Zigor garratza

Tabernazuloko sasi-txakolina
edo, leihoratu zen txiribogina
iratzarraraziz geroztik, ozpina
irentsi genuen behin, alajaina!

 

Mozkor arrail bost axola ekoizkina?
Txikiteoa luzatzeko lotsa ziztrina
gehi ardozalekeria gordina
berdin hordigarriarekiko grina.

 

Azken edari horren kutsu samina
gutxi-asko galdu zitzaigun antzina,
ospakizunak utzi zigun erpina
oroimenetik lausotu gabe baina.

 

Igande gaueko parranda bikaina
laburbildu ordez, botila zikina,
eztarria busti orduko muzina,
zurrutalariontzako higuina…

 

Kinka hartan ez ginen behar adina
haserretu, beranduegi, jakina,
aitzurrek bazeukatelako girtaina
urra genezan etxeranzko zuina.

 

Lehenago berotutako ezpaina
egonkortu ahala, mihi arina
lehortzen zihoakigun, aho-lurrina
nabaritu arte, hots, pattar-usaina.

 

Ondorioz, hona hemen zinkurina:
Zelako biharamun jasanezina,
belaunikaturik ezker-eskuina,
nahiz eta saihestu negar-zotina.

 

Errudun bakarrak izango bagina
gaitzetsiko genuke mahastizaina.
Dena dela, betor jarrera txolina,
neurritasuna lagun geure muina.

 

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.