Jon Barberenaren iritzi artikulua: “Luxu prekarioa”

Jon Barberenak hirugarren iritzi artikulua publikatu du “Sinadurak” atalean: “Luxu prekarioa”.

1200px-Jon_Barberena_Ibarra

Sormena bakardadea da. Bertso eskolako pareta zartatuari kantatutako bertsoen oihartzuna; antzoki hutsetan gorpuztutako pertsonaien bakartzea; soinua doinu eta doinua musika bihurtu nahian, kitarrarari eginiko zirri intimoa; eta flexoaren fokopean, inoren oniritzirik gabe, paper zuriari tatuatutako azala.

Sormena biluztea da. Barne-barneko alderdi izkutuena azaleratzeko saiakera, norberaren eremu ezezaguna ezagutzeko aukera, antzeztutako hainbat pertsonaiaren gorpuzkinetan erbesteratzeko lotsagabekeria eta intimitatearen atea zabaltzeko ausardia.

Sormena frustrazioa da. Helmuga abiapuntu berria bihurtzen den lekua; hurbildu ahala, urruntzen doakigun helburua; seinaleztatu gabeko bidegurutze korapilatsua eta betierekoa; paper bola zimurtuaren lurreratze etsigarria; isiltasun deserosoaren xuxurla; eta gose asegaitza.

Sormena prekarietatea da. Mundu azkar eta mekanizatu honetako artisau lan motela, lanordu amaigabeen batuketa, akaberarik gabeko hilabete bukaera, zer galtzerik ez duen sakela urratua eta ziurgabetasun ekonomikoa ziurtatzen duen ogibidea.

Sormena kanpoko isiltasuna hausten duen barne erraietako burrunba da, galdera erretorikoz jositako bakarrizketa luzea, bikoterik gabeko bals dorpe eta arritmikoa, errealitatetik ihes egiteko lasterbidea.

Baina, aldi berean, errealitatera itzultzeko bigarren aukera izan daiteke sormena: hanken mugimendu konpasatua; zalantzak argitzen dituen erantzun-orria; eta, barneko burrunba kanporatuz, isiltasun likatsua desinfekta dezakeena. Sormenak aberastasunez betetzen ditu bihotzaren ezkerreko eta eskuineko bentrikuluak, zimurtutako paper bolei hitz bat kimatuko die eta biluztuko zaitu. Larrugorritan eta babesgarri gabe utz zaitzake, baina gizarteak jarritako armadurak ez ditu zure mugimenduak dorpetuko eta garden agertuko zara ispiluaren islan. Eta bai, sormena bakardadea da, baina bakardade partekatua. Eta hori luxua da. Luxu prekarioa, ordea!

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

0 Responses to Jon Barberenaren iritzi artikulua: “Luxu prekarioa”

  1. Ines Castiella Imaz says:

    Sormena gutxi batzuren eskutan dagoen luxua da, Jon Barberenarenetan, adibidez!