Xabier Etxaniz Rojok “Denok gara Google” eleberria plazaratu du

Xabier Etxaniz Rojok Denok gara Google eleberria plazaratu du Erein argitaletxearen eskutik. Bi hari, bi istorio, komunikazioaren lubaki teknologikoen garaiaren isla: maitasun istorio bat, gerra zibilera begiratzen duen kontakizuna, bilatzen ari diren pertsonei buruzko narrazioa.

Egileak prentsaurrekoan azaldu duenez, Google gure bizitzetan guztiz txartatua dago egun. Nolakoak ziren Google aurreko garaiak, nola bizi ginen? Denok gara Google liburuko kontakizuna anekdotatik haratago doa, dena den, Google pertsonen funstzeko ezaugarri baten marka bilakaturik: bilaketari buruz hitz egiten du funtsean liburuak, “Denok bilatzen dugu zerbait, eta bila genbiltzan hori topatzen dugunean,bilaketa berriak egiten hasten gara.Batzuetan hobea izaten da bilatzen duzun hori ez topatzea. Bai baitago ez jakitea baino gauza latzagorik.”

Ikus jarraian liburuaren aurkezpena osorik:

Sinopsia:

denok gara google

Eleberri honetako protagonistak bila dabiltza. Horietako bat eguzki-lore baten azpian ezkutatzen den emakume baten bila dabil; beste bat, berriz, iraganeko mamu baten peskizan ari da. Badakite zer bilatu nahi duten. Ez dakite nola. Badakite zer bilatu nahi duten, zer topatuko duten ez dakite ordea.

Bilaketak. Bizitza osoa ematen dugu bilatzen: zoriontasuna, maitasuna, dirua, ospea, sexua, arrakasta, lana, ongizatea, egia… Denok bilatzen dugu zerbait, eta bila genbiltzan hori topatzen dugunean, bilaketa berriak egiten hasten gara.

Batzuetan hobea izaten da bilatzen duzun hori ez topatzea. Bai baitago ez jakitea baino gauza latzagorik.

“–Maite dozu maitalea?

–Bai, izugarri.

–Eta bikotekidea, maite al dozu?

–Bai, izugarri.

–Bi pertsona itzel maitatzea posible da, ala?

–Ez dakit posible den baina nik egiten dut.

–Nik esandako guztiak gogoratzen dozuz?

–Ez, soilik interesatzen zaidana. Bestea erreseteatu egiten dut.

–Iñigo.

–Zer?

–Zergatik kontatu deustazu hori guztia?”

 

Egileari buruz:

xabier etxaniz rojo

Xabier Etxaniz Rojo (Trintxerpe 1971)

Bere literatur ibilbidean ipuingintza da gehien jorratu duen generoa. Bost ipuin bilduma argitaratu ditu: Begiak itxi eta kitto (2000), Hamar manamenduak (2002), Nork bere ozeanoa (2006), Txatartegirako ipuinak (2010) eta Sirena-hotsak (2013).

Ipuingintzaz gain, beste genero batzuk ere jorratu ditu, hala nola kronika Ekialdetik iritsi zen Enara: nazioarteko adopzio baten istorioa (2008) eta eleberria Koadro isila (2003, Donostia Opera Prima saria)  eta Waterloo-n galdutakoak (2016).

Hainbat urtez zutabegile aritu zen Berrian, Irutxuloko Hitzan eta Aizu aldizkarian.

1993az geroztik, A EKn dabil irakasle lanetan.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.