Aintzane Galardiren poemak: “Neguko paisaiak”

Aintzane Galardi idazleak poema sorta bat proposatu digu “Sinadurak” atalean, Neguko paisaiak izeburupean. Poesia, pintura, eta elur jendea. Aurrerantzean hilean behin izango du segida sorta honek.

Aintzane Galard

NEGUKO PAISAIAK

 

MONOKROMIA ZURIA

 

Pachelbelen Canona dabil airean

Pissarroren pintzelada zuriekin dantzan.

Maluten epifania.

Kontenplaziorako unea da,

mistizismoaren gaindia.

Ezin besterik esan;

paletako gainontzeko koloreak

soberan dira gaur paisaia honetan.

 

ELUR URDINA

Giacomettiren mendi elurtuan

tinta urdina lehertu zaio

edertasunari.

 

Giacometti

Giovanni Giacomettiren “Mendi elurtuak”

 

ELUR-PAISAIA

 

Elur-ekaitza maite zuen margolaria zen Turner,

eta elur-paisaiak liluratu zuen Amiet Cuno.

Bazekiten biek, maluten eroria zela

edertasunak hitz egiteko

aukeratu zuen hizkuntza.

 

Amiet Cuno

Amiet Cunoren “Neguko paisaia txikia”

 

ARKADIA ELURTUAN

 

Arkadia elurtuan, isiltasunaren tenpluan,

elur jendea batu da mutu:

Virgilio, Apollinaire, Michelangelo…

Virgilio 11. egloga idazten hasi da,

Apollinaire kaligrama zuria,

Michelangelo elurrezko estatua bat

zizelkatzen ari da.

Haizeak ninfen irri lotsatia dakar

eta malutak musuka hasi dira

lurrera heltzean.

 

Baina elur jendea ustekabean urtzen da.

Eta orain, obra inperfektuak miresten

ikasi behar!

 

AGERREKO TXARA

 

Olatu gris-garaiak datoz

zeruan barrena, itsumustuan,

tximinietako keetan eztulka,

haizearekin borrokan.

Baserrian, kontraleihoak itxi

eta irratia piztu du etxekoandreak.

Atsedenerako unea da.

Kanpoan, izara beltzez estali ditu

ilbeltzaren gau hotzak

amildegiko landare irauliak

eta hesi okertuaren nekea.

 

Barbara Lewisen binilozko ahotsa

hedatu da gauean barrena…

This entry was posted in si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.