Infinitura begira dauden ahuntzak

 

Zertaz,
norentzat,
eta zergatik nahi duzu idaztea?

 

Badakit
ez dela mundu mailako problema bat
irakurle bakar bat izatea,
erdia, laurdena,
edo 0,3 irakurlea.

 

Zuk, adibidez, bazenekien idazten nuela.

 

Baina ezin diot utzi idazteari,
idazten jarraituko nuke
hurrengo urteetako Itsuen Epidemia erdian ere.

 

Non batuko lirateke bestela oskol eta lo?
Edo non esan nezake
bi denbora ditudala ohekide batentzat?

 

Ezin senti nezake txiza eta kaka eta alu idaztearen adrenalina,
edo Zu guztiak inorentzat idaztearena.

 

“Idaztea maitatzea dela”, “hori dela maitasuna”,
eta “beste gutxi”, esango lukete poeta-idazleek
planetako giroa sentikortasun sakon, amaigabe eta larros batekin epeldu nahiean.

 

Doazela mendira
infinitura begira dauden ahuntzen artera.

 

Nik ez dakit baina
hemen katoliko-moderno minduok
larogehi-bat urteko biziei eutsi
eta bitartean sentimendu zaharrekin idatziko diegu
sentimendu berriei.

 

Ze ezin diot utzi idazteari,
epealdiekin eta artikulazio sozialekin bat noa,
“naizen” izakiaren atzetik-aurretik-heze.

 

sitsek.blospot.com

 

 

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.