Martxan da (H)ILBELTZA beka, Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko

(H)ILBELTZA beka antolatu dute, hirugarrenez, izen bereko elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz. Aurten, sormenezko lanak sarituko dituzte. Egileek maiatzaren 10era arte aurkez ditzakete beren proiektuak.

Captura de pantalla 2019-01-14 a las 8.07.19

Helburu argia du (H)ILBELTZA bekak: Euskal Herrian literatura beltza sustatzea. Horretarako, ordea, bi modu eskaintzen ditu: munduko literatura beltza euskaratzea eta euskarazko literatura beltza hedatzea. Beraz, bi gauza saritzen ditu, txandaka: jatorriz euskaraz sortutako lanak eta jatorriz beste hizkuntza batean sortutako lanen itzulpenak. Aurten, sormenezko lanak sarituko dituzte.

Aurreko irabazleak: Highsmith, Barambones eta Elustondo

Iazko deialdia itzulpenari egokitu zitzaion. Patricia Highsmithen The Blunderer nobela euskaratzea zen erronka, eta Josu Barambones suertatu zen garaile. Dena ondo bidean, 2020ko (H)ilbeltzan aurkeztuko dute itzulpena.

Aurten, berriz, lehen alea eman du (H)ilbeltzaren eta Txalaparta argitaletxearen arteko lankidetzak. Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu berri du Miel Anjel Elustondo, 2017ko bekak lagundurik.

2019ko deialdiaren oinarriak

Jarraian daukazue 2019ko bekaren deialdiaren oinarriak, laburturik. Informazio osoa, berriz, hemen daukazue.

Diru-laguntzaren xedea

2019ko deialdiak sormenezko lanak sarituko ditu.

Kopurua

Lagin irabazleari 3.000 € emanen zaizkio hasiera batean (2019ko ekainean) eta idatzia akitzerakoan bertze 3.000 €

Aurkezteko epea eta lekua

Deialdirat aurkeztu nahi dutenek, eranskinean heldu den bezala, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta bertze inondik moldatuak ez direnak. Formatu digitalean (PDF bertsioa) edo paperean aurkezten ahalko dute.

Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da. Eskaria egin beharko dute 2019ko maiatzaren 10a baino lehen Baztango Udaleko erregistroan.

Deialdi honetan parte hartu nahi duen orok Baztango Udaleko Erregistroan“(H)ILBELTZA BEKA” izena daraman gutun-azala hertsirik aurkeztu beharko du eta horren barnean, bertze 2 gutun-azal, horiek ere hertsirik:

1. Gutun-azala, “PROIEKTUAK” (gutun-azalean adierazi):

a)  Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b)  Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 30.000 karaktere ingurukoa, ez nahitaez kontakizunaren hasmentakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

2. Gutun-azala “IDAZLEA” (gutun-azalean adierazi)

a)  Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

b)  Laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.

“(H)ILBELTZA BEKA” dioen gutun-azal hori bertze gutun-azal batean sartu beharko du, erregistrorako behar dituen datuekin, erregistrorako nahi eta nahiez izen bat eman behar baita. Erregistroa egin bezain fite eta anonimotasuna mantentzeko, administrariak izena duen gutun-azala hautsiko du, bertze gutun-azala erregistro zenbakiarekin bakarrik heltzeko epaimahaikideei.

Posta arruntaz igortzeko aukera baliatu nahi duenak zertifikatua igorri beharko du, sarrera eguneko zigiluarekin, epez kanpo ez duela igorri ziurtatzeko.

Epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2019ko ekainaren 28a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe uzten ahal dute epaimahaikoek. Erabakia publiko egin baino lehen, Baztango Udala paratuko da irabazlearekin harremanetan.

Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 145.000 karaktere gutienez. Bitarte horretan egileak hasmentako proiektua aldatu nahi izanen balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

Sariaren onarpenarekin batera, idazleak hurrengo (H)ILBELTZA BEKAren sormen lanaren epaimahaian kide izatea ere onartzen du (2021).

Idazlan irabazlearen jabetza diru-laguntza jaso duen egilearena izanen da. Alabaina, lan horrek ezingo du bertze inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aitzinetik ez eta ondotik ere, argitaratu osteko sariak izan ezik.

Idazlana edo proiektuaren aurkezpena

Eskatzaileak laguntza emanen zaiola jakinarazi ondotik urte bateko epean aurkeztu beharko du idazlana; Epea gainditurik ez da lanik onartuko eta udalak emandako dirulaguntza erreklamatzen ahalko du.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Laguntzaren jasotzaileak liburua buruturik EUSKAL NOBELA BELTZAREN ASTEAren barnean egiten den IDAZLEEKIN SOLASEAN ekimenean parte hartuko du.

Balorazio, kudeaketa eta ebazpen organuak

Aurkeztutako lanak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko du. Bertan Udalaren ordezkaria (Joseba Otondo), Txalaparta argitaletxearen ordezkaria (Jon Jimenez) eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa (Castillo Suarez) egonen dira epaimahaiburu. Denek aurkezten ahalko dute beren ordezkaria, lan hori egitea posible ez badute.

Nolanahi ere, beka eman gabe utz daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu gutxieneko kalitaterik erdietsi.

Idazlanaren argitalpena

Deialdian parte hartzen dutenek horri buruzko arauak oro onartuko dituzte eta men eginen diete Baztango Udalak hartzen ahal dituen erabakiei; epaia apelaezina izanen da. Lehiaketaren oinarriak ez betetzeak lehiakidea kanporatzea ekarriko du berekin.

Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du idazlana. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei-zazpi hilabeteko epean karrikaratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena eginen da nahitaez.

 

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.