Artedrama euskal laborategian izena emateko epea zabalik

Abian da aurtengo ADEL topaketetan izena emateko epea, Artedramak antolaturik. Egunean zehar antzerki ikastaro intentsiboak, iluntzeetan antzerki programazio irekia. Astebetez antzerki eztanda izan ohi da Aluestiko herria, pazko aste inguruan: aurten apirilaren 22tik 27ra izango da.

adel 19 afixa

Astebetez arima izerditzerainoko ikastaroak bertan izena ematen dutenentzat, eta iluntzero euskarazko antzerkia ikusteko aukera, formatu ezberdinetan. Hamalau urtez antzerkizaleentzako hitzordu ezinbestekoa izatea lotu du ADELek, eta ikastaroetako plazak agortu egin izan dira… 14 leku daue soilik ikastaroetan parte hartzeko.

Antolatzaileen esanetan, “ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL), arte eszenikoetan euskaraz aritzen garenon topagunea da; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den gunea. Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin”.

Astelehenetik larunbatera, 48 orduz guztira, 5 irakasleren tailerrak prestatu dituzte. Ikastaro guztiak euskaraz izango dira, eta matrikula 450 €koa (lotarako lekua eta otorduak barne). Aurtengo nobedade nagusia: emakumezkoak izango dira irakasle guztiak, “Eztabaidez ari garela, Artedraman bada denbora kezkatuta gaudela gure arloan emakumeok dugun ikusgarritasun faltarekin… Eta pentsatu dugu: ba aski, hasi behar gara etxetik, eta momentua da merezitako lekua emateko. Horregatik, 2019ko edizioan, gurekin izango ditugun irakasle guztiak emakumeak dira, euskal eszenan ekarpen ederrak egiten ari diren sortzaileak; hauexek: Laida Azkona, Laura Penagos, Getari Etxegarai, Estitxu Zaldua eta Iraia Elias”.

Irakasleak eta tailerren azalpenak

Laida Azkona

Laida, besteen artean  Francesco Scavetta (Oslo), Juschka Weigel (Berlin) nahiz Noemí Lafrance-rekin (Nueva York) aritu da lanean. Bakarkako ibilbidean, bere ardatza gorputz eta mugimenduaren bitartez material artistikoa sortzea da.

2013tik Txalo Toloza-Fernández sortzailearekin lan egiten du. 2016an “Extraños Mares Arden” ikuskizuna taularatu zuten, Azkona-Toloza gisa sinatzen duten eta neokolonialismoaz, kultura garaikideaz eta basakeriaz hitz egiten duen dokumental eszenikoen trilogia bateko lehen lana. 2018an “Tierras del Sud” estreinatu zuten, trilogiako bigarren obra.

laida

Tailerra: “Ikusten dena”

Galdetu diozu inoiz zure buruari nola begiratzen duzun? Pentsatu duzu nola ikusten duzun ondoan duzun hori? Eta zer den hari ikusten uzten diozuna? Azkenik, historia ber-idatzi badaiteke, eta gorputza ber-hezitu, posible dugu inguratzen gaituen hori ber-ikusten ikasi? Galdera hauek guztiak daude tailerraren oinarrian. Elkargune bat izango dugu, leku bat non gorputz biguin eta irekien bitartez, gure begiratzeko molde partikular eta bakarrak partekatuko ditugun.

Laura Penagos

Antzerkigintzan Bogotako Teatro Libre Eskolan (Kolonbia) graduatu ondoren, 2005ean Cartagenako Bolibar Arte Ederrak eta Zientzia Unibertsitatean aritu zen antzezpen eta ahots irakasle, eta 2006an Sabana Unibertsitatean ahozko adierazpen irakasle. Iruñeara etorrita, Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi zuen. Geroztik, Workcenter Jerzy Grotowski & Thomas Richards-en jarraitu du bere trebakuntza.

Bogotako Teatro Libre Eskolako talde profesionalarekin hainbat lanetan jardun da: “Hiru ahizpak” (Anton Txekhov), “Salemgo sorginak” (Arthur Miller) eta “Mutter Courage und ihre Kinder” (Bertolt Brecht), besteak beste.

Manvcodiata antzez-sorkuntza eratu eta “La pasión de Eva” aurkeztu du.

laura

Tailerra: “Antzez-alteritatea: neure nitik nire beste nira”

Tailer honetan batez ere geure gorputza eta ahotsa trebatuko ditugu antzez-adierazpenaren alorrean akrobazia aurreko ariketak, asanak, arnasketa, erlaxazioa, entzuketa aktiboa, ahots barrunbe durunditsuen lanketa eta kantuen bidez. Saio hauek ez dira esperientzia tekniko hutsean oinarrituko; aitzitik, norberaren eta bestearen desio eta asmoen elkarretaratze, harreman eta onarpenaren alorreko ikerketan sakontzea dute xede.

Getari Etxegarai

17 urterekin lanean hasi zen EITBko “Sorginen laratza” telebista saioan eta 19 urterekin euskal aktoreen batasunak, errebelazio saria eman zion “Lotsagabe” eta “Errudun jaioak” antzezlanengatik. Ordutik, etengabe aritu da ikasten eta lanean antzerki eta telebista arloetan.

Zuzendari bezala egin dituen azkeneko lanak honakoak dira:

-Xake Produkzioak-ek ekoiztutako “Mami Lebrun” (“Donostia saria” jaso duena) eta “Lur”. Biak, Kepa Errastik idatziak.

-”Maitakale borroka” Anodino antzerki konpainiarentzat eta “Alex Angulo” saria jaso duena.

Antzezle gisa, hainbat konpainiekin egin izan du lan. Gaur egun hiru obra desberdinetan ikus dezakegu: “Erlauntza” Kepa Errastik idatzia eta Mireia Gabilondok zuzendua, “Lyceum Club” Maria Goiricelayak idatzia eta “Erbeste” Mikel Fernandinok idatzia, Anodino antzerki taldearentzako eta Donostiako “Poltsiko saria” jaso duena.

getari

Tailerra: “Antzezlea, sorkuntzarako makina bat bezala”.

Burmuina muskulo boteretsu bat da; bai, baina gure gorputzeko beste muskulo guztiak bezala, landu eta zaindu behar dugu. Askotan ikusten ditugu antzezleak, haien gorputzak zaintzen jaten dutena begiratzen, luzaketak eta gimnasia ariketak egiten, ahotsa berotzen… Baina nor ikusten dugu burmuin beroketa bat egiten? Modu asko daude burmuina lantzeko; istorioak sortzea bat da, agian niri gehien gustatzen zaidana, honekin, imaginazioa garatzeaz gain, beste hainbat gauza ere lantzen baititugu. Beraz, hauxe da nire proposamena, zortzi ordu hauetarako: burmuinari eragingo diogu, gure imaginazioari, inprobisaketa jolas eta ariketa batzuen bitartez. Beste modu batean esanda, istorioak sortuko ditugu guztion artean, beren hasiera, korapilo, bukaera eta guzti.

Estitxu Zaldua

Donostiako TAE-n eta Laboratorio de Teatro W. Layton-en (Madrid) ikasi zuen. Escéni@-n (Granada) eta Madrilen Mar Navarrorekin antzerki fisikoan diplomatu zen. Institut del Teatren (Bartzelona) Arte Dramatikoan dago lizentziatua, antzerki fisikoaren espezialitatean. Bere ikasketak Rose Bruford Speech & Draman (London) amaitu zituen. Hainbat konpainia katalanekin lan egin du aktore moduan eta Roberto Oliván, Andrés Corchero eta Moreno Bernardi bezalako koreografoekin lan egin du. Scuola Europea per l’arte dell ’attorearen beka irabazi zuen eta N. Karpovekin ikasi zuen biomekanika. Rubik konpainia sortu zuen 2013an Juanjo Herrerorekin batera eta hainbat ikuskizun sortu eta Poltsiko Antzerkia eta Zubi Sariak irabazi dituzte. Carmen operaren mugimenduko asistenzia zuzendu du Kursaalean, Gontzal Mendibilen Gau Maijkoa musikalaren zuzendaritza eszenikoa burutu du eta 2016etik Bilboko ESADD-eko irakaslea da (DANTZERTI).

estitxu

Tailerra: “Gorpuztu espazioa / Gorpuztu objektua”.

Gorputz eta espazio kontrola ezinbestekoa da eszenatokian antzeztu behar duen edozeinentzat; bere inguruan dagoen ororen ezagupena izan behar du. Horregatik ikastaro honetan kinesfera, espazioaren lerroak, geometria, tentsioak, indarrak, gorputza eta objektuaren arteko erlazioa ikusiko ditugu. Talde lana, entzumena eta sinergia landuko dira beroketa aktoral baten bitartez. Antzerki fisiko eta bisualak dituen sormen aukerak usainduko dira, objektuekin jolastu eta beste adierazpen sinboliko eta metaforikoak ikertuko dira.

Iraia Elias

2001ean diplomatu zen irakasle bezala heziketa bereziko espezialitatean. Era berean antzerkiarekiko interesak Donostiako TAEn antzerki ikasketak egitera bultzatu zuen, baita adar ezberdinetako antzerki ikastaroak egitera ere han eta hemen. Azken esperientzia Buenos Airesen izan du 2016.urtean, Lecoq-en pedagogian oinarritzen den antzerki sorkuntza eta mugimenduzko CABUIA eskola internazionalean. Urte hauetan guztietan proiektu ezberdinetan hartu izan du parte eta proiektu kuttunen artean daude Ainhoa Alberdirekin batera sortutako TTAK TEATROA (2009) eta METROKOADROKA KOLEKTIBOArekin eginiko lanak.  Zineman berriz, Koldo Almandozen Oreina eta Asier Altunaren, Amama filmean jardun zuen.  Momentu honetan oso maitea duen Agur eta dolore lanarekin dabil, eta baita Käffka proiektuan ere.

iraia

Tailerra: “Musikaren mugimenduetatik gorputz partituretara”.

Musika eta erritmoa hartuko ditugu oinarri ikastaroan eta gorputza hortik jarriko dugu mugimenduan.  Nola da musikaren arabera mugitzea? Musika bera izatea? Nola musikaren kontra mugitzea? Zein mugimendu sortarazten dizkidate erritmo eta doinu ezberdinek? Nora eramaten gaituzte? Zein iruditegira? Nola gorpuztu? Imajinazioa, musika, erritmoa, gorputz partiturak, entzumena, hitzak, jolasa eta esperimentazioa.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.