Käffka antzezlana estreinatuko dute igandean

Kaffkä izeneko antzezlana estreinatuko du Kamikaz kolektiboak igande honetan, hilaren 27an, Bilboko Pabellon 6 aretoan. Gehitu elkartearen enkarguz abiatu zuten lana, eta Ortzadar LGBT elkarteak ere kolaboratu du. Zuzendarietako batekin hitz egin dugu lanaz: Erika Olaizolarekin.

Captura de pantalla 2019-01-24 a las 8.18.32

Igande honetan estreinatuko du Kamikaz kolektiboak Käffka antzezlana, hilaren 27an, iluntzeko 19etan, Bilboko Pabellon 6 aretoan. Sarrerak salgai daude, hemen. Kamikazeko hiru kideek idatzi dute testua: Miren Gaztañagak, Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak. Zuzendari lanetan, berriz, azken biak ibili dira, eta oholtza gainean, beste bost aktore: Edurne Azkarate, Amaia Irazabal, Oier Guillan, Iraia Elias eta Mikel Ibarguren. Etorkizun distopiko batean kokatu dute obra, eta horri buruzko xehetasun gehiago jakiteko jo dugu Olaizolarengana.

Nola abiatu zen Käffka?

Kamikaz kolektiboko kideok enkargu bat jaso genuen Gehitu elkartearen partetik, oso enkargu zehatza, hau da, nerabeei zuzendutako antzezlan bat sortzea non lesbianismoa ikusgarri egiten zen. Mirenek [Gaztañaga], Amancayk [Gaztañaga] eta hiruok 2014 inguruan sortu genuen Kamikaz kolektiboa, eta, kolektibo bezala, elkarturik, baietz esan genuen. Hor hasi zen abentura. Bidean, Ortzadar LGBT elkartea ere batu zitzaigun.

Nola joan da antzezlana sortzeko prozesua?

Lehen fasean hiruok konpartitu genituen gure ideiak, aktoreekin bildu aurretik, eta prestatu genituen etxeko lan batzuk aktoreentzat. Gero, hiru egunez, inprobisazioak eta halako ariketak egin genituen aktoreekin. Hor jasotako materialarekin, testua idatzi genuen hiruok. Ondoren, udan, Mirenek proiektua utzi zuen, eta Amancayk eta biok geratu ginen zuzendari lanetan. Irailean hilabete batez egon ginen aktoreekin entsegutan, guk landutako testuekin, eta urrian aurre-estreinaldia egin genuen.

Zer moduz joan da zuzendari lana?

Kamikaz kolektiboa irekia da, adibidez, Amancayk eta biok film labur bat egin genuen [Zulo], Agur eta dolore pieza egiten dabiltza Amancay eta Miren… Irekia eta askea da. Proiektu hau jaso genuenean, hiruok ikusi genuen oso argi kanpotik bizi nahi genuela abentura hau. Amancayk esperientzia gehiago du zuzendari-lanetan, niretzat, ordea, lehen aldia zen horrela, modu honetan zuzentzen ibili naizena, pisu honekin, eta uste dut oso pertsonala izan dela hiruon prozesua. Potentea izan da, asko ikasi dugu.

Antzezlanean etorkizun distopiko bat sortu duzue. Hasieratik izan zenuten garbi hala egin nahi zenutela?

Hasieran Romeo eta Julietarekin hasi ginen, pertsonaia batzuk lantzen eta analisi batzuk egiten, jakin gabe zer norabide hartuko zuen. Gero, horrelako sortze prozesu batean hasten zarenean, pixkana-pixkana gauza batek beste batera eramaten zaitu, eta hasi ginen bilatzen kontestu bat. 2049. urtea, eta Käffka eremuak sortu dituzte. 2020. urtean zerbait gertatu da, hirugarren mundu gerra edo halako zerbait, eta, hori eta gero, gizartea berriro eraiki behar izan da. Gauzak ondo egin nahi dira eta denak oso kontrolatua izan behar du. Orduan, nerabezaroa nola den etapa pasionala, hormonala, alteratua, ba nerabezaroa pasatzen duzu Käffka eremutan, eta hor dauzkazu zure ikasgaiak, erakusten dizkizute gizarte berri horretako erremintak. Eta kontestu neurtu eta kontrolatu horretan, bi neskaren artean, bi neraberen artean, txinparta sortzen da. Ez genuen nahi gatazka izatea bi neska zirelako, baizik eta egitura bera gatazkatsua zelako.

Pozik geratu zarete emaitzarekin?

Bai. Orain berriro ere ari gara makinaria guztia martxan jartzen, eta distantzia horretatik konturatu gara irailean lan asko egin genuela, lan asko utzi genuen eginda. Oso kañeroa izan zen iraileko prozesua. Orain, lana arnastu dugu pixka bat, eta ederragoa izaten ari da, plazer gehiagorekin ari gara bizitzen.

Igandean estreinatuko duzue. Gogoz zaudete?

Bai, publikoarekin konpartitu nahi dugu. Orain arte, publiko heldua edo nahastua izan da, baina benetan gogoa daukagu nerabeekin testatzeko, zeren azken batean haiei zuzendua dago, nahiz eta publiko guztiari irekia egon. Nahi genuke denetik ateratzea pixka bat, eskoletan eta saio irekiak ere bai, ikusteko ea nola iristen zaion adin guztietako jendeari.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.