Jon Barberena Ibarraren iritzi artikulua: “Ornitorringoaren sexua”

1200px-Jon_Barberena_Ibarra

Ez. Ez nuen nahi. Ez nuen nahi, baina berriz ere zure solas batzuen inguruan idatzi behar dut, Ana Beltran. Hezkuntza Saileko galdetegi batean, sexuaz galdetzean, hiru aukera ageri ziren: neska, mutila edo bertze bat. Bertze bat aukerak, nonbait, aztoratu zaitu eta mingaina neurrigabe zorroztu. Lauko gobernuak galdera horrekin zer erantzun bilatzen ote zuen arranguratu zara, eta “txakurraz, katuaz edo ornitorringoaz” ari ote ziren galdegin diezu. Haurrak parekidetasunean, hezkidetzan eta errespetuan hezi nahi dituztela ikustean, urduri jartzen zara, Ana. Duela guti ere, gogor solastatu zinen Skolae hezkidetza programaren kontra, eta haurrak doktrinatzea leporatu zenion Hezkuntza Departamentuari. Era horretan, 0 eta 6 urte bitarteko umeei joko erotikoak inposatuko zitzaizkiela adierazi zenuen.

Urduri zaude, eta urduritasuna baretzeko asmoz, Thomas Laquerren La construcción del sexo. Cuerpo y género desde los griegos hasta Freud liburua leitzea aholkatzen dizut. Bertan nabarmentzen da, aspaldi sexu bakarraren teoria nagusitzen zela gizartearen pentsamenduan. XVIII. mendean, ordea, sexu bakarraren eredutik bi sexuen eredura pasa ginen. Ordutik, sinpletasunean oinarriturik antolatu nahi dugu sexuaren mundu konplexua. Hau da, sexu biologikoen arabera gizonak edo emakumeak izanen gara, portaera maskulinoa edo femeninoa barneratuko dugu eta hauei atxikitako rolen menpe biziko gara. Baina antolamendu dikotomiko eta sinple hori ez da nahikoa. Horregatik dago bertze bat aukera txertatua galdetegian. Badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutikoak, eta hauek ez dira bipolaritate sistema sinple horrekin eroso aurkitzen. Ikusten duzun bezala, identitate eta sentipen indibidualak hartu behar ditugu kontuan, dikotomiak hautsi eta norberaren identitate pertsonalari garrantzia eman.

Segur naiz errespetuaren inguruan mintzo diren liburu aski onak izanen direla, Ana. Agian, hurrengo batean, baten bat aholkatuko dizut.

This entry was posted in Albisteak, si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.