Bidaia bat Bidasoan gora

Eneko Aizpurua idazle eta itzultzaileak eskuratu du Tene Mujika beka, historia hurbilarekin lotutako gaiak ekartzeko helburua duena. Hark zehaztu digunez, hauxe da lanaren xedea: “Bidasoa ibaiaren hondoan sedimentuak balira bezala metatu diren istoriak azaleratzea”. Irudia: Wikipedia.

Rio_Bidasoa

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak urtero antolatzen dute Tene Mujika beka, historia hurbilari buruzko lanak ekartzeko. Aurten, Eneko Aizpurua lazkaotarrak irabazi du. Aizpurua ezaguna izango du aldez aurretik irakurleak, hiru nobela argitaratu ditu eta: Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013) eta Lehertu da festa (2016); dean ere Erein argitaletxearen eskutik. Lanbidez, itzultzaile dabil, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Proiektuaren nondik norakoez galdetu diogu elkarrizketa labur honetan.

Ibai hondoko sedimentuak azalera

“Bidasoa ibaian gora egindako bidaia baten harira memoria kolektiboan lekua duten edo izan behar luketen hainbat istorio kontatzea” horixe da Tene Mujika bekara aurkeztu zenuen proiektua, eta horrexeri esker eskuratu duzu saria. Zein izan zen proiektu honen lehen hazia? Abiapuntua? Nola bururatu zitzaizun bekara aurkeztea? 

Aspalditik nerabilen buruan memoria kolektiboarekin lotutako lan bat idazteko ideia. Joan den urteko ekainean, Moldaviari buruzko bidaia-erreportaje batzuk idatzi nituen Berria egunkariarentzat. Herrialde hartan nengoen bitartean, bertako iraganarekin lotutako hainbat istorio ezagutzeko aukera izan nuen. Euskal Herrira itzuli berritan, puri-purian zegoen afrikar migratzaileen etorreraren auzia Irungo mugan, Bidasoa ibaiaren ertzean. Hamarkada batzuk lehenago Bidasoko muga zeharkatu zuten portugaldar migratzaileak etorri zitzaizkidan gogora. Neure buruari galdetu nion, zergatik ez idatzi Euskal Herriaren iragan hurbila eta oraina lotzen dituzten hainbat gertakariri buruz Bidasoa ibaia ardatz hartuta? Behin erabakia hartuta, proiektua idatzi eta Tene Mugika bekara aurkeztu nuen.

Lagin bat bidali duzu bekara. Kontatuko zenidake apur bat zer puntutan daukazun lana: argi daukazu zer gertakari landuko dituzun? Bideak ekarriko ditu gauza berriak? 

Bidasoa ibaiaren hondoan sedimentuak balira bezala metatu diren istoriak azaleratzea da lanaren xedea. Landu nahi ditudan gertakari nagusi batzuk zehaztuak ditut, hala nola Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean hil arte torturatutako Mikel Zabalzaren gorpua Endarlatsan agertu zenekoa, handik zenbait urtetara ETAk paraje berean Eduardo Lopez polizia bonba batez hil zuenekoa edo Gerra Zibila hasi berritan Pio Barojak eta ‘Aitzol’ek Beratik Lesakarako errepidean topo egin zutenekoa.

Bidasoa ibaian gora oinez egindako bidaia baten kontakizuna denez, litekeena da bidez bide aurrera egin ahala istorio berriak zaharrekin nahastea ibaiaren emarira urak biltzen dituzten ibaiadarrak balira bezala.

Prentsa-oharrean aipatzen dira gertakari horietako batzuk, gatazka politiko-militarrarekin, frankismoarekin eta gerra zibilarekin lotuak, adibidez. Oro har halako gertakariak bilduko dituzu, ala bestelako gaiekin loturikoak ere bai? 

Aipatutako gai horietaz gainera, migratzaileen istorio eta kontuek ere pisu handia izango dute kontakizunean. Iragan mendearen 60ko eta 70eko hamarkadetan Bidasoa zeharkatu zuten portugaldar migratzaileen istorioak egun Irunen muga ezkutuan zeharkatzen duten afrikar migratzaileekin istoriekin nahasten dira ezinbestean. Alde horretatik, atzoko gertakariak gaurko gertakariekin lotzea da Bidasoan gora eramango nauen bidearen helburu nagusietako bat.

Aurrez fikziozko lanak idatzi eta itzuli dituzu. Erronka handia da orain halako lan bati heltzea? Lagina idaztean, zer alde igarri duzu jardun baten eta bestearen artean? Eta antzekotasunak? 

Beti da erronka eta gozamen handia iturritik ur berria edatea. Baina lan hau egiteko oso baliagarria izango da niretzat aurretik fikzioaren iturri zaharretik edan dudan ur beti berria, materialen lanketa literarioa egingo baitut eta fikzioaren bidez jada landuak bainituen aurretik ez-fikziozko lan honetan agertzen diren zenbait gai. Esaterako immigrazioaren gaiak ere pisu handia zuen Errauts eta Herensuge gorriaren urtea nobeletan. Jakina, gai berak jorratu arren, ikuspegi eta teknika diferenteak erabili behar dituzu lan batzuetan zein besteetan, eta hor dago, hain zuzen, alde nagusia.

Aurreko eta etorkizuneko irabazleak

Historia hurbila hainbat ikuspegitatik lantzeko aukera eskaintzen du Tene Mujika bekak. Iaz, adibidez, Zuloa izeneko liburua argitaratu zuen Xabier Gantzarainek, eta 23 artelanen bitartez aztertu zituen Euskal Herriaren azken bizpahiru hamarkadan. Hementxe irakur dezakezue liburuaren inguruan egin genion elkarrizketa. Aurten, berriz, Kattalin Minerren liburua aterako da argitara. Minerrek transexualitatearen eta doluaren gaia landu ditu, Amaia-Aimar Elosegi gazte transexualak bere buruaz beste egin eta hamar urte joan diren honetan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.