“Edonor sartu daiteke harreman destruktibo batean, hori da gogorrena”

Neguaren ataritan aurkeztu zuen Irati Elorrietak bere bigarren eleberria, Neguko argiak, Pamiela etxearen eskutik, eta udaberrian egin diogu azkenik tartea Hitzen Uberan atarian. Berlinen bizi da aspalditik Elorrieta eta hiri horretan kokatu ditu pertsonaiak, iraganaren eta orainaren geruzek zeharkaturik. Egilearen argazkia: Falk Weiß.

Portrait_418 bearbeitet

Oraingoz, liburuari buruzko iritzi gutxi iritsi zaiola kontatu digu Irati Elorrietak. Literaturaren Zubitegian, ordea, Neguko argiak eleberriak bildu du kritikarien iruzkinik. Ibon Egañaren honek ondo laburtzen du liburuak gorputzean laga digun arrasto ederra: “Une eta eszena domestikoak ikusi egiten ditu irakurleak, entzun, are usaindu, zinematografikotik baduen begirada baten bidez. Intriga handirik behar izan gabe, oraingo eta iraganeko eszenak elkarrekin josiz, aurrera egiten du nobelak, eta gozo iristen da amaieraraino irakurlea, jende-saldo baten bizitzen konpainian egon izanaren irudipenarekin”. 

Badira hilabete batzuk eleberria aurkeztu zela, nola geratu zinen liburua bukatu eta gero?

Bukaerara iritsi ahala, hasi nintzen sentitzen nahiko gustura geratu nintzela. Urte pila batean espazio pila bat okupatu didan gauza bat izan denez, lasaitu handia hartu nuen bukatutzat jo nuenean, eta burutik atera eta paperean ikusi nuenean. Lekua egin zuen beste gauza batzuentzat.

Zein izan zen liburuaren lehen izpia?

Pertsonaiak. Hasierako apunteak begiratzen ibili naiz eta, egia esan, ia pertsonaia guztiak oso hasieratik daude, asko jota baten bat desagertu da, ez guztiz, baizik eta beste baten parte bihurtu. Baina pertsonaia talde bat zegoen eta hasi ziren leku batean bizitzen, eta ni joan nintzen pertsonaietatik tiraka, haien historiak bilatzen.

Nola joan da idazteko prozesua?

Hasieran oso tarteka idatzi nuen. Nik ez diot loari ordurik kentzen idazteko, orduan ditut ditudan orduak, noizean behin lan egin behar da dirua irabazteko, gero umeak izan nituen… Tarte gutxi eduki nuen. Egon nintekeen hilabeteak idatzi gabe, baina buruan beti pertsonaiak nituela. Notak hartzen nituen eta koadernotan edozein lekutan agertzen ziren gauzak nahastuta. Gero, tarte bat nuenean lan bat bukatu eta hurrengoa hasi bitartean, esaten nuen, benga, orain idatziko dut, orduan ateratzen nituen paperak, behar nuen aste oso bat sartzeko, gero neukan beste aste bat lan egiteko, eta gero ja bukatuta. Oso prozesu intermitentea.

Zer dela-eta?

Alde batetik, beste gauza batzuk daudelako, eta beste alde batetik, uste dut, ez niolako garrantzi nahikoa ematen idazketari, ez nuen esaten honek behar du denbora gehiago, garrantzia eman behar diot. Garrantzia eman behar zaio, bestela ez zara jartzen. Nik uste dut hor aldaketa bat etorri zela esan nuenean, ez, hau garrantzitsua da, ez da gauza bat utzi dezakedana egin gabe eta ez du inporta. Ez, konturatu nintzen inporta duela, eta onartu nionean garrantzia hori, lekua egin nion, eta utzi nituen beste gauza batzuk. Eta orduan sartu nintzen. Eta fase intentso hori izan dira pare bat urte.

Liburuan gauza asko iruditu zaizkit bereziak eta bitxiak. Kontraste asko agertzen dira: iragana eta oraina, hiri eta natura…

Hasieran esan dizut pertsonaiak nituela buruan eta horiei tiraka egin dudala. Gero, zuk aipatzen dituzun lotura horiek guztiak, horiek ez daude erabakita. Idatzi ahala gertatu egiten dira, ni konturatzen naiz gertatzen ari direla eta hartu egiten ditut, landu egiten ditut, eta horrela joan dira gai batzuk agertzen eta obsesio bihurtzen. Gaiak ez neuzkan aldez aurretik, baina horrek ez du esan nahi inkontzientzia totala denik, zeren momentu batean ikusi egiten dituzu eta landu egiten dituzu.

Liburuaren hasieran, Añesek, pertsonaia nagusietako batek, Berlinen bizitzen hasi den etxea konpontzeari ekin dio, eta paretetako papera kentzean, hantxe agertzen dira bertan bizitako beste batzuen mezuak, bizitzak… Marta adiskideak kontatu dio, ondoren, antzeko zerbait gertatu zitzaiola berari Parisen, hormako papera kendu eta zirrimarra batzuk agertu zirela. Etengabeko elkarrizketa dago bi hirien artean, eta etengabe ikusten dugu nola eraikitzen diren hiriak geruzaka, sedimentazioan.

Añesen etxeko hormaren historia hasten da irudi batetik. Nik irudi hori daukat, hasten naiz eszena hori kontatzen, eta hasiera batean anekdota bezala zegoen, baina momentu batean hasi nintzen hor sakontzen, bietan, Añesen etxekoan eta Martaren etxekoan. Askotan, hasten zarenean gai batean sartzen, beste edozer gaitan aurkitzen duzu horrekin lotura, eta Parisekin horixe gertatu zitzaidan, hasi nintzen Pariseko Komunari buruz irakurtzen, sartu nintzen mundu horretan, eta orduan hasi ziren loturak agertzen Berlineko 90eko hamarkadarekin, baina da gaiak daudelako buruan hain obsesio bihurtuta, ze ikusten duzu film bat, irakurtzen duzu zerbait egunkarian, eta buruak egiten du, klak, lotura.

Orduan loturak hor daude baina ez daukagu beti kontzentrazio edo obsesio maila iguala?

Geruzak aipatu dituzu lehen, eta uste dut oso geruzaka egin dudala lan, garai batean bakarrik geruza batean, edo kolore batean sartuta. Orduan, geruza edo kolore hori hain dago presente zure buruan, ze beste gauza bat irakurtzean edo entzutean berehala egiten duzu lotura. Hori bai, sortzen denean, apuntatu egin dut, eta hortik tiraka egin dut. Kasualitateak dira, baina kasualitate horri jarri diozu lur bat, sartu zara hor gaian buru-belarri eta utzi diozu gertatzen, bestela, berez, ez litzateke sortuko.

Neguko argiak deitu diozu liburuari, horra beste kontraste bat.

Izenburua oso berandu etorri zen. Momentu batetik aurrera, titulua zen Itzulera, eta halako batean bidali zidan lagun batek mezu bat, Martin Bidaurrek atera zuela izenburu horrekin liburu bat…. Aldatu beharra zegoen eta, egunkaria irakurtzen ari nintzela, esaldi bat topatu eta gustatu egin zitzaidan.

Berlinekin lotzen duzu?

Hitzak apuntatu eta gero konturatu nintzen argia oso presente zegoela liburuan: nola sartzen den leihotik, nola sartzen den zuhaitzetik, nola dagoen piztuta gauean leiho bat… Ikusi nuen askotan esaten nuela argiari buruzko edozer. Gainera, Berlineko kontakizuna neguan kontatuta dago, baina Añesen oroitzapen asko udakoak dira, orduan udako argi horrekin sartzen dira bere Berlineko gris horretan.

Eta udaberrian bukatzen da liburua.

Bai. Gero, ikusi nuenean oroitzapenak oso presentzia handia dutela liburuan, zentzu handiagoa hartu zuen, zeren niretzat oroitzapenak dira buruko iluntasunean pizten diren argiak bezala.

Egitura garbi zeneukan hasieratik? Atal laburrak dira, oso izenburu soilekin.

Atalen izenburuak lanerako erabiltzen nituen, jakiteko atala bakoitzean zer gertatzen zen. Ipintzen nituen kapituluen izenak halako txartel batzuetan, eta txartelak ondoren horman jartzen nituen, liburuko ordenan, eta egiten nuen hori noizean behin ikusteko zer egitura zihoan sortzen, nik ulertzeko zer ari nintzen egiten, batzuetan bisualizatu beharra nuen. Batzuetan hasten nintzen txartelak mugitzen eta probatzen zer gertatzen zen atalak lekuz mugituz gero.

Hasieratik nekien zatika kontatuko nuela, ez nuen ikusten beste modurik. Kontua zen zer ordenatan jarri zati horiek, lortzeko momentu batean zati batek izatea behar zuen garrantzia, zer izan behar zuen inguruan, ulertu ahala izateko.

Eta hori asko kostatu zaizu?

Asko, zeren pieza asko ziren.

Berrogeita lau.

Liburuaren zati batzuetan, egitura nahiko arin finkatu nuen, baina gero geratzen ziren pieza solteak, eta horiek non sartu, edo kendu, edo batu beste batekin… Hor, egia esan, froga asko egin ditut. Ni ikus-entzunezkoetatik nator eta askotan muntatu eta editatu dut. Sentitu izan dut liburua editatzen ari nintzela, eszenak editatzen.

Aipatu dugun pertsonaia sail horretan era askotako harremanak daude, eta polita iruditu zait, hiriarekin lotzen direla harreman azkar, azaleko eta efimeroak, baina liburuan agertzen direnak, ordea, ez direla halakoak.

Momentu batean konturatu nintzen hori horrela kontatu nahi nuela. Benetako harremanak izan behar zutela, eta elkarrekiko zuten kezka horrek, elkarrekiko zaintza horrek izan behar zuela pertsonaientzat aingura bat, hiriaren noraez horretan, nahiz eta jakin igual ez direla izango betirako harremanak, baina bai, behintzat, benetakoak.

Banekien euren arteko harremanen mugimenduari jarraituz idatzi nahi nuela eta gero konturatu nintzen zirela harreman mota berezi bat. Badaukate igual zerbait efimeroa, baina ez dira garrantzirik gabeak, garrantzia dute, eta horri eman nahi nion tokia.

Pertsonaiek elkarri eusten diote.

Bai. Eta nik uste dut beraiek ere badakitela hori nahi dutela beren bizitzan, eta halako harremanak bilatzen dituztela beren bizitzan, kontziente direla horrek zer ematen dion beren bizitzari, zer alde dagoen harremanak horrela izan edo ez.

Hildakoak hasieratik daude presente liburuan, hildako bat zehazki, Esteban, baina harritu ninduen bat-batean hark pertsonaia gisa parte hartzeak.

Igual ez duzu espero agertu egingo dela.

Hori da.

Horrela esan dut beste elkarrizketaren batean, eta horrela da. Hasierako pertsonaia sail horretan, Esteban ez zegoen, eta momentu batean agertu egin zitzaidan eta eskatu zuen lekua nobelan. Niri ez zitzaidan ondo iruditu, baina tematuta jarraitu zuen eta pentsatu nuen proba batzuk egingo nituela, ea funtzionatzen zuen. Oso zaila iruditzen zitzaidan bera sartzea mundu horretan, baina aldi berean erronka moduan hartu nuen, eta orduan hasi nintzen idazten pasarte batzuk oso bisualak. Kostatu egiten zitzaidan, baina aldi berean gozatu egiten nuen horiek sortzen.

Zirrikituak deitzen dira pasarte horiek.

Bai, eta izena ipini nienean, horrek lagundu zidan pila bat ulertzen zelan sartu nezakeen pertsonaia. Hasieran ez zuen lehenengo pertsonan hitz egiten, eta gero hasi nintzen probatzen hori, eta iruditu zitzaidan bazuela bere zentzua hortik saiatzeak, eta azkenean topatu nion lekua pertsonaia horri, eta pertsonaia horrek ekarri ditu beste gai batzuk, adibidez, zer-nolako presentzia duten hildakoek gure bizitzan.

Oso polita iruditu zait nola itxi duzun ildo hori, momentu batean konpontzeko zaila zirudien, bien artean mina eta gatazka dagoelako, eta Esteban hilda dagoenez zail samarra dirudielako hori bideratzea, baina, azkenean, erritu bat egin eta utzi egiten dio joaten.

Prozesu nahiko terapeutikoa da. Ez dakit, baina suposatzen dut terapietan ere ildo horretatik landuko dutela dolua: terapia batzuetan errituen bitartez, edo kanpoko adierazpen bat bilatuz, ematen zaiela konponbidea barruan gertatzen diren gauzei. Nik, terapeuta bat beharrean, Xuan pertsonaia erabili dut, beste erlijio bateko munduaren ikuskera dakarrena.

Harreman positiboez hitz egin dugu baina badaude harreman kaltegarri batzuk ere liburuan: Añes eta Brunoren artekoa eta Marta eta Martinen artekoa.

Gogorrena da edonori ahal zaiola gertatu, inor ez dago salbu. Zuk izan ditzakezu oso harreman onak zure lagunekin, zure familiarekin, edo ez dakit beste bikote-harreman batzuk ere, eta horrek ez zaitu salbatzen horrelako harreman batean sartzeko. Halako batean edonori ahal zaio gertatu horrelako harreman destruktibo batean sartuta egotea. Bai Añesena bai Martarena ispilu bezala daude: harreman batean kontatzen ditut gauza batzuk, gero beste batean kontatzen ditut beste batzuk; bien artean kontatzen dute harreman mota horien irudi bat.

Hasieran, Añes eta Marta biak oraindik Parisen daudenean, narratzaileak aipatzen du Marta dela bere burua gauza kaltegarrietatik babesten dakien norbait. Gero, ordea, Berlinera doa Martinekin bizitzera, eta…

Badirudi igual diskurtso feminista oso barneratuta baldin baduzu ez zaizula inoiz gertatuko, baina gertatu ahal zaizu. Eta gero oso zaila da hortik irtetea.

Añesen kasuan, besteak beste, Martak lagunduta ateratzen da harreman toxikotik. Martak, berriz, ez du Martin uzteko erabakia hartu, baina, gutxienez, lagunak ditu inguruan, eta badirudi horrek arindu egiten duela egoera.

Martak badauka abantaila bat Añesen aldean, zeren, badauka lagun bat ikusten ari dena zer ari den gertatzen, eta hitz egiten duena berarekin, eta igual ez dio hau eta hau esango, baina hor momentu batzuetan igual ispilu egin ahal dio. Oso zaila da lagunaren funtzioa, zeren ikusten ari zarena zuzenean esaten baduzu igual lortzen duzu kontrakoa, zure lagunak igual jarriko du harresi bat, baina ezer ez esatea ere. Añesek, hor funtzio zaila dauka, baina Añes Parisen zegoenean Brunorekin, ez zeukan inor inguruan funtzio hori egingo zuenik, eta orduan askoz ere zailagoa da, ez daukazunean norekin konpartitu. Askotan, harreman barruko gauzak zailak dira atzematen, kanpotik ez daukazu aukerarik ikusteko zer ari den barruan gertatzen, eduki behar duzu norbait oso hurbil, bestela… Norbait egon daiteke denbora pila bat halako harreman batean eta ingurukoak ez konturatu.

Bazeneukan kezka bat halako harremanekin?

Bai. Igual inguruan izan ditudalako, bat baino gehiago, eta ez duzu espero. Nola gertatu zaio hori halako emakume bati? Nola egon da hainbeste urte horretan sartuta? Aztertu nahi nuen.

Interesantea iruditu zait: Añes harreman toxikoan ezagutu dugu, baina baita ondoren ere, hura utzita, osatuta.

Uste dut prozesu hori lan handia dela eta Martaren kasuan badauka agrabante bat, haurdun dago-eta. Ume baten esperoan zaudenean eta badakizunean zure bizitza aldatuko dela zeharo askoz zailagoa da onartzea zer motatako harremanean zauden, zeren jarraitu nahi duzu pentsatzen hori aldatuko dela, hobera joango dela… Beldur handiagoa ematen dio.

Gaur egungo gaiak tarteka agertzen dira liburuan: entzuten duten musika, Iraneko egoera politikoa, hirigintza…

Añesek eta Martak asko hitz egiten dute euren harremanei buruz, baina banekien ezin zutela hitz egin bakarrik horretaz, sesgatuegia iruditzen zait. Hitz egiten dugu gauza askotaz, hitz egiten duzu zelan zaude eta zelan honekin, baina baita ere abesti hau entzun dut eta, enteratu zara honetaz… gauza horiei guztiei lekua egin nahi nien harremanetan.

Hirigintza dela-eta, nik ez dakit beste leku batzuetan nola den, baina Berlinen asko hitz egiten da hiriaz beraz, da gai bat oso presente dagoena, zelan dagoen hiria aldatzen, eta ez hori bakarrik, jendeak badaki diskoteka hori dagoen lekuan lehen banku bat zegoela, jendeak badaki zer izan diren eraikinak, zer egon den aurretik, eta komentatzen du zer ari den gertatzen hiriarekin. Normala da, sekulako aldaketa gertatu delako oso denbora laburrean.

Gaur [apirilaren 2an] irakurle-talde batera zoaz Eibarrera. Gogoz zaude?

Oso jende gutxik esan dit ezer liburuari buruz, beraz gogoa dut, bai. Ez dakit norbaiti gustatu bazaio zer den gustatu zaiona.

Niretzat oso ondo eraiki duzu giroa, sartzen zara eta hor zaude pertsonaiekin, beren egunerokoan. Uste dut oso ondo lortu duzula eguneroko hori islatzea, ez da erraza egunerokoa bere horretan literaturara ekartzea.

Hori hasieratik nekien. Hasieratik nekien egunerokotasunean kokatuko nituela. Ez dago drama super handirik, gertatzen dira gauzak, baina zarata handirik gabe gertatzen dira, eta hor mugitu nahi nuen.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.