Fakirraren ahotsa harat-honat

Jakin-min handia piztu du Harkaitz Canoren azken eleberriak: Fakirraren ahotsa. Otsailean, lau irakurle-taldetan aztertuko dute, eta aukera baliatu dugu eleberriaren nondik norako batzuk biltzeko.

Harkaitz Cano_(c) Sushi Maky_1

Bazebilen hotsa, Imanoli buruzko liburu bat idazten ari zela Harkaitz Cano, eta bost urteren buruan iritsi zaigu Fakirraren ahotsa. Zain zeuzkan irakurleak, eta eleberria publikatu zenetik hilabete parea joan den honetan, argi ikusi dugu liburuak jakin-mina piztu duela. Otsailean, adibidez, lau irakurle-taldetan aztertuko dute Canoren liburua: Donostian, Bilbon, Larrabetzun eta Zestoan. Fakirraren ahotsa, ordea, ez da soilik Imanoli buruzko liburu bat. Eleberrian lantzen diren gaiei buruzko zenbait gako bildu dugu jarraian.


 Biografia txit literario bat

Txema Arinasek, gure atariko kolaboratzaile denak, eleberriari buruzko artikulu bat idatzi zuen orain dela pare bat aste, eta halaxe laburbildu zuen Fakirraren ahotsak eragin dion inpresioa:

 Badakit egileari ezer eskatzeko eskubiderik ez dudala, berak [Harkaitz Canok] liburua moldatu baitu bere kasa, libre, dotore, eta nire aburuz egiazko zein fikziozko Imanolek besteko argi-itzalak edukita ere ezin dut ukatu hasieran aitortutakoa, bukatu nahi ez nuela, aspaldi ez bezala astindu egin bainau onerako zein txarrerako, baita nire ustetan Fakirraren Ahotsa, ezer baino lehen, eta H.Ck lehen ere Beluna Jazzekin ederto egin bezala, musikari baten biografia txit literarioa delako, edo nolabait esanda ere, Javier Menendez Flores kazetariak Joaquin Sabina, Dani Martin edo Rober Iniestari buruz egindakoak baino milaka aldiz txukun, zintzo eta batez ere ausartagoa.


Artista bere hirian

Canok berak aitortu duenez, bazuen halako zor bat Donostiarekin, izan ere, bertan bizi arren, kosta egin izan baitzaio hiriaz idaztea, hirian bere pertsonaiak kokatzea. Oraingoan, ordea, Imanol hain pertsonaia donostiarra izaki, Gipuzkoako hiriburuak toki nabarmena hartu du eleberrian. Gaiaren inguruan galdetu zion Gorka Bereziartua kazetariak Canori, Argia aldizkariko elkarrizketa honetan:

G.B.: Donostiarekin kontu garbitze bat ere badago nobelan? “Ogerleko bat balio ez duen katedral neogotikoa” bezalako esaldiak irakurri ditugu…

H.C.: Narratzaileak dio hori, baina sinatuko nuke. 28 urte daramatzat Donostian bizitzen, baina ni hona iritsi nintzen 13-14rekin. Adin konplikatua da hiri baten lagun izateko: beti izan dut sentsazio hori, Donostiarekin maitasun-gorroto harremana daukadala. Hiri ederra da, ukaezina da, baina ba al daukagu federik hiriaren ederrean? Zu joaten zara Santiago de Compostelara –duela bi aste egon nintzen– eta ez dago ezer, ez dago noriarik, ez dago kaleko posturik, ez dago ezer. Hiria dago, bere jendearekin eta bere bibrazioekin. Eta esaten duzu: “Ze ondo”. Ez du ezer behar, hiria da eta biztanleek badute hiriaren baitan fedea. Eta sentsazioa daukat Donostiak, askotan, daukan eder horretan ez duela adierazten duen fedea, akonplejatuta ari garela konplementuen bila.


Artista bere bakardadean

Urtarrilaren hasieran elkarrizketatu genuen Harkaitz Cano [hementxe irakur dezakezue testua osorik]. Besteak beste, hausnarketa hauexek utzi zigun artistaren ustezko bakardadeaz eta artista izaeraren eraikuntzaz:

 Liburu hori erabili dut fetitxe bezala [Marguerite Yourcenarren Hadrianoren oroitzapenak], artista bakarti totalaren irudiari kontra egiteko. Nik uste dut desmitifikatu behar dela hori. Saiatu naiz Imanolen inguruko pertsonaiak izan zitezen bere eraikuntzaren parte. Izan ziren pertsona zehatz batzuk –eta liburuan hala agertzen dira– Imanoli benetan lagundu ziotenak bere pertsona eta pertsonaia osatzen, bere kantari izaera borobiltzen, bere talentua eta bere gaitasunak areagotzen eta horiek izan ziren askotan emakume oso zehatz batzuk, eta bereziki, aurreneko urteetan, Tatiana. Eta gustatzen zitzaidan, nolabait, Pigmalionen historia aldrebes kontatzea: Tatiana da bide batzuk erakusten dizkiona, berak bere kasa beharbada askoz beranduago topatuko lituzkeenak.

Artisten eta laudorioen arteko harremanaz ere galdetu genion, liburuko pasarte bat abiapuntu hartuta:

 “Laudorioa. Orain arte bizi ahal izan duzu hori gabe; hemendik aurrera, ez. Liseriketa azkarreko piztia da egoa: behin bere jatun-irensle kontzientzia esnatu delarik, ezer ez zaio aski izango, faltan izango du elika-dosia beti”.

Hala erantzun zigun Canok:

Pasarte hori berdin dagokio kantari bati edo idazle bati, argi eta garbi, hor ez dago alde handirik. Esango nuke idazle ez denari ere badagokiola. Laudorioek badute zerbait adiktiboa; gaur egun, gainera, sare sozialetan askoz ere nabarmenagoa eta errazagoa da funtzionamendu horretan erortzea. Liburuan ez da hitz egiten sare sozialei buruz baina pasarte hori bete-betean aplika dakioke. Laudorioaren drogomenpekotasunari buruzko pasarte bat da, eta, gaur egun, dependentzia hori, besteek gurekiko daukaten iritzi onaren dependentzia, ez al da inoiz baino altuagoa? Kritika txarrak onartzen jakin behar den bezala, jakin behar da onartzen zure gauzei buruz esaten dituzten gauza onak. Eta ez dakit bietan zein den zailagoa. Kritika txarrak jasotzea bezain zaila ez ote den zerbait ona esaten dizutenean onartzea eta digeritzea modu natural batean. Zein da hor hartu behar dugun jarrera? Non topatu behar dugu gure lur irmoa, lasai bizitzeko eta gure lanarekin jarraitu dezagun modu natural batean? 


Fakirraren ahotsa entzuteko otsaileko hitzorduak

Otsailean, lau irakurle taldetan aztertuko dute Canoren eleberria.

Gaur: Donostian, Udal Liburutegiko sotoan, 19:30etan.

Bihar: Bilbon, Bira kultur gunean, 19:30etan. Autorea bertan izango da.

Hilaren 19an: Donostiako Martutene auzoan, Etxarriene auzo etxean, 19etan.

Hilaren 20an: Larrabetzun, Anguleri kultur etxean, 19etan autorea bertan dela.

Hilaren 21ean: Zestoako irakurle taldean, autorea bertan dela.


This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.