Hemen da Tupust!

Tupust! izeneko komikia aurkeztu zuten hainbat egilek astelehenean, Donostiako Komikigunean. Txalapartak argitaratu du lana, eta liburuko lanak ikusgai izango dira ostiralera bitarte, Komikigunean bertan. Etzi, berriz, Tobacco Days liburu-dendan aurkeztuko dute.

Captura de pantalla 2019-03-25 a las 16.19.36

Guztira 20 egileren lanak argitaratu dituzte Tupust! komikiaren lehen zenbakian. “Ni” gaiari heldu eta horren inguruan ardaztu dituzte beren komikiak honako hauek guztiek: Irati Eguren Arruti, Paula Estévez, Arrate Rodriguez, Maite Caballero, Danele Sarriugarte eta ‘Josevisky’ Larratxe, Maite Gurrutxaga eta Irati Jimenez, Irati F.G. eta Regina Salcedo, Nerea Unanua Otxoantesana eta Amaia Lekunberri Ansola, Txakur Gorria, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia, Ainara Azpiazu Aduriz ‘Axpi’, Eider Eibar eta Miren Amuriza eta Leire Urbeltz eta Hedoi Etxarte.

Diagnostiko bat izan da bilduma honen abiapuntua: “Orokorrean, umorea eta satira, eta are zehazkiago binetagintza eta komikigintza MASKULINITATEEK gobernaturiko esparruak izan dira. Bai, baita gure Euskal Herri txiki honetan ere. Egoerari erreparatzerakoan, harrigarriki beldurtu gintuen ikusteak zeinen TRADIZIONAL eta HETERONORMATIBO (izan) garen istorioen nahiz gorputzen sorkuntzan eta zeinen espazio gutxi (izan) duten ikuspegi BINARIO horri kontra egin eta haratago joateko nahia (izan) duten sortzaileek. Bazterretik jardun behar izan duten baztertuak (izan) dira. Euskal Herrian oso iraultzaileak izan gara gai jakin batzuen inguruan, baina oso tradizionalak genero-sexu rolen eraikuntzan, estereotipoen betikotzean”.

Kolektibo bat dago Tupust! komikiaren atzean, izen bereko kolektiboa, hain zuzen ere. Donostian sortu zen talde hori, 2016. urtean, eta hainbat helburu dituzte, hala nola “komikia eta feminismoa uztartzea, egileen arteko komunitate bat osatzea, sare hori baliatu ahal izatea lan/proiektu berriak abiarazteko zein izan ditzakegun zalantzak partekatzeko eta gure intereseko hitzaldi, erakusketa, egitasmo eta abarrak antolatzea eta sustatzea, tartean, Tupust! komiki antologia feministaren argitalpena bera”.

Nazioarteko erreferenteak aipatu dituzte, aurrekari gisa, hala nola Alemaniako Spring argitalpena eta Finlandiako Femicomix taldea. Horien bideari tiraka jarri dute martxan “Euskal Herri mailako ‘komiki-antologia-edo-dena-delako-zerbait-feminista-queer-eta-gehitu-nahi-duzuen-guztia’”, badirela eta ari direla adierazteko. Gainera, egile profesionalak eta amateurrak, biak aritu dira antologia honetan, izan ere, antolatzaileen arabera, “oso-oso garrantzitsua baita hasiberriak direnei bultzada ematea eta, areago, lehen aukera bat eskaintzea”.

Komikia eskuragai dago jada dendetan, eta lanak zuzenean ikusi nahi dituenak, Komikigunean topatuko ditu, ostiralera bitarte. Bestalde, Tupust! kolektiboaren manifestua hemen irakur dezakezue osorik. Hala itxi dute testua: “Egitasmo honek tupust egin ez dezan irakurleari dagokio orain konplize bihurtzea, antologian barrena murgildurik.”

Etzi, Tobacco Days liburu-dendan aurkeztuko dute lana, iluntzeko 7etan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.