Gaur zortzi abiatuko da Loraldiaren bosgarren edizioa

Bosgarren urtez antolatu dute Loraldia jaialdia Bilbon. Martxoaren 12tik apirilaren 7ra bitarte, askotariko ikuskizunak, hitzaldiak, aurkezpenak eta abarrak izango dira hiriko hainbat txokotan. Hainbat arte adierazpide bilduko dituzte: artea, bertsolaritza, dantza, literatura, musika, antzerkia eta zinema. Albiste honetan, ordea, literaturarekin loturiko ekitaldiei erreparatu diegu.

Captura de pantalla 2019-03-01 a las 15.49.50

Bosgarren edizioa du aurtengoa Bilboko Loraldia jaialdiak. Euskarazko kultura industria sustatzeko eta euskal kultura transmititzeko helburuarekin sortu zen Loraldia orain bost urte, eta, hala, euskal kulturako hainbat adierazpide ekarriko dituzte oholtzara, hala nola bertsolaritza, literatura, musika, dantza, zinema eta antzerkia.

Albiste honetan, literaturarekin lotutako ekitaldien programazioa ekarri dizuegu.


 Lur bat idazteko: Pasieran Joseba Sarrionandiaren geografian 

Martxoaren 12an, 19etan, Bira kultur gunean

Iñigo Aranbarri idazleak biziki ondo ezagutzen du Joseba Sarrionandiaren lan literarioa eta hitzaldi honen bidez Sarrionandiaren literaturaren ezaugarriak deskubritzen saiatuko da. Bertan Kalaportu (martxoaren 15ean, Arriaga Antzokian) kontzertua hobeto ulertzeko giltzak eskainiko dizkigu.


 

Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz

Martxoaren 15ean, 19:30etan, Arriaga antzokian,

“Gure Oroitzapenak” filma izan zen aurrenekoa udazkenean, geroago, izen bereko disko-liburua, orain Loraldiak kontzertua dakar. Musikariak eta idazleak bilduko dira eszenan Sarrionandiaren poesia kantu bihurtzeko. Kalaportu sentikariak Iurretako poetaren sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi du. Beraz, Kontzertu poetikoa izango da, Sarrionandiaren sormenarekin bat egiteko bide musikatu zirraragarria.

Oholtzan: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki & Beñat Axiari, Audience, Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi.


 Hasier Larretxea: itzulerako bideetan barrena

Martxoaren 17an, 12:30etan, Guggenheim museoan

Hasier Larretxearen literatur ibilbidea poesiaren eremuan kokatu izan da. Loraldia Festibalean aita aizkolariarekin eta amarekin batera eskaini ei duen emanaldi performatibo berrituarekin izanen da. Hitzak herriko doinu eta herri-kiroletako jardunarekin uztartzen dira bertan, tradizioaren eta abanguardiaren arteko solasaldi sakon eta hunkigarria ehunduz. Zura, harria, berraurkitzea. Baztango esentziek Zuri Negrinen elektronika minimalistaren girotze anbientalarekin titaniozko museoan aurkituko dute aterpe.


 H-Artzetik: poesia musuzapietan

Martxoaren 20an, 19:30etan, Bidebarrieta liburutegian

Belaunaldi gazteak Laboaren ahotsean, ereserki bilakatuta, herrikoiak diruditen poemetan kamuflatuta jaso du Joxan Artze poetaren lana. Txakur Gorria irudia eta hitza lantzen duen kolektiboak eskertze keinu xume bat egin nahi dio iaz utzi gintuen poetari. Heriotzak hurbildu ditu sortzaile gazte hauek haren bizitzara. Izan ere, zubi bat eraiki nahi dute bi garaien artean. Artzeren mundutik hartzera ausartuko dira eta gaurko begiradan islatuko dute horren berritzailea izan zen unibertso poetikoa.

Peru Iparragirrek elkarrizketatu zituen Txakur Gorria kolektibokoak gurean: “Olatu batera igotzea elkarrekin”


 Munduko Poesia Kaia 

Martxoaren 23an, 20etan, Itsasadarra itsas museoan

Munduko Poesia Kaierak egitasmoa Susa argitaletxeak jarri zuen martxan 2014an eta 30. zenbakira iritsi da dagoeneko. Horren harira, bilduman argitaratutako poemek ardaztutako ikuskizuna dugu honakoa. Poesia eta itzulpenaren ospakizun bat azken hamarkadetako poeta handienetako batzuen piezez osatuta.

Ekoizpena: Susa argitaletxea.

Ekoizpen artistikoa: Susa argitaletxea & Metrokoadroka Sormen Laborategia.

Oholtza gainean:

Aktorea: Iraia Elias.

Errezitatzailea: Jose Luis Otamendi.

Dantzaria: Noemi Viana.

Poemen aukeraketa: Beñat Sarasola.

Espazio eszenikoa: Idoia Beratarbide.

Kanpo begirada: Oier Guillan.


 Verdes liburudenda akorduan

Martxoaren 24an, 12:30etan, Arriaga antzokian

1973. urtean, garai latz eta ilunetan, Verdes Liburudendak ate bat zabaldu zion euskal kulturari. Javi Escuderok eta Asun Zuloagak liburuz inguraturik oasi erakargarri bat eratu zuten Bilboko 7 kaleetako bihotzean. Berehala liburudenda elkargune ezinbesteko bihurtu zen euskal kulturgileentzat: lehen ikastolako testu debekatuak, Euskaltzaindiaren eskariak, Atxaga eta Arestiren arteko aurreneko harreman historikoa…  eta akorduen laino artean Pott Bandaren sormen garaia ere azaltzen da. Ekinaldi honetan Verdes liburudendaren hainbat lagun batuko dira merezitako omenaldia emateko asmoarekin. Euskaltzaleok zorretan gaude eta eskertu behar diegu eman ziguten guztia 

Nortzuk? Bernardo Atxaga, Natxo De Felipe, Ruper Ordorika, Juan Carlos Perez, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia eta Patxo Telleria.


 Josu Goikoetxea: zer luzea negu hau

Martxoaren 26an, 19etan, Elkar dendan (Zazpi kaleetan)

Josu Goikoetxeak lehenengo poema liburua kaleratu du, “Zer luzea negu hau”. Bizitzaren erdi parean dagoen pertsonaren balantze baten antza hartzen zaio batzuetan: guraso zaharrekiko harremana ageri da, alaben erreferentziak ere bai, eta oro har bizitzari emandako begirada heldua.

Ia 20 urte dute poema zaharrenek, eta idatzi berriak dira azkenak. Batzuetan nahiz besteetan, sentiberatasun fin bat nabarmentzen da, dotorea, alferrikako enfasirik gabea, gauza txikiei azpildurak ateratzen dakiena eta bizitzan giltzarri diren gertaerei patxadaz eta ironiaz erreparatzen diena.


 1.362 km euri

 Martxoaren 31n, Itsasadarra itsas museoan

Sormen literario honen oinarria eskutitzak dira. Garazi Goia eta Goizalde Landabaso idazleen artean 1362 km daude. Bata Bilbon, bestea Londresen. Bien arteko komunikazioa partekatzen dituzten eskutitzak dira. Hausnarketak, aitorpenak… Eszenara eramango duten performancea emakume ezezagunez osaturik dago. Paula Modersohn-Becker, Tina Modotti, Lydia Delectorskayak, Eulalia Abaitua… izango dira, besteak beste, eskutitz hauen protagonistak. Ahazturatik gaurko garaietara ekarriak izango dira, Galde Perez antzerkigileak zuzendu zuen  performace literario honetan. Bien bitartean euria ari du eten gabe.

Oholtzan: Garazi Goia eta Goizalde Landabaso. Nerea Alberdi (musikaria) eta Galder Perez (zuzendaritza artistikoa).


 Katixa Agirre: Amek ez dute

Apirilak 1ean, 19etan, Elkar dendan (Poza lizentziatuaren kalea)

Amek ez dute eleberria aurkeztuko du Katixa Agirrek. Seme-alaba bikiak hil dituen ama, horixe da Agirreren azken nobelako protagonistetako bat. Elkarrizketa egin genion Hitzen Uberan atarian, eta, besteak beste, hauxe kontatu zigun:

“Hemen zerbait oso latza gertatu da: zer egingo dugu, alfonbra pean gorde edo hara joan eta arakatu? Literaturak egin behar duena da alfonbra pean dagoena arakatu, hor dagoelako, besterik gabe. Esan gabe ona edo txarra den; egurasteko pixka bat, eta mahai gainean jartzeko, eta denok pentsatzeko pixka bat horren gainean. Pentsatzeko ea tabuak zergatik diren tabu, zergatik ez den horri buruz hitz egiten”.


 Buztinezko etorkizuna

 Apirilak 7an, 12:30etan, Guggenheim museoan 

Oholtzan: Itxaro Borda, Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Mursego eta Amaia Agirre

Itxaro Bordak geroari buruzko testu libre bat idatzi du, Loraldiak eskatuta. “Buztinezko etorkizuna” jarri dio izena. Mursego musikagile ausart eta berritzaileak, berriz, soinu banda jarriko dio irakurraldiari. Eta bi bertsolarik, Miren Amurizak eta Oihana Iguaranek, inprobisatuko dute Bordak idatzi duen testuen gainean. Etorkizunari begira jartzeko bosgarren hitzordua.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.