Literaturiak hartuko du Zarautz

Aurten seigarren aldiz antolatu dute Literaturia jaialdia Zarautzen, bihartik hasita igandera arte. Antolatzaileen esanetan, ahalegin berezia egin dute aurten literatur jaialdi hutsa izan ez dadin. Besteak beste, liburu-azoka indartu nahi dute. Albiste honetan bildu ditugu aurtengo edizioari buruzko xehetasunak.

Captura de pantalla 2019-05-06 a las 11.12.51

Maskara gaitzat hartuta, Literaturia jaialdia egingo dute asteburu honetan Zarautzen, bihartik hasi eta igandera bitarte. Antolakuntza-taldeko kide Yoseba Peña pozik agertu da aurtengo gaiarekin, hain justu ere “literaturaren beraren metafora eder” gisa balio dezake-eta. Peñaren arabera, seigarren urte honetan, jaialdia jada kontsolidatu da herrian eta eskualdean, baina, euskarazko literatura bultzatzen duen jaialdi bat izanik, “bisibilitatea” dute oztopo nagusi.

Horri aurre egin nahian, auzolanean aritu dira herriko ikastetxeekin, argitaletxeekin eta beste elkarte batzuekin, hala nola EIZIE Euskal Itzultzaileen Elkartearekin. Peñaren arabera, bidea ez da “parakaidistarena” egitea, hots, besterik gabe herrian lur hartzea, ezpada irakurleak formatzea eta beste eragileekin saretzea eta lan egitea. Helburu hori gogoan, adibidez, komiki-tailerra antolatu dute aurten, Axpi ilustratzailearen eskutik.

Bestalde, liburu-azokari indarra eman nahi diotenez, liburu-bonuak jarri dituzte martxan. Iaz, haurrei zuzendutako ekitaldietan baliatu zituzten halako bonuak, eta emaitza onak jaso omen zituzten. Beraz, aurten, sarrera ordaindu beharreko ekitaldietan, sarrerarekin batera deskontu bat emango da. Gainera, aurten irekiera-ekitaldi ofiziala egingo dute, eta egokiera aprobetxatuko dute Anjel Lertxundiren Otto Pette liburuaren hogeita bostgarren urteurrena omentzeko.

Hiru gune nagusi izango dira Literaturian: liburu-azoka bera, Modelo aretoko emanaldiak (hona hemen egitarau osoa) eta Garoako liburu aurkezpenak (hona hemen egitarau osoa). Duela hiru urtetik hona, Literaturiarako manifestu bat egitea eskatu ohi diote idazle bati. Aurten, Iñigo Astizi egokitu zaio.

Haurrentzat, Literattipia

Umeek ere izango dute tarterik Literaturian. Musika plazan bilduko dira haiei dagozkien ekitaldiak (hona hemen egitarau osoa). Itziar Iruretagoiena antolatzaileak azaldu duenez, “bi ekitaldi-mota” prestatu dute txikientzat. Batetik, bi ipuin-kontalari etorriko dira jaialdira: larunbat goizean, Ander Iruretagoiena, eta igandean, berriz, Yolanda Arrieta.

Igandean, gainera, Literattipia egingo dute. Herriko lau ikastetxeekin elkarlanean antolatu dute. Lehenik, Arrietari omenaldia egingo diote bere ibilbideagatik, eta, gero, manifestu bat irakurri eta liburu-trukea egingo dute.


 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.