EBROZ BESTALDETIKOAK

20190322_125148

Duela aste batzuk Raul Guerra Garridok 1969 urtean argitaratu zuen Cacereño nobelaren urteurrena ospatzeko Gizpuzkoako Aldundiako Kultura Sailak  “Raúl Guerra Garrido 2019″ liburua aurkeztu zuen, non Raul Garridoren nobelaren omenez hainbat idazlek parte hartzen duen Cacereño gogoetagai. Cacereño izan zen, oro har, 50-60 hamarkadetan Espainiaren alde ia guztietatik Euskadira etorritako langile xeheen bizipenak ardatz zituen aurreneko nobela. Areago, Raul Guerra Garridok Cacereñeko etorkinen nondik norakoak garaiko euskal giro ozpin edota tirabiratsuan kokatzen zituen ETAren ingurukoa hizpidera ekarriz gaztelaniazko goi mailako literaturako. Gauzak horrela, ez da batere harritzekoa Cacereño oso bere garaiko nobela bat izatea, hau da, funtsean “soziala” edo “ideologikoa”, hots, ezer baino lehen garai eta gizarte baten berri eman nahi zuena. Halere, Cacereño bazen ere Ebroz bestaldeko etorkinen gaia ikuspegi literario batetik jorratu duten nobela bakanetakoa eta batik bat euskal idazle baten aldetik, euskaraz zein erdaraz. Izan ere, nik uste dut, Cacereño alde batera lagata, Ebroz bestaldeko etorkinen gorabeherek ez dutela aparteko agerpenik izan erdal zein euskal literaturan hain gai garrantzitsua, oinarrizkoa, izanda Euskal Herriko Historia garaikidean, hein handi batean euskal gizartea, gaur ezagun zaigun bezala, goitik behera erabat eraldatuz.

Izan ere, nik ez dut gauza handirik, ez taxuzkoa, irakurri garai haietako emigrazioari buruz Txani Rodriguez idazlearen Agosto (2013) liburua eskuartean eduki arte. Zer esanik ez, Cacereñotik Agostora ia dena aldatu da literaturan lau hamarkadotan. Gaur egun literaturak baztertu egin du nahikotxo 60-70 urteetan hain berezkoa zuen zama soziala edo, zer esanik ez, literaturaren ustezko edo balizko adar ideologikoa eta betiere garaiko joerei lotuta. Gaur egungo literaturak berreskuratu du, zorionez, gauza txikietan erreparatuz mundu bat sortzeko duen ahalmena, hau da, gizabanakoen barne kezkak eta istorioaren muina bilakatzeko gaitasuna. Edo bestela esanda, agian apurtxo bat gordinik ere, Cacereño fenomeno zein garai zehatz batzuen lekukotza da gehienbat, hots, ezin txukunagorik taxututako istorio bat, Agosto, aldiz, fenomeno eta garai horiei buruzko argazki literario benetan eder, xume, sotil eta batik bat sentimenduz zein gogoetaz naro bat.

Eta euskaraz? Baliteke zer edo zer egotea etorkinen gaia, batez ere hain funtsezkoa edo nonnahikoa izanda Euskal Herriko historia garaikidean, nonbait eta nolabait aipatzen duena. Niri ez zait, berriz, bat ere akordura etortzen, ez baldin bada Riomundo (20059 izeneko nobela, non Jon Maia bertsolari ezagunak bere biografiaren hainbat pasarte jorratzen dituen kanpotik Euskal Herrira etorritako gurasoen nondik norakoak gogoratuz eta berak txikitan edo bere nortasuna osatzeko izan zituen buruhausteen kontura. Liburu benetan ausarta eta batez ere oso adierazgarria euskaldun askoren etorkinekiko harreman zein jokabideei buruz, eta betiere azken urteotan zahar izandakoa ainzat hartuta, eta gainera, gauza benetan bitxia eta aldi berean azpimarratzekoa, delako euskalgintzaren parte ere den pertsonaje baten larrutik.   

Baina egon, egon bada beste begirada bat euskaraz ere poesiaren aldetik, edo zehatzagorik esanda, Juan Ramon Makusoren begietatik Hiri Gorazarre (2006) poemategian, non Errenteria/Orereta akordura ekarrita hirira bertara iritsitako etorkinen gaia ere prestuki jorratzen duen, hau da, poesiak gauzak hitz gutxitan biltzeko duen indar hunki/ ikaragarriaz. Honatx Burdina Garabi Urtuan poemaren hainbat parte eder eta batez ere esangurutsu honaino idatzitako hizpidearen harira.

Iraganetik oraina ezkutatu arte

ene Errenteria inorena zen bitartean.

Fabriken ke artean hiria sortzen zen

iraganetik oraina ezkutatu arte.

Manchester txikia handia zen

umearen begi aurrean.

Handitasuna murrizten zen

euriaren sare herdoilduan.

Ez dut odoletan eraikitako kalerik nahi

gorrotoaren ezpalak baino ez direlako.

Argirik gabeko iluntasuna zabaltzen da

gizakirik gabeko kale estuetan.

Ene Errenteria inorena zen bitartean

iraulia geratu zen herriko plazan bildutako

hiritarren izpiritu izoztuetan.

Hiria sortzear dago sororik gabeko eremuetan,

iraganetik oraina ezkutatu arte.

      ———————————-

 

Herrigabeak daude

baina hiria hiritartasuna

nik

badaukat.

Ibilian karrikan itsasoratzean

ametsek ez dute mugarik.

Ez dago marrarik, ez dago geografiarik

baina hiria hiritartasuna

nik

badaukat.

Leku bat lekurik gabeko garaietan.

Irribarre bat ezpainik gabeko aurpegietan

baina hiria hiritartasuna

nik

badaukat.

Ustezko argia, itzala baino ez da.

Keak ez du ikusten

gure begirada itsutzen duenean

baina hiria hiritartasuna

nik badaukat

Juan Ramon Makuso – HIRI GORAZARRE (2006)

Txema Arinas

Oviedon, 20019/04/08

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.