Emmy Hennings ez dada itzala

Emmy Hennnings-en Cabaret Voltaire sortu zuen Hugo Ball-ekin batera, baina batez ere bigarrena da normalean oroitua dena. Amu honetan Emmyren ekarpena, landutako gaia, eta azkenaldian plazaratu diren liburuak ekarri ditugu gogora.

emmy1_9_720x381

Julen Azpitartek abenduan Berrian idatzitako artikuluak ezin hobeto azaldu digu, lehen lerroetatik, Emmy Hennings-en historia:

“Emmy Henningsek (Flensburg, Alemania, 1885 Sorengo-Lugano, Suitza, 1948) Dada mugimendu artistikoaren egoitza bihurtuko zen Cabaret Voltaire abiatu zuen 1916. urtean, Zurichen, bere senar Hugo Ballekin batera; artean eta bestelako esparruetan gertatu ohi denez, baina, Henningsen ekarpena ahaztu edo ezkutatu egin da, gizonezkoen izenak lehenetsi ohi baitira arte historiako liburu eta ikerlan marduletan.”

Asko dira abangoardien garaia deiturikoan, XX. mende hasieran, mundu osoan artea eta kulturaren ikuspegia aldatu zuten korronte, -ismo eta mugimenduak, modu ekidin ezinean mundu mailan gertatzen ari ziren aldaketa politiko eta sozialekin bat eginez, haien isla eta elkar eragile. Surrealismoak, dadaismoak, kubismoak… atzera bueltarik gabeko kontzeotu aldaketa ekarri zuen rtera. XX. mende osoan jarraipena izan zuen iraultza estetikorako bulkada horrek, garaian garaiko gizarte konbultsio historikoekin parez pare, existentzialismoa eta absurdoaren arteko harremana kasu.

Tageskarte 31.07.13/ Theater/ Evelin Förster: Die Frau im Dunkeln

Gai honek baditu bere argitzalak, noski: beste hamaika kontuetan bezala, mugimendu hauen historia kontatzerakoan ezabatuak izan dira emakumezko sortzaile ugari. Azken garaietan pixkanaka ari dira azaleratzen garai hartako hainbat izen, liburu formatuan zein sarean, eta segur aski ez da kasualitatea: beste testuinguru historiko bat izan zen, bai, baina kasu askotan egun kulturan eta oro har han eta hemen feminismotik, queertasunetik, performatibitatetik erraiak astintzen dituzten hainbat eta hainbat aldarri eta sormen lanen aurre-arrastoak topa litezke emakume haien lanetan eta ideietan. Are gehiago, gaurko begiradatik historiara pasa diren gizonezko askoren lanak askoz kontserbadoreak iduri litezke emakumezkoenen eta sailkapen binarioei ihes egiten zieten sortzaileen aldean. Kasu, Gertrude Stein-en nobela esperimentalak, Mina Loy-ren manifestu feministak, edo Claude Cahun-en genero ez binarioko sortzailearen argazkiak.

Garaiko aldaketa estetiko zein politiko sakonek akaso badute ere erromantikotik eta inozentziatik zerbait. Gerra erraldoien aurreko garaiak dira, XXI. mendeak ekarri duen bortizkeria unibertsala, informazio gatazka eta pairamen ekologikoak ezin ziren aurreikusi oraindik. Baina kasu, Emmy Hennings-en obran dagoeneko azaleratzen ziren egun oraindik pil-pilean zeuden hainbat gatazka sozial: prostituzioaren estigmaren kontra idatzi zuen, besteak beste, Gefängnis (Kartzela) liburuan; kartzelaren bitartez sistema osoak eragiten duen errepresioa agerian utzi zuen liburu berean, batez ere emakume presoen azaletik mintzo; bere drogazaletasun basa agerian utzi zuen Die letzte Freude (Eterraren estrofak) poema sortan.

Cabaret Voltaire mitikoa aipatzen denean Hugo Ball izan da luzez berehala gogora etorri den izena, baina Hennings-ek eta berak elkarrekin sortu zuten dadaismoaren habiatzat jotzen den espazioa. Bere gaztaro osoan, bizi-esperientzia gogor, bazterreko, eta sarritan muturrekoen artean, harreman, maitale, kolaboratzaile ugari izan zituen garaiko sortzaile ezagunenekin. Eragile garrantzitsua izan zen beraz Emmy Hennings maila horretan ere, itzalean geratu diren hainbat eta hainbat emakume bezala.

“El paseo”ren liburuak

El paseo” argitaletxeak bi liburu plazaratu ditu azken urteetan Emmy Hennings-en obra eta bizitza ardatz, eta iragarria du hirugarren bat ere (La marca. Un diario). Batetik Dada aingerua (El angel dada, 2017) nobela grafikoa, zeinak protagonistaren bizitza kontatzearekin batera bere lana aldarrikatzen duen, itzaletik argira ateratzeko ahalegina eginez. el angel dada

Ildo beretik, bere bi literatur lanik ezagunenak biltzen dituen liburua ere argitaratu zuten 2018an: Cárcel nobela eta Estrofas del éter poemarioa. Carcelek ez ohiko narratiba bat dakar, ahozkotasunetik gertu dagoena, jarioa taburik gabe idazten duena. Lan honek badu autobiografikotik, akaso autofikziotik, Hennings bera kartzeleratua izan zelako, eta esperientzia hori izan zuelako ardatz liburu hau idazterakoan. Carcel 1919an plazaratu zenean kritika arrakasta eduki zuen, segur aski gerora idatzi zituen lanek eduki ez zutena. Liburuko hitzaurretik atera dugu aipu hau: “posizio urge baten babesik gabe ausartu zen alemaniako sistema judizialaren zitalkeriaz hitz egiten, eta emakumeen babesgabetasun egoeraz, bizirauteko prostituitzera derrigortuak eta ostera erruduntzat hartuak haien zerbitzuak erabiltzen zituzten gizonezko berberengandik”.

carcel

Estrofas del eter berriz 1913an publikatu zen, eta liburu honetan “Die Aktion” eta “Cabaret Voltaire” aldizkarietan modu sakabanatuan publikatutako beste poema batzuekin batera dator: drogak, prostituzioa, kabareta, taburik gabeko bizimodua. Edizio honetan nobela Hans Richterrek egindako ilustrazoez lagunduta dator.

KABARETAREN OSTEAN

Argia urratuz nator bueltan etxera.
Erlojuak bostak direla dio, badator egunsentia,
baina argiak oraindik argiztatzen du hotela.
Azkenean amaitu da kabareta.
Kantoi batean haur batzuk murtxikatzen,
nekazariak oinez merkaturantz,
zaharrak badoaz elizara isilik.
Dorreko kanpaiak joka zorrotz,
kizkur basatiak dituen puta bat
noraezean dabil gauak eta hotzak garaiturik.

Hugo Ball Donostian

Otsailean Hugo Ball ardatz duten jardunaldi batzuk antolatu ditu Tabakalerak. Egitarauaren barruan, Ball-en artea eta pinturari buruzko hitzaldi batetik abiatu eta Emmy Hennings-eri begirada zabaltzen dion performancea egingo dute, otsailaren 8an 19:00etan.

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.