi Arregi, baina hurrengo nobelan (Espioitza) jadanik langabezian dago, eta Baionatik Bilbora joango da beharrera, detektibe agentzia batera. Laguntzaile etengabekoa bihurtuko zitzaion Peru Alikarekin batera, denetariko kasuak eta misterioak argituko zituzten nobela ugarietan, baita den-denak arrakastaz argitu ere. Gudari bat eta Iruineako asasinatzea nobelak ere horren adibide garbiak dira. Hirurak, 1977 urtekoak, eskura dituzu orain”. Xabier Gereñoren obraz eta Jurgi kapitainaren pertsonaiaz hitz egingo dug Koldo Izagirrek.

Urtarrilaren 18a, ostirala

19:00. Gontzal Agoteren solasaldia: Hemingway ere beltza zen, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

Zinema kritikaria da Agote, eta, oraingoan, zinema eta literaturaren arteko loturaz hitz egingo du. Horretarako, Ernest Hemingway idazlea hartu du ardatz. Haren lanak, izan ere, behin baino gehiagotan egokitu baitituzte zinemarako.

Urtarrilaren 19a, larunbata

11:00. Mahai ingurua, Elizondon: Hiria eta landa eremuaren trataera nobela beltzetan. Hizlariak, Itxaro Borda eta Edorta Jimenez. Moderatzailea: Ana Galarraga.

17:00. Hiru liburu aurkeztuko dituzten Erratzuko elkartean:

Kezko bola batek itoak birikak, Miel Anjel Elustondorena (Txalapartak argitaratu du liburua, (H)ilbeltza bekaren eskutik).

Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua, Edorta Jimenezena (Txalaparta).

Berriro itzuliko balitz, Xabier Etxeberriarena (Elkar).

19:00. Susmagarrien gaua izeneko jokoa egingo dute, Erratzun barrena.

Urtarrilaren 21a, igandea

11:00. Itzuli beltza: Bele Kamutsak Inauteetako Eskean. Arraiozen, plazatik abiatuta.

19:00. Irakurketa girotua: Chandlerren alde edo kontra, Mairu antzerki elkartearen eta (H)ilbeltzakideen eskutik. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.