Pasatu dira Kerouac eta Drakulic

Pasazaite argitaletxeak argia du helburua: kalitate oneko literatura garaikidea euskarara ekartzea, pasa dadila gurera. 2018an, bi izenburua ekarri dituzte: bata, AEBetako literaturako klasiko bat, eta bestea, ordea, Kroaziako idazle ezagunenetako batek Bosniako gerraz idatzitako eleberria.

Untitled collage

Presarik eta etenaldirik gabe, Pasazaite argitaletxeak atzerriko literatura garaikideko harribitxiak ekarri ditu euskarara, urtero-urtero, 2012az geroztik. Argitaletxe horri esker ezagutu dugu, adibidez, Birgit Vanderbekeren muskuilu-janaldi ozpina eta Ioana Zuñigaren ipuin labur-laburrak.

Iaz ere halaxe egin zuten, eta bi eleberri ekarri zituzten, guztiz ezberdinak. Jarraian bildu ditugu bi lanei buruzko xehetasunak.

Errepideari gorazarre

1957. urtean argitaratu zuen estreinako aldiz Jack Kerouac idazleak Errepidean, haren lanik sonatuena eta Beat belaunaldiaren itsasargi mitikoa. Abaila batean idatzi omen zuen obra Kerouac-ek, hiru astean, eta paper bilkari luze-luze bat erabili omen zuen, hala, parrastada batean bota zuen dena, eta, ondoren, ez zuen emaitza editatu nahi izan.

Bi protagonista nagusi ditu nobelak: Sal Paradise narratzailea bata, eta Neal Cassady haren kidea bestea. Bien bidaiak ditu hizpide liburuak, denak ere errepidez eginak: AEBetako ekialdetik mendebaldera, atzera buelta, Mexikora ondoren.

2018an, Iñigo Roque itzultzaileak euskaratu zuen nobela, eta haren lanari eta Pasazaiteren ekinari esker, hementxe daukagu munduan barrena hainbeste jende liluratu duen lana, eta errepideari ez ezik, autoei ere gorazarre egiteko baliatu izan dena telebistako iragarkietan.

Ezagutu nahi duenak, hona hemen pasarte mitiko eta argigarri bat:

(…) kalean barrena zihoazen dantzan, bi ziba ero bezala, eta ni haien atzetik joaten nintzen, dandarrez, jende interesgarriarekin jokatu ohi nuen bezala, zeren axola zaizkidan pertsona bakarrak grinatsuak dira, bizitzarako grina, hizketarako grina, salbatuak izateko grina dutenak, dena aldi berean irrikatzen dutenak, sekula aharrausi egin ez edo klixerik erabiltzen ez dutenak, eta, horren ordez, sutan, sutan, sutan daudenak suziri beilegi miresgarriak bezala, armiarmen tankera hartzen baitute izartegian eztanda egitean: erdiko zapart urdinxka hori ikusten duzu, eta denak hasten dira «Haraaaaa!».


Gerraren latza

Irakurleari, bestalde, ez zaio agian hain ezaguna suertatuko Amaia Apaulazak itzuli duen eleberria: Han ez banengo bezala, Slavenka Drakulić idazle kroaziarrarena. Pasazaiteren webguneak dioenez, nazioartean gehien irakurtzen den idazle kroaziarretako bat dugu Drakulic, bereziki Balkanetako gerrako krimenez egin dituen analisi zorrotzengatik.

Hain justu ere, Bosniako gerran dago kokaturik Han ez banengo bezala. S. izeneko protagonistak Suediako erbestetik oroituko du gerra haren alderdirik izugarrienetako bat: emakumeen aurkako bortizkeria. Liburuaren hasieran, ospitalean aurkituko dugu, erditu berritan, eta hala hasiko da oroitzapenen matazari tiraka.

Argitaletxeko oharraren arabera, protagonistak “gerrako bere bizipenen kronika egiten du, nola atzeman zuten, nola atxiki zuten esparru batean beste emakume batzuekin batera, nola jasan zituen soldaduen sexu-abusuak… Eta harrigarriena, beharbada, nola ernatu zitzaion bizirik irauteko sena”.

Ezagutu nahi duenarentzat, hona amua:

Izakia lo dagoelarik, hari begira dago S., eta F.-rekin oroitu da. Zagrebeko iheslari-esparruan erditu zenean, S. ere haren logelan zegoen. Zortzi emakume burdinazko literaz osaturiko logela mehar batean. F.-k, burko bat hartu, eta haur jaioberriaren gainean estutu zuen. Gogoan du neskato ttar bat zela. Odola ere garbitu gabe zeukan oraindik, eta batik bat horixe aurpegiratzen zion S.-k… Ondoko oheko emakumeak moztu zion zilbor-hestea, aizto arrunt batez. F.-k indarrez estutu zuen burkoa haurraren gainean. Haurra burkoaren azpian ezkutatuta geratzeraino. Hamar minuturen buruan, esan zuen: «Bukatu da». Ondoko emakumeak, orduan, gorputto maskala hartu, eta Unikonzum-eko plastikozko poltsa urdin batean sartu zuen. S.-k ez zuen jakin zer gertatu zen poltsa harekin. Akidura besterik ez zuen ageri F.-k aurpegian. Geroxeago, jaiki, eta berak garbitu zuen odolez zikinduriko burko-azala.

S.-k ere gauza bera egin lezake beharbada. Presio pixka bat, eta istant batean bukatuko zen dena, bai beraren oinazea, bai haurrarena. Ninia bare-bare dago: ziurrenik, ez litzateke deusetaz ohartuko. Eskua jaitsi, eta kasik ukitu du. Haren azalaren epeltasuna sentitu duelarik, bihotz-taupadek dardara batean jarri diote bularraldea. Kolpetik kendu du eskua, erretzeko beldurrez balego bezala.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.