Maixa Zugastiren iritzi artikulua: “Itsas ertzetik”

Maixa Zugastik hirugarren artikulua publikatu du “Sinadurak” atalean: “Itsas ertzetik”.

naufragioHondoratzea, W. Turner

Mendi aldean jaioa izanda, horixe izan da nire haurtzaroko paisaia, eta, agian, horregatik sorgintzen nau horrenbeste itsasoak: udan, ertzetik begiratzen diot ur hotz urdinari, eta magalean izaten dudan liburuko orrien luzapen bihurtzen da, begirada eta pentsamenduen kulunka; neguan, labarretik gerturatzen naiz ipar haizeak ausart bihurtzen duen lur bustiaren orrora.

Udako eguzkipean olatuak jendez betetzen direlako, nostalgiak bultzatzen du, neguan, itsaso bakartia jendearen bila: labarrak bereganatzen ditu, hondartzei beren ondarea itzultzen die enbor eta zabor artean, eta amestutako jendearen udako garrasiak entzutea lortzen du. Kostaldera gerturatu den idazleari ere ur bitsak zipriztintzen dio orri zuria, eta, konturatu gabe, urdin minak bere lurralde bilakatzen du. Horregatik dira ederrak itsasoak arrantzatutako lerroak, Conradenak, Stevensonenak, V. Wolfenak, edonorenak, baina, batez ere, poeten begi bustiek idatzitakoak; itsas hondokoak direlako.

Itsasoa ez da bakartia. Sarritan, ordea, ez da ohartzen, maitaleen begirada, jendearen irribarrea edota umeen barre algara lortzeko orroa behar ez duenik. Itsasgizonek diote itsas barnean oraindik badela bakardade ilun bat ilargirik gabeko gau itxietan, argiztaturiko gure mundutik urrun, izpirik jasotzen ez duen itsaso sakoneko iluntasunaren ispilu. Eta bakardade minez jota dagoelako irensten ditu ilunak itsasontziak, arrantzaleen ametsak eta gorputz beltzak.

M. Durasen amak ezin izan zion mugarik ipini lur antzua bere egiten zuen itsaso zabal beldurgarriari. Gau ilunetako ekaitzetan izua sartzen digu erraietaraino orro beldurgarriak. Hori ondotxo zekiten Adolf Eichmann heriotzara kondenatu zuenak; bere errautsak itsasoan barreiatu zituen inon bakerik ezagut ez zezan.

Gaur ere, itsas aldera gerturatu naiz. Lasai zegoen, udaberriko eguzki izpi zuriek begiradaz bete diotelako ertza. Bareak ziren gaur haren hitzak, eta ozta-ozta entzun dut haren ahotsa Haizearen orrazia-ko ubideetan barna: aitortu dit badela bere uretan urezko hilerri bat baino gehiago…

This entry was posted in Albisteak, si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.