Abian da haur literatura sustatzeko Mikel Zarate Saria

Martxan da Mikel Zarate Sarien hamargarren edizioa: Elkar argitaletxeak eta Lezamako udalak antolatzen dute lehiaketa, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz. Albiste honetan bildu ditugu deialdiaren xehetasunak.

Zarate

Azken hamar urteotan, haur literaturako Mikel Zarate Saria antolatu dute Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz eta euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar idazlearen gogoan hartuta. Maiatzaren 31ra arte aurkez daitezke lana, eta jarraian dauzkazue deialdian parte hartzeko baldintzak:

Idazlan mota
Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Parte-hartzaileak
Lehiaketan parte hartzeko gutxienez 18 urte izan beharko dituzte parte-hartzaileek.

Neurria
Makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita, gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50.

Nola aurkeztu
Hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu barik, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.

Nora bidali
Idazlanak helbide honetara igorriko dira:
Lezamako Udala – Mikel Zarate Haur Literaturako Saria
Aretxalde, 1
48196 Lezama

Epeak
Lanak hartzeko lehenengo eguna 2019ko otsailaren 18a izango da eta maiatzaren 31 azkena. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna, ostera, 2019ko ekainaren 30 izango da.

Epaimahaia idazle hauek osatuko dute
Leire Bilbao Barruetabeña
Miren Agur Meabe Plaza
Xabier Mendiguren Elizegi

Saria
Sari bakarra emango da: 3.000 eurokoa (zenbateko gordina). Epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego saririk ez litzateke emango.

Argitaratzea
Elkar etxeak argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik. Alabaina, idazlea izango da lanaren jabea eta ohiko moduan ordainduko dizkio argitaletxeak egile-eskubideak.

Saritu gabeko idazlanak
Saria irabazi ez duten egileekin harremanetan jarri ahalko da argitaletxea; osterantzean, Datu Pertsonalen Babeserako Legeak dioena beteko da; baztertutako idazlanen kopiak, berriz, suntsitu egingo dira.

Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzarik agertuko balitz, epaimahaiari dagokio hura argitzea, eta hark egingo ez balu antolatzaileek erabakiko lukete.

Argibide gehiagotarako hona jo daiteke:

Lezamako Udala: liburutegia@lezama.org edo 944556126
Elkar argitaletxea: liburuak@elkar.eus  edo 943310267

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.