GABRIEL ARESTI II: ZORROTZAKO PORTUAN ALDARRIKA

zaldiaran-4

Bilbora joaten naizen aldiro Aresti gogora ekarri ohi dut, edo agian etortzen zait, auskalo. Ez da harritzekoa Aresti baita nire oso txikitako euskaltzaletasunaren onarria zein helburua. Arestiren adibidearen beharrean gaur egun ez litzaidake posible, nekez, kostata, ezagutzen dugun kaletarra bainoago hiritar jarrorrizko benetako euskal(tzalet)asun kontzientzia bat, edo bestela esanda, Imanol Larzabalek ondo baino hobeto, izugarri txukun eta bihotztun, NIRE EUSKALTASUNA kantuan azaldu egin zigun euskaldun izateko modu ezohizko edo ozta heretikoa, hau da, inolako ordainsari edo mugarririk gabeko euskaltasuna.

Horretarako ere Arestik hizkera baten eredu landua sortzen lagundu zuen, gaztetan ikasitako bizkaiera eder eta goxoa alde batera lagata, euskaldun guztiontzako berbeta findu eta bateragarria asmatu eta zabaltzeari ekin zion. Haren lana izan zen ardatza hein handi batean gaur egun hedabideetara zein eskoletara eramandako batuerarako; Mitxelena tartean, noski. Edo bestela esanda, baserritik landa, euskal giro tradizional trikitixazaletik ahalik eta urrutien, beharbada ere erdal kutsuagoko hizkera berri moderno eta ustez edo asmoz behintzat malguago batez, aintzinako literaturatik edanda ere, Sarako Eskola famatua beti gogoan ere bai, haren poemek euskara hiritartu egin zuten, alegia.

Areago, bere bizian ere eman zuen jarraibide nahikoa, ez baitzen sekula makurtu edo orduko euskal abertzaletasun tradizional, etnomaniatiko edota banderizora. Horretan ere bere bihotz-zabaltasuna erakutsi egin zigun, Euskal Herria ezin hobeto ezagututa, hau da, haren osotasun edo aniztasunean, bere egin baitzuen hainbat eta hainbatek inoiz egin ez bezala. Eta horrexegatik ere deseroso egin zitzaion tradiziozale/esentzialista askori, Arestik inola ere ordezkatzen ez baitzuen ohiko euskaldun peto-peto, zintzo-zintzo, mantso-mantsoaren papera betetzen. Ezin zen besterik izan, Arestik heresia gogoko baitzuen, eta bere adibidea nonahi ere hedatzen saiatu zen, besteak beste euskara hainbeste maitatuz, batez ere bere biziraupena eredu batu eta etengabe berriztatu batean zetzalakoan zegoelako, zeren euskara, Saizarbitoriak behin baino gehiagotan hain metaforikoki esan bezala, Bilbon salbatu den ala ez, eta horrexegatik ere hain garrantzitsua, baliozkoa, da Bilbon, Gasteizen; Iruñean edota Baionan euskararen aldeko edo inguruko edozein aurrerapen ñimiño.

Badago Bilbon, eta auskalo zein beste hainbat berritan ere, Arestiren izena duen ikastetxe zein euskaltegi handi bat. Badaude ere bere izeneko hainbat kale, nahiz eta berak honen kontra hain eder idatzi zuen, baina ez dakit nik horrez gain ere Arestik merezi ote zuen gaur egon daukan ospe handia euskal kulturaren b(g)uruen partetik. Badirudi oraindik ere nahiago dituztela oso bestelako eredu “euskaldunago” batzuk, oraindiokarren baserritik zein eliz-dorreetatik hur daudenak, hots, delako euskaldun peto-petoaren aspaldiko eredutik, beharbada gaur egun, eta ezer baino lehen, delako euskaldun abertzale inor baino sutsuago eta betidanik ere superindependentistaren adibidetik soil-soilik, alajaina!

Hona hemen nire aburuz Arestiren berezko nortasuna ezin hobeto erakusten duen poema famatu hunkigarria:

Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan.
Zimentua dakar, ehun kiloko sakoetan.
Bien bitartean
Anton eta Gilen zeuden
zerrarekin
tronko hura erdibitzen.
Sokarekin…
Eztago kablerik…
Bestela…
Tira eta tira,
orain Anton,
gero Gilen,
eznaiz hilen,
Gilen.
Hemen euskeraz
ta han erderaz.
Birao egiten zuten.
Okerbideak ezpaitaki mintzaerarik,
berdin tratatzen baitu
erdalduna
eta
euskalduna.
Arbolaren neurriak hartu nituen.
Antiojuak bustitzen zitzaizkidan.
(Amak gauean pentsatu zuen errekara
erori nintzela). Eta esan nuen:
Beti paratuko naiz
gizonaren alde.
Gilen.
Anton.

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.