Disoluzio agiriak, Jose Luis Otamendiren poesia liburu berria

Kapital publikoa liburutik bost urtera, bere ibilbideko zortzigarren poesia liburua dakarkigu Jose Luis Otamendik. Heldutasun mingarri, zorrotz eta hunkigarri batez idatzia da Disoluzio agiriak. Poetak berak dio, “Beste poesia molde bat behar du une honek” eta ideia horrek berdin balio du pertsonalerako zein kolektiborako. (Agazkia: Berria egunkariko albistea).

disoluzio agiriak berria

Poesia zaleek arreta bereziz jasoko duten liburua da Jose Luis Otamendiren titulu berri oro. Urteak azkar pasatzen dira, badirudi ez dela haren aurreko liburuaren itzala agortu, baina azkar pasatzen dira urteak: 2014koa da Kapital publikoa, 2007koa Erlojuen mekanika. Haiekin badu zerbait liburu berri honek, titulutik bertatik hasita: hitz gogorrak dakartza bertara, humanitaterik gabeko antolakuntza sistema iradokitzen dutenak, -disoluzioa, kapitala, mekanika- baina kontrako norabidean doaz guztiz barrukoak, pertsonaletik sozialera, eta alderantziz. Ezin direlako bi planoak bereiztu poetaren ahotsean, eta bizitzan. Otamendiren poesia humanitate zorrotz eta hunkigarri batez behatzen ditu eguneroko minen aztarnak, azken liburuan bere gorputzera iristeraino: “Zahartzen ari den gorputz baten kezkak, minak eta grinak ageri zaizkigu poemotan, giro politiko eta sozialari erreparatzen dion gorputz bat, bera baino lehenago zahartutakoen zaintzaren bidez etorriko zaiona ikusten duena”.

Honela adierazi du Igor Estankonak Deian idatzi berri duen kritikan:

“Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959) gure gelan sartu zen tximeleta eria bera da: hegakadak suabeak ditu, baina munduaren beste ertzean urakan haizea da. Poemek islatze bat sortzen dute inkontzientean, irabazi egiten dute irakurlea euren arnasa luze-luzearekin. Ematen du res publikoaz ari dela eta bizitzaz ari da, esango zenuke bizitzaz ari dela eta munduaren patuaz ari da, iduri luke ekonomiaz mintzo zaigula eta gutaz ari da (…)”.

Leire Lopez Ziluagak editoreak ere gisa honetan ekarri zuen gogora Otamendiren ahotsa:

“Liburu pertsonala dela eango nuke, iruditzen zait irakurleak betiko Otamendi topatuko duea hemen eta aldi berean Otamendi ezberdin bat. Betikoa diot, poemotan dagoelako geografia intimotik hit egiten digun poeta, berba aproposena bilatzen duena, pertsonalean kolektiboa eta kolektiboa pertsonala ikusten laguntzen diguna, galderak egiten dituena bizi dugun garaiaz, erritmoaren kontzientzia duena.

Baina beti-betiko Otamendi ere ez da irakurleak hemen aurkituko duena, aldaketak datoz mundura poemak honela dio: “beste poesia molde bat behar du une honek / eta ez daukat nik / jada ez dago hemen / dena mintzo da baina / nire aldiaren seinaleak ez ditut barrundatzen”. Eta esango nuke, badagoela poema hauetan bizi dugun garaiako poesia molde bat sortzeko ahalegina, gure garaiak eskatzen dituen hitzak edo hitzetako batzuk behintzat beltzean jartzeko nahia”.

Idazlearen ahotsetik

Poemak azpimarratzeko ohitura duenak, azpimarratuko lituzke aurkezpen egunean Otamendik esandako hainbat kontu ere.

“Gauza askoren eraginez aldaketa dezenteren zantzuak sumatu ditut neure baitan eta kanpoan nik ere aspaldi honetan; horien berri poetikoa eman nahi izan dut. Beraz, aldi honek zenbait ñabarduretan beste era batera idazten saiatzeko ahalegina eskatu dit.

Garai likido hauetan identitateak har ditzakeen hainbat tasuni erreparatu diot zahartzen ari den gorputz bat naizen aldetik, hots, gorputza dudala abiapuntu eta bizi ditudanen egoitza eta gertaleku nabarmendu nahi izan dut, baita inguratzen nauen giro soziala eta ekonomikoa ahanzteke batere.”

Kapitalak gordin markatutako garaiotan, poesiaz baliatzen da poeta, poesiaren balioaz ere egiten du, lerro artean, gogoeta:

“Kapitalak paradisu hotz batekin aritzen du leial zaiona. Diruak eta Jainkoak, gero eta jende, herri eta bizi molde gehiago kanpoan edo bazter-ertz uherretan uzten dituen paradisu elurtu baten jabe egin naute. Eta uste dut ez naizela bakarra. Diruaren, Jainkoaren eta geure kontraesanen aurka, eta beste hainbat kausaren alde borroka egiteko hitz egokien peskizan gabiltza. Eraikitze eta deseraikitze lan handiak hain zuzen.

Gorputza kartzela bihurtu digun aldi honi, bakardadearen glaziarretan izoztuta eduki nahi gaituen jendarte honetan, partikularraren ahotsaren aldarria egiten du poesiak, norbere kapsulatik ateratzekoa, espazio eta denbora komunak eraikitzekoa.

Kezkak kezka ordea, Disoluzio agiri hauek ez dute etsiaren lezioaz limurtu nahi inor: ez alferrik nekatu poesiaren errendatzerik bilatzen. Proklama sukoirik ez dago, baina kapitalaren garaitzari eta bakardadearen aintzateste globalari kanturik ere ez”.

Aurkezpenean “Deklarazioa” poema irakurri zuen Otamendik:

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.