Yoseba Peña: “’Hariak’ ez dut gizon baten ahotsetik idatzi, baizik eta gizon baten belarritik”

Yoseba Peñaren (Sodupe, 1977) bigarren nobela da Hariak (Susa, 2018). Euskal Herriaren historia hurbilaren pasarte bat dakar literaturara, hiru emakumeren bizitzak baliatuta aitzakia gisa. Baina elkarrizketa hau literaturaz baino gehiago da…

YOSEBA 2

Euskal Herriaren historia ez hain urruna kontatu duzu Hariaken. Zein izan da hazia?

Bene-benetako hazia gure birramama izan zen. Nik lau belaunaldi ezagutzeko zortea eduki dut. Birramama, amama eta ama genio handiko eta bihotz handiko pertsonak ziren, baina bakoitzak gizarteak emandako marka zuen. Hasi nintzen pentsatzen noraino daukan gizarteak boterea gure izaera moldatzeko… Konturatu nintzen nahi nuela gure birramamatik gure amagainoko eboluzio hori kontatu. Emakumeek izugarrizko pisua izan dute gure etxean.

Kokapen historiko potentea egin duzu, baina istorio humanoek dute pisua.

Bertolt Bretchek Langile baten galderak liburu baten aurrean poeman galderak egiten ditu: Felipe II.ak bakarrik egin zuen negar bere armada urperatu zenean? Erromatarrek konkistatzen zutenean, zeinek konkistatzen zuen, Zesarrek bakarrik? Beti egon da historia maiskularekin idazteko tendentzia. Ahalegindu naiz ezezagunen istorioen bitartez kontatzen ezagunena. Denok gara historiaren biktimak.

Ruper Ordorikak zioen inork ez ziola esan euskaldun izatea zeinen nekeza den. Hariak irakurrita, horri gehituko nioke “ezta emakume izatea ere”…

Zapalkuntza hirukoitzaren teoria da: zapalduak emakume, pobre edo langile, eta gainera euskaldun izateagatik. Hori kontatu nahi nuen. Nire birramamaren istorioak ez zidan balio, Asturiasekoa zelako. Berak bi zapalkuntza sufritu zituen, baina hirugarrena ez, eta asko dago horren inguruan kontatzeko.

Irene, Xexili eta Olatz. Kapituluei izena ematen dioten emakumeen lekuan jartzea erraza egin al zaizu?

Fikzio gehiago egitera bultzatu nau, dena pentsatu behar izatera. Protagonistak emakumeak izanik, eta ni gizonezkoa, detaile ñimiñoenak ere pentsatu behar izan ditut: hitz egiteko forma, sentitzeko forma, bizitzeko forma. Ez dago idazketa automatikorik. Elkarrizketa mordoa egin dut hori haragiztatzeko eta mamia ateratzeko.

Liburu honen atzean dokumentazio lan handia dago. Su motelean egindako nobela izan da?

Aurreneko apunteak duela 20 bat urte-edo hartuko nituen, gure aitaren amari egin nion elkarrizketa batean. Garaileen familia batean jaio eta hazitakoa zen. Asko kostatu zitzaidan gauzak ateratzea, oso gerra erosoa pasatu baitzuen.

Irenetik Xexilira, belaunaldi salto bat bada. Ez zenuen planteatu Joxepiri beste atal bat eskaintzea?

Joxepi da pena gehien ematen didan pertsonaia, baina oso argi neukan biktima izango zela, eta ez protagonista. Hor dago Esti ere, Xexiliren ahizpa gaztea. Baina nik ez nuen kontatu nahi zer sentitu zuten Parisera joan ziren gazteek, baizik eta zer sentitu zuten hemen geratu zirenek. Haustura oso interesgarria dago 40. hamarkadan eta 50.ean jaiotako emakumeen artean. Batzuk nolabait Elizaren hatzaparretatik eskapatu ziren eta esnatzen hasi. Ahizpa zaharrek ikusi zuten haientzako itxita zegoen mundua zabaltzen zela besteentzat. Interesatzen zitzaidana pertsonaien eta belaunaldien arteko tentsio hori erakustea zen.

Hariaken konbentzioak hausten saiatzen diren emakumeak zigortuak dira.

Gizarteak gutxi barkatzen digu gizonoi, baina emakumeei, batere ez. Garai batean, Ireneren amak egin zuena ez zen barkatzen. Horretan oso espainolak izan gara eta inkisizioa oraindik gure buruetan sartua dago. Esaterako, gure birramama oso politikoa zen. Gerran, bost seme-alabak hartuta Frantziara alde egin zuen. Gure birraitita herrian geratu zen. Erbestetik bueltatu zirenean, birramama konturatu zen senarrak neska bat hartu zuela etxea garbitzeko, eta zegokiona baino gehiago ari zela garbitzen. Hain puskatzaile eta iraultzaile izan zenak, dena irentsi behar izan zuen. Istorio horiek isildu egiten dira. Emakume normalek hori jasan zuten eta hori kontatu dut.

Olatzek seme bat izaten du. Ama-alaben katea moztu beharra sentitu zenuen?

Istorioarekin puskatu nahi nuen. Emakumea izango ez zen pertsonaia bat sartu nuen, bestela Haritz neskaren istorioa ere kontatu beharko nuen…

Ez zenuen tentaziorik izan 80. hamarkadatik honakoa kontatzeko?

Kontatu nahi nuen istorioa nik ikusitakoa zen. Gure arreba ez da ama, amama eta birramamaren ezpalekoa izan. Pertsonalki, nire historia hor bukatzen zen, eta horregatik bukatu nuen hor.

Hiru galdera erantzun nahi omen zenituen. Lehenengoa, ea nola demontre iritsi ziren 36ko gerran bizilagunak elkarri halako mina egitera…

Asko irakurri dut nazismoaren inguruan. Asko interesatzen zait krudelkeria eta gaizkiaren banalitateaz Hannah Arendtek esaten zuena. Galdera hori erantzuteko perspektiba behar nuen. Lehenengo zirriborroa Irene herrira heltzean hasten zen, baina konturatu nintzen gehiegi luzatzen zela. Nire tesia da denok dugula alderdi gaizkile bat, erakutsi nahi nuen gaizkiaren alderdi aldakorra. Frankismoa ezartzeko ejertzito bat behar zen, baina jende askoren ekintza eta ez protestatzea ere bai. Jende askok aldatu zuen jaka: hor dago Izetaren pertsonaia, Joxeren lagun-mina. Badago beste alderdi bat ere: frankistek herriek konkistatu zituztenean jendea eraman egin zuten, Joxe edo Sanson Azpeitiaren moduan. Benetako putakume handiak egon ziren gerra garaian, eta putakume txiki asko. Mezkla hori erakutsi nahi nuen eta zer pentsatua eman.

Bigarrena, nola bizitu zuten emakumeek egoera hori…

Diktaduretan jendea eta buruak kontrolatzen dira. Hemen, Elizaren bitartez egin zen. Dena zen bekatua. Dena kontrolatzen zuten, baita Zerua ere. Nahi zutena egiten zuten. Mugimendu txikiak egon ziren eta emakume batzuk itzelak izan ziren: ikastolen sorreran Elbira Zipitriak-eta egin zutena izugarria izan zen. Ezin dugu imajinatu zer zen garai horretan zapaldua, emakumea eta gerra galtzailea izanik ikastola bat martxan jartzea. Gaur esaten dugu “nik ere hori egingo nukeen garai horretan”. Baita zera ere! Amu txiki pila bat daude nobela osoan sakabanatuta, jendeak heldu ditzan.

Hirugarrena, ea nola iritsi ziren gazte batzuk euren bizitza arriskuan jartzera eta jendea hiltzera, eta nolatan jarraitu zuten Franco hil ondoren ere…

Iruditzen zait errelato ofizialean bi ETA daudela: ETA antifrankista eta demokrazia garaikoa. Dokumentazio lana egin dut, galdetu eta konturatu naiz amnistiaren ondoren artean jende eta familia asko zeudela erbestean, errepresioa bortitza zela, Guardia Zibilak berdin-berdin jarraitzen zuela… Kontatu nahi izan dut batzuek zer egin zuten, zergatik eta zer sentitzen zuten. Ahalegindu naiz, behintzat, nire informanteek zelan bizi izan zuten kontatzen. Atal horretan idatzi dudan guztia norbaitek esandakoa da. Nik kontu handiz hartu ditut hariak eta ehundu.

Hariaken amatasuna presente dago: ama ona eta ama txarra; ezintasunen minak…

Irenek, esaterako, drama izugarria du bere ama ez zelako ama ona izan. Xexilik ere antzeko konplexua du, bere ama ausentea izan delako. Horregatik, Xexili ahalegintzen da super-ama bat izan da. Olatzen garaiko nire informante askok esaten zuten 70. hamarkadako emakume militanteentzako amatasuna ez zela aukera bat. Bazegoen matxismo inplizitu bat, ama izatea amore ematea zela nolabait. ETAn gizonak aita izaten ziren. Baina ETAko lehenengo ama 90. hamarkadan izan zen. Aitatasuna eta militantzia oso gauza normala ziren: liburuan Alfontso ETAkidea aita izaten da. Emakume batzuk zeuden molde horiek puskatu nahian, baina iraultza proiektuetan sekulako matxismoa zegoen.

Hizkuntza aldetik, harrituta utzi nau zenbat esamolde erabili dituzun.

Nire erronkarik handienetakoa izan da. Ahalegindu naiz garaian garaiko euskara erabiltzen eta islatzen. Behin eta berriz entzun ditut elkarrizketak eta Ahotsak.eus-en ordu mordoa sartu dut Zarautz inguruko esamoldeak hartzen. Oso zalea naiz.

Noka dira elkarrizketa franko, emakumeen arteko hika galtzen ari den garai honetan…

Gazteen artean ohitura galdu da Zarautzen, baina garai bateko emakumeek egiten zuten. Zoragarria da sonoritate aldetik eta ematen dion abiadura ere bai.

Euskarak, hizkuntzak, presentzia handia dauka nobelan…

Nire bizitzako gairik inportanteenetako bat da. Sekulako euskaltzaletasuna izan da erdaldun batzuen aldetik, eta hori ere jarri nahi nuen. Euskararekin postureo asko egiten da, eta egin izan da. Ezker abertzalearen barruan, EAJren barruan zer esanik ez eta alderdi espainoletan… beno… eta tristea da esatea, baina euskal kulturan ibiltzen garenon artean ere bai. Azkenaldi honetan tokatu zait hainbat idazle eta kultur munduko jende ezagutzea eta konturatu naiz ze gutxi irakurtzen duten euskaraz, eta zeinen barneratuak dauzkaten Espainiaren aurreiritziak: euskal literatura ez dela ona eta gisakoak. Gaur egungo euskal literaturan askok idazten dute ia-ia espainoletik itzulpen zuzenak eginez, eta espainolez funtzionatzen duten estruktura mentalek euskaraz ez dute funtzionatzen. Euskaraz idazteko hizkuntzan trebatu behar da. Eta horretarako, baditugu baliabideak eta ez ditugu erabiltzen.

Hala ere, garai zailetan hizkuntzaren alde mobilzatu dira euskaldunak eta hori ere islatzen da Hariaken.

Sekulako maitasuna egon da euskararekiko. Aita Zavalak esaten zuen Auspoako idazleak ez zirela arkitekto onak, baina bai igeltsero oso onak. Horretan ikasi behar dugu: asko ikasi dugu literaturaz, literaturgintzaz eta idaztearen arteaz, baina euskarak ematen dizkigun baliabideekin harlandua egitea falta zaigu. Politikoki bada erabaki bat euskaraz idaztea. Ez lidake horrenbeste poz emango Hilos idazteak. Liburua ez zen bera izango, ze ez nuke zapalkuntza hirukoitzari buruz idatziko; perspektiba erabat aldatzen da. Euskaldun izatea bizirik egoteko beste modu bat da; Kirmen Uribek idatzi zuen bezala, ez hobea, baina bai desberdina.

YOSEBA 1

36ko Gerraren inguruan halabeharrezko isiltasuna egon da urte askoan, baina azken urteetan azalera atera da gaia. Modako gai huts bihurtzeko beldurrik ez duzu?

Argi neukan gerra, errepresio eta frankismoko literaturan ekarpen bat egingo nuela: emakumezkoen ikuspegia eta minuskulako izenei ahotsa ematea. Jendeak asko sufritu du eta hori ez dago ez aitortua ez konpondua. Iruditzen zait oraindik asko idatzi behar dela gerraren inguruan, errelatoa osatzen joan behar dugu. Bestela, osatu egingo digute. Ari zaizkigu Patriaren kontuarekin. Euskaldunok gure errelatoa idatzi behar dugu, irudikatu, bizi eta berpiztu. Ezin da etorkizunari begiratu iraganera begiratu gabe.

Zein garai egin zaizu zailena idazteko?

Zailena, anbientazio eta dokumentazio lanaren aldetik Gerra Zibilaren ingurukoa, ez dudalako ezagutu. Zati hori oso zaila izan da zentzu horretan, baina idazteko errazagoa. Olatzen zatia idaztea zailagoa egin zait, historia gehiago dagoelako. 1982an kontatu behar duzu Espainiako Mundiala, ETAren atentatuak… pertsonaia sinesgarria izateko. Historiak sekulako pisua izan du eta nire burua oso lotua ikusi dut.

36ko Gerraren inguruan errelato bat eraiki da, gizartearen gehiengoak-edo onartuak. ETAren inguruan ezin da gauza bera esan. Bustitzeko beldurra sentitu duzu?

ETAren inguruan idazteak beldurra ematen du Espainiaren jarrerarengatik eta asko sufritu dutelako Espainiaren biktimek eta ETaren biktimek. Gerra Zibileko zauriak irekita badirau, pentsa honek… Batzuek ez dute hitz egin nahi. Beste batzuei ezin izan diet eskerrik eman amaieran, ez dutelako nahi izan.

Istorioan, Manuel aitona gerra garaian egindakoen inguruan sintzeratzen da Olatz kartzelan bisitatzen duenean.

Eszena hori jarri genuen nire burugogorkeriarengatik. Literarioki pisurik ez badauka edo nobela desitxuratzen badu, errua nirea da. ETA epaitzerakoan oso erraza da esatea “jendea akabatzen zuten”. Nire aitona bat gudariekin ibili zen eta bestea frankistekin, berak hala nahi izanda. Beraz, hiltzaileak izan dira. Baina gerran izan zenez, perbertsio bat gertatzen da. Horretan ez da justiziarik egiten: “gerran ibili ziren” esaten da, baina “ETAkoek jendea akabatzen zuten”. Goazen denak epaitzera modu berean. Ez zen nire helburua tragedia bat idaztea eta horregatik hiru heriotza kendu nituen narraziotik, baina idatzita daukat zer gertatu zen Elkanoko bordan, eta aitona Manuel han egon zen. Konplize bat izan zen. Zer esan behar dio bilobari, berak ere gerran bereak eta gehiago egin bazituen?

Zarauzko herriari opari ederra egin diozu liburu honekin…

Eskerrik asko. Ni oso maitatua sentitu naiz, lagun handiak egin ditut. Kanpoan urte asko eman ostean hemen itzuli naiz Euskal Herrira. Oraindik herri bezala funtzionatzen du. Hemengo jende euskalduna oso euskalduna eta oso euskaltzalea da, eta eusten dio horri.

Sodupe ere agertzen da. Argi zenuen zure bi herriak sartuko zenituela istorioan?

Omenaldi xume bat da gurasoei eta mediku berezi bati. Erakutsi nahi nuen euren lana ez zela alferrikakoa izan. Gaur egun Sodupen euskaldun gutxi gaude, baina haiek ereindakoaren uzta gara. Gehiago egin behar da, baina gure hezkuntza aukera galdu bat da. 30 urte galdu ditugu. Agian, egunen batean aldatuko da… Polita eta aldi berean tristea da erakustea zeinen idealistak ziren. Pentsatzen zuten ikastola bat sortuta lortuko zutela Sodupe euskalduntzea. Nire gurasoak oso harro daude, baina ni salbuespen bat naiz nire belaunaldian. Sodupen ez dago sarerik eta oso zaila da euskaraz bizitzea. Biktimak dira: ez daukate eskubiderik euskaraz bizitzeko eta erabat zapalduta daude. Ume horiek desberdin izatera kondenatzen ditugu.

Zarauzko kulturgintzan pertsona aktiboa zara.

Hori da nire borroka politikoa: kultura. Iruditzen zait Sodupekoa eta euskalduna izatea badela politikoki ekintza itzela, eta Zarautzen euskararen eta kulturaren alde lan egiteak suposatzen du herri osoaren alde lan egitea, auzolanaren alde, beste bizimodu eta gizarte eredu baten alde. Jasotzen duzuna itzela da.

Susan Gorka Arrese eta Leire Lopez Ziluagaren editoreen arteko trantsizioa ezagutu duzu.

Liburu honen aurreneko ideiak Gorkarekin komentatu nituen. Argi esan zidan totxo ederra zela eta berari esker asko moztu dut. Leirek beste ekarpen bat egin du. Oso lasai utzi nau, ez nuelako rollo paternalistatik idatzi nahi. Zentzu horretan Leirek zuzentzeak, irakurtzeak, begiratzeak… lasaitasun handia eman dit. Ez dut gizon baten ahotsetik idatzi, baizik eta gizon baten belarritik. Kontu asko hitzez hitz eraman ditut paperera. Iruditzen zait izenburua oso ondo jarrita dagoela. Oso ondo islatzen du nik egin dudan lana: aukeraketa egin eta erabaki dut txatal bakoitza noiz doan, baina txatal horiek ez dira nireak.

2016an, hizkuntza gutxituen literatura sustatzen duen Beste Hitzak programaren baitan Irlandan egonaldia egin zenuen. Zein arrasto utzi du zugan esperientzia horrek?

Nire bizitzako esperientziarik onenetakoa izan da. Idazle profesional baten bizimodua izateko aukera izan nuen. Hango idazleak ezagutu nituen eta ikusi nuen hango etsipena. Gobernu bat badute baina erabateko postureoa da. Zabaldu da izan zaitezkeela irlandarra irlandera barik. English breakfast-ak edo irish breakfast-ak zapore bera dute. Hangoen borroka miresgarria da.

Orain ‘Hariak’-ek sentikaria prestatzen ari zarete, ezta?

Ziurrenik estreinaldia maiatzean egingo dugu, Zarautzen. Iraia Eliasek irakurraldi dramatizatuak egingo ditu; Rafa Ruedak hainbat poema musikatu ditu eta Oihana Leundak bideo batzuk sortu. Nik testuak idatzi ditut. 50 minutuko sentikari bat izango da hausnartzeko nobelan agertzen diren gaien inguruan: emakumetasuna, euskalduntasuna, zapalkuntza hirukoitza, eboluzio historikoa…

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.