Kalean da Maiatz aldizkariaren 67. zenbakia

Maiatz aldizkariak Durangoko Azokan plazaratu zuen 67. zenbakia, eta daogeneko harpidedunen eskuetan da. Ohiko moduan ahots ugari eta anitz kolabortzaileen artean, literatur genero ezberdineko ekarpenak, itzulpenak, literaturari loturiko albiste zenbait. 1918 amaitu zen gerla handiaz hainbat artikulu ere publikatu dituzte, eta Durangon bertan eskuratu ahal izan zen liburu bat: 14-18 oroituz, Jean Larruek gerlatik etxekoei igorritako euskarazko postalen bilduma, Lucien Etxezaharretak apailaturik.

14 18 oroituz

Poema, ipuin eta gogoeta laburrak dira protagonista zenbaki honetako kolaboratzaileen ekarpenetan. Aipatzekoa da haien artean Jakes Lafittek idatzitako Dolores Ibarruri trajeria pastorala osorik argitaratu dutela, eta itzulpenen artean Itxaro Bordak Dolors Miquelen poemak ekarri dituela, eta Josu Jimenez Maiak Wislawa Szymborskaren hitzaldi bat (Nobel saria jasotzean emandakoa) eta berrogei poema. 2018an zendutako Extefana Irastortza, Manex Pagola eta Junes Casenave Harigile idazleak ere haien testuen bitartez gogoan izan dituzte.

Egile hauen testuak jaso ditu aldizkariak: Amaiur B. Blasco, Aritz Mutiozabal, Ainhoa Urien, Juankar L. Mugartza, Alexandre Galardi, Mayani, Lola Sarratea, Eric Dicharry, Txomin Peillen, Eric Traonmilin, Jakes Sarraillet, Jakes Lafitte, Itxaro Borda, Josu Jimene Maia, Joseba Aurkenerena, Auxtin Zamora, Lucien Etxezaharreta.

Hauxe dio Maiatz aldizkariko azken zenbakiko sar-hitzak:

Mendeurrena, “la der des ders” izan beharra zen gerla horren gelditzea ospatu dute lerroz lerro Parisen handiki andana ederrak eta literaturazko aldizkaria deitzen dugun agerkari honek horren aipatzeari ez zen eskapurik. Tristezia eta etsipenetik ez zen erretx jaigitzea gerla madarikatuaren negarrak oraindik atertzen baitzaizkigu.

Kanpoko literaturaz hazten gara denok, hemengoa sortzean eta Wislawa Szymborska polonesa eta Dolors Miquel katalana gomita bereziak ditugu. Dolores Ibarruri, trajeria berri baten testuak, biziarazten du aldi honetan, pastorala batek trajeria hitza ez duela ebatsia, argi da Pasionariaren bidean.

Maiatz aldizkariak ateak idekiak dituela guziei errepikatu behar da sartzekotan garelarik 37. urtean. Blogak eta konektikako bideak euskarak beettzen ditu baina paperean gelditzea beharrezkoa da ere, behin behinekotasunak mende berriari bere memoria galarazten ari zaiolarik. Erran behar da ere sorkuntza lana dela, ez dela bere baitarik heldu, besteekilako trukaketa ezagutzatik adar berriak pizten dituen muskiletarik datorrela.

Eskerrak honen egiten eta idazlanekin aldizkari hau sortzen laguntzen duzuen guziei.

Eta esker berezi bat eman behar zaie Junes eta Manexi. Euskararen bizia laguntzen ari izan dira lur honetako hainbeste alorretan. Herriaren eta hizkuntzaren maitasunaz inguratu dute beren lana eta sorkuntza. Etorkizuneko bideetan argitzaile egonen dira.

maiatz 67

Gerlatik postalak

Harribitxia plazaratu du Maiatzek bere liburu bilduman: 14-18 oroituz izeneko liburua. Bertan Jean Larruek gerlatik etxekoei igorritako hamaika postal topatzen ahal dira, euskaraz idatziak guztiak, gerlaren lehen lerroko kontuen berri emanez, edo hobe esanda, gerla kontuak zentsuratuak izaki lerro arteko gatazka eta bestelako mila xehetasunez. Liburuan postalen argazkiak, eskuz idatzitako lerroak eta haien transkripzioak, senideen hitzak eta beste hainbat gogoeta topatzen ahal ditu bertan irakurleak. Liburua Christian eta Xabi Larrue senideek eta Lucien Etxezaharretak egina da.

Honatx Maiatzeko kideen azalpena, aldizkarian bertan:

Gerla guneetarik Milafranga eta Baionara bidali 220 karta postala euskaraz biltzen ditu liburu honek. Etxeko eta lagunei Jean Larruek gerla esplikatu nahi zien. Inork asmatzen ahalko ez zuen izugarrikeriaz nola hitz egin? Hussard zaldunekin Tarbetik fronteraino joana zela idazten ari zen etxekoei beldurra kendu nahiz eta konfiantza zerbait sartu nahiz gerla azkenean irabaziko zela. Eta eguneroko idatziak ziren, bizirik zela erakutsi nahiz, bistan da eta bere xortea harrotasun eta lasaitasunez inguratzen zuen. Konfiantza emateko aipatzen zituen hainbat tresna berri, bai artillerian, bai hegazkigintzan lehen aireplanoekin. Orduko postala asko propaganda hutsezkoak ziren, arrazakeri eta matxismo hutsak bilduz, gezurra eta mespretxua erabiliz alemanen aberekeriak asmatuz.

Mirakuluz atxikiak izan diren postalak dira eta parte bat baizik ez da hemen agertzen. Azpimarratzekoa da gaur egun “secret défense” deitzen den hori aplikatzen zela orduan: ez zen aipatu behar ez operazio militarrik ez eta ere nondik idatzia zen. Gerla labur batera ustez deituak zirenek laster ezin jasana zuten etxetik urrun izaitea, “permisione”rik ez zen izan urte batez, gainera horiek gutitu ziren euskaldunentzat desertore joan baitziren frago eta intsumituak ere zernahi baitziren. Itxura hunkigarri bat dugu hor, ordukoek beren pairamenak isildu baitzituzten. Hala ere lerroen artean zutik atxikitzen zituen maitasun eta amodioa nabaritzen da eta ere duintasun harrigarri bat, eginbidearen betetzea funtsezkoa zen horientzat, gaur nekez ulertzen dugularik batzuetan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.