Bertsolaritza, kontrako eztarritik kontatua

Hamabost emakume bertsolariren testigantzak bildu ditu Uxue Alberdik, eta horiekin osatu du Kontrako eztarritik saiakera. Lisipe bildumaren barruan argitaratu du, Susa argitaletxearen eskutik. Pasa den astean aurkeztu zuten lana, Donostian. Bertan izan ziren Alberdi bera, Jule Goikoetxea bildumaren editorea eta liburuan parte hartu duten bertsolari batzuk.

Captura de pantalla 2019-03-12 a las 12.36.22Captura de pantalla 2019-03-12 a las 12.35.46

Nola iristen da emakume gorputz bat bertsoraino? Horixe galdetu ei zion behinola Itziar Okariz artistak Uxue Alberdiri, eta galdera hori buruan bueltaka zerabilela ekin zion gerora Kontrako eztarritik izenburu pean argitaratu duen lana osatzeari. Gaur egun plazetan dabiltzan emakume bertsolarien kontakizuna da liburua, denen artean josia. Hamabost bertsolariren testigantzekin osaturiko saiakera bat.

Hauek dira: Amaia Agirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Maialen Akizu, Miren Amuriza, Maider Arregi, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Alaia martin, Eli Pagola eta Jone Uria.

Aurkezpenaren hasieran, eskerrak eman dizkie denei, beren “inteligentziagatik, debate-maila altuagatik, kidetasunagatik, ausardiagatik eta konfiantzagatik”. Goikoetxea editoreak berak lehenago nabarmendu du maila diskurtsibo handia dutela bertsolari gazteek: “harrigarria iruditu zait, disfrutatu dut, eta seguru asko zuentzat ere sorpresa atsegina izango da”.

Liburuan parte hartu duten bertsolarien bideez ari, Alberdik zehaztu du saiatu dela “garai diferenteetan plazaraturiko bertsolarien ahotsa biltzen” eta “jendaurreko esperientzia luzea edota esanguratsua izan duten bertsolarien ahotsak jasotzen”. Hala, gaur egun plazan bat-batekoan dabiltzan emakumeen kopurua kontuan harturik, “lagin esanguratsua” osatu duela iruditzen zaio.

Alberdiren esanetan, debate baten erdira etorri da liburua, “bertsolaritza bere burua berpentsatzen eta berregiten ari den unean. Liburuan nabari da emakume bertsolariak artikulatuta daudela, asmatu dutela genero-borroka erdigunera ekartzen eta elkarrentzat euskarri eta estimulatzaile izaten”.

Alberdik ez du historia bat osatu nahi izan: “Joanna Russ-ek Nola ezabatu emakumeen idazketasaiakeran adierazi bezala, “tresna analitiko baten zirriborroa” izan nahi luke, emakumeen bertsolaritza azpiratzeko mekanismoetan errepikatzen diren patroiak bistaratuko dituena”. Hain justu ere, hamabost bertsolariekin hitz egin ostean, 22 azpiratze-mekanismo identifikatu baititu Alberdik, besteak beste infantilizazioa, desexualizazioa, hipersexualizazioa eta merezimendu faltaren epaia.

Bistan da: gorputzak badu tokirik liburuan: “Emakume bertsolarienak gorputz publikoak dira —begiratuak, epaituak, esanguratsuak— eta haien errepresentazioa etengabeko negoziazio semiotikoaren emaitza da. Askotarikoak izan arren —neurriz, estiloz, esanguraz—, emakume bertsolarien gorputzek emakume gorputz generikoarekin dialogatzen dute (haren historiarekin eta etorkizunarekin) inguruko gorputz errealekin adina”.

Alberdik azaldu duenez, irakurle askok bertsolaritzari buruzko aspektu berriak topatuko dituzte liburuan, izan ere, “beste bertsolaritza bat ikusten da hemen eta, aldi berean, bertsolaritza da bere puruan, inoiz baino gehiago agian, baina beste eztarri batetik kontatua: kontrako eztarritik”.


 

Datorren astean, hilaren 20an, arratsaldeko zazpietan, jaioterrian aurkeztuko du Alberdik liburua, Elgoibarko Pitxintxu liburu-dendan. Beste herrikide bat izango du aurkezpenean lagun: Danele Sarriugarte.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.