Apirilaren 8an amaituko da Jaurlaritzaren kultura sorkuntza diru laguntzetara aurkezteko epea

Iaz lanak aurkezteko epea uztailean izan bazen ere, aurten apirilaren 8an jarri dute lanak aurkezteko epea. Eusko Jaurlaritzak hainbat arte diziplinetan kultura sorkuntza sustatzeko diru laguntza deialdia zabaltzen du. Idazketarekin zerikusia dutenen artean, literaturarekin zerikusia dute zentzu ertsi batean gazteei zuzendutako euskarazko literatura testuen sorkuntza eta ipuinak eta eleberri motzak sortzeko laguntzak, baina baita ere gidoigintzari loturikoak: antzerkia eta zinema gidoiak.

idatzi lehiaketa_content

Hainbat arlo artistikori begira zabaltzen du Eusko Jaurlaritzak “kultura sorkuntza” diru laguntzen deialdia: musika konposizioa, koreografia sorkuntza… Idazkuntzari dagokionez, hainbat arlotako deialdiak daude:

Literatura

Literatur idazketari dagokionez, euskarazko sorkuntzara bideratutako bi laguntza deialdi daude:

Batetik, gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak sortzeko diru-laguntzak. 12-18 urte arteko gazteei zuzendutako literatura-testuak sortzea da xedea. Guztira, 40.000 euro banatuko dituzte; bost laguntza emango dituzte, bakoitza 8.000 eurokoa. Diruz lagunduko duten bukaerako testuak 100.000 karaktere izan beharko ditu gutxienez.

Bestetik, euskarazko ipuinak eta eleberri motzak sortzeko diru laguntzak. Aurkeztu beharrekoak: idatzi beharreko testuaren lagina, gutxienez 5.000 karakterekoa, azalpen-memoria, bukaerako testua sustatzeko plana argitaratzeari begira. Literatura-testuak sortzen laguntzeko, guztira 40.000 euro daude. Bost laguntza emango dira, bakoitza 8.000 eurokoa. Diru-laguntza hauek gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatura-testuak –ipuin nahiz nobela motzak– sortzea sustatzeko dira.

Gidoiak

Zinema gidoigintza dago akaso literaturatik urrunen, baina badu idazketara begirako bere deialdia.

Antzerkirako testuen deialdiak teatro-testuei erreparatzen die dramaturgiari baino gehiago, literaturatik gertu beraz. Lau laguntza plazaratzen dira gazteleraz eta beste lau euskaraz, 6.500 eurorekin lagunduko da bakoitza. Antzezlanaren kasuan, balizko laginaz gain, argumentuaren sinopsia, proiektuari buruzko azalpen-memoria eta tratamendu dramaturgikoa (lagina) bidali behar dira, egilearen ibilbide artistikoa azaltzeaz gainera.

Album ilustratuak

Komiki, nobela grafiko edo irudidun album formatuko liburu bat osatzen duten ilustrazioak sortzeko prozesuak laguntzeko dira laguntza hauek.  15.000 euroko 4 laguntza komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat.

Aurkeztu beharreko lagunari dagokionez, hauek dira eskakizun batzuk:

-Ilustrazio lanaren oinarri izango den gidoi literarioa, pertsonaien deskribapena eta argumentuaren sinopsi osoarekin batera. Gutxienez 8 orriko gidoi zehatza.

-Egin beharreko ilustrazioaren lagin bat, gutxienez marraztutako 6 orri dituena eta horietako bat amaierako emaitzarekin.

-Argitalpen kontratua edo konpromiso eskutitz irmoa argitaletxe batekin obra argitaratzeko, edizioaren ezaugarri tekniko eta fisikoak jasotzen dituena. Argitaletxeak frogatu beharko du azken hiru urteetan hiru obra argitaratu dituela.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.