Literatura maratoia egingo dute Durangon, maiatzaren 10ean

Seigarren urtez antolatu dute, Durangon, Hitzez eta Ahotsez zikloa. Aldiro, gai bat aukeratu, eta horren inguruan antolatzen dituzte hitzaldiak, solasaldiak eta irakurraldi girotuak. Aurten, askatasuna hartu dute gaitzat. Urtarriletik hona, hainbat ekintza antolatu dituzte, eta maiatzaren 10ean egingo dute beren festa nagusia: 7 orduko irakurraldi girotua. Jarraian bildu dugu zikloari buruzko informazio gehiago.

Captura de pantalla 2019-04-29 a las 12.21.59

Aurten, askatasuna

2014. urtean, Durangaldeko zenbait literaturzale batu ziren eta Sarri, hitzez eta ahotsez egitasmoa burutu zuten. Ia 200 lagun batu ziren. “Erantzun hori ikusirik, bigarren edizioa antolatzen animatu ginen”. Eta, urteek aurrera egin ahala, gehiago indartu da egitasmoa, eta seigarren edizioa antolatu dute jadanik. Aldiro, gai baten bueltan jarduten dira, eta, aurten, gai handia aukeratu dute: Askatasuna.

Urtarriletik hasita, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Adibidez, Bertsoraino izeneko hitzaldia eskaini zuen Uxue Alberdik urtearen hasieran, Durangoko Arte eta Historia Museoan, eta otsailean eta martxoan solasaldi dialogikoak egin dituzte Bizenta Mogel Bibliotekan. Ondoren, apirilean Dorleta Kortazar ipuin kontalariak Berba Kateauak ipuin saioa eskaini zuen.

Literatur maratoiaren txanda iritsi da

Maiatzarekin batera iritsi da zikloko ekitaldia nagusia: 7 orduko irakurraldi girotua egingo dute, Plateruena Antzokian, arratsaldeko 5etan hasi eta gauerdira arte. Parte-hartzaileek biak irakurri ditzakete: beren testuak eta besterenak. Betiere, askatasunari buruzko testuak izan behar dute, kontzeptua zentzu zabalean hartuta.  Gainera, aurtengo edizioan, eta jendaurreko irakurraldia prestatzen aldera, Beldur eszenikoari aurre egiteko teknikei buruzko tailerra eskainiko du Julen Orbegozo EHUko irakasleak Plateruena Antzokian. Etzi izango da hori, maiatzaren 2an, 19etatik aurrera. Antolatzaileek adierazi dutenez, ordu eta erdi inguruko saioa izango da.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.