Lautan hiru: antzerki txikien festibal handia

Lautan hiru izeneko antzerki-jaialdia antolatu du Euskaltzaindiak, beste hiru eragilerekin elkarlanean: Cafe Bar Bilbao, Bira kulturgunea eta Zazpi katu gaztetxea. Urtarrilaren 31n hasi eta otsailaren 21era bitarte, ostegunez, hiruna antzezlan labur ikusteko aukera izango da Bilboko Zazpikaleetan. Mendeurrena ospatu nahi du euskararen akademiak, eta, besteak beste, euskarazko antzerkia bultzatu. Jarraian bildu ditugu egitasmoari buruzko xehetasunak eta programazio osoa.

Captura de pantalla 2019-01-23 a las 10.47.39

Ostegun honetan abiatuko da Lautan hiru jaialdia: lau ostegunez, hiruna antzerki-pieza labur ikusteko aukera izango dute bilbotarrek. Euskaltzaindiak antolatu du egitasmoa, aurten mendea bete duela ospatze aldera. Erakunde horrek, baina, izan du laguntzailerik, eta Zazpikaleetako beste hiru eragilek kolaboratu dute proiektua osatzen: Cafe Bar Bilbao tabernak, Bira kulturguneak eta Zazpi katu gaztetxeak. Lauren egoitzatan erakutsiko dira jaialdiko antzezlanak.

Egitasmoak hiru helburu nagusi bete nahi ditu: euskarazko antzerkia hauspotzea, antzerkilariei beren lanak erakusteko guneak eskaintzea eta, azkenik, Zazpikaleetako giroan eragitea eta Bilboko kultur aukerak zabaltzea.

Sarrerak erosteko hainbat aukera egongo da. Hiru piezak ikusi nahi dituenak, laguntza-bonoa eros dezake aldez aurretik, 5 eurotan. BIRAn (Erronda kalea, 2) eta Euskaltzaindian (Plaza Barria, 15) salduko dira (50 laguntza-bono guztira), astebete lehenagotik. Pieza bakarra ikusi nahi duenak, berriz, 2 euroko sarrerak erosteko aukera izango du, gunean bertan, betiere bonoak ez badira agortu eta espazioen aforoak horretarako aukera ematen badu. Egitasmoak zaleen fidelizazioa bultzatu nahi duenez, ‘opariak’ zozketatuko dira, astero-astero, hiru antzezlanak ikusten dituztenen artean. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.

Egitaraua

Urtarrilak 31:
- 19:00 Cafe Bar Bilbao
Tabernaria (Mikel Martinez, 30 min)
- 20:00 Euskaltzaindia
Komuna (Irati Agirreazkuenaga, 20 min)
- 21:00 BIRA
Basatiaren mintzoa (Maite Arrese, 40 min)

Otsailak 7:
- 19:00 Euskaltzaindia
Mary’s dream/ Maryren ametsa (Amaia Ruiz de Galarreta, 14 min)
- 19:30 Cafe Bar Bilbao
XVI “Cafe Bar Bilbao” Gidoi Saria
Lurrun minez (Galder Perez, 25’ + Foruma)
- 21:00 Zazpi Katu
Morbus Operandi (Ane Zabala eta Aiora Sedano, 50 min)

Otsailak 14:
- 19:00 BIRA
Inor ez dator (Amaia Irazabal, 15 min)
- 20:00 BIRA
Deskontrolatuak (Karmele Larrinaga eta Iratxe Urkiaga, 25 min)
- 21:00 Zazpi Katu
Tomiris (Iñaki Ziarrusta, 50 min)

Otsailak 21:
- 19:00 Euskaltzaindia
Minus Ukittua (Telmo Irureta, 20 min)
- 20:00 Zazpi Katu
Maite(k)ale borroka  (25 min)
- 21:00 BIRA
Gudua (Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaia, 55 min)

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.