“Askotan, taldearen egitura hobesten dugu, harremanen gainetik, eta arriskutsua iruditzen zait”

Kabitu ezina izeneko ipuin-liburua argitaratu berri du Aintzane Usandizagak, Elkar argitaletxearen eskutik. Liburuak badu berezitasun estetikorik, izan ere, Pili Aguadoren ilustrazioak datoz-eta barruan –Aguadok egin du, orobat, azaleko irudia–. Zortzi narrazio bildu ditu Usandizagak liburuan, gure gizarteko hainbat kabitu-ezini erreparatuz: laneko prekarietatea, familiako harremanak, kuadrillako botere-dinamikak…

Liburu hau nola sortu da? 

Baneuzkan ipuin batzuk idatzita, eta bilduma egiteko ideia etorri zen nire buruari planteatu niolako lehiaketa batera aurkeztea, ez zuen saririk irabazi, baina aurrera jarraitu nuen proiektuarekin. Bide horretan, lehendik neuzkan ipuinetatik batzuk eraldatuz joan dira, beste batzuk baztertu ditut, beste batzuk sortu… Eta hau atera da. 

Denera zortzi ipuin dira. Diferenteak denak. Nola hasten zara ipuin bat idazten?

Ipuinaren arabera izaten da, baina Askotan, egoera, irudi edo pertsonaia bat gogoan eduki, eta horrek topo egiten du denbora luzez buruan eduki dituzun hainbat gairekin, erabat ohartu gabe ere, eta hortik tiraka joaten da ipuina osatzen. Normalean, idaztera eseri orduko buelta asko eman dizkiot. Lehen bertsio bat idatzi ondoren, lana izaten da kentzea, aldatzea, mugitzea… 

Familia-harremanak agertzen dira ipuinotan hainbat modutan.Gainontzean, ondonarrazioan, adibidez, 3 seme-alabaren ikuspegiak agertzen zaizkigu, eta nolaheltzen dion bakoitzak amaren gaixotasunari eta haren heriotzari.

Ipuin hori eraikitzeko zailenetako bat izan da, ahots ezberdinak maila berean jarri nahi nituelako. Taldetan, eta familian ere berdin, oso ezberdinak gara denok, nahiz eta kontestu oso antzekoa eduki, eta dauzkagu gauzak ikusteko modu ezberdinak. Nik gutxi sinesten dut egia absolututan, iruditzen zait bakoitzaren egia edo bizipen ezberdinak hor bizi direla, elkarrekin. Halaxe gertatzen da narrazio honetan, baina, aldi berean, pertsonaiek ez dute beren egia ahoz gora adierazten, zeren talka egingo luke besteenarekin eta deserosotasun handiak sortuko lirateke.

Ipuineko pasarte batek hala dio: “Etxekoak irudikatu dituegongelan, mundu honetako leku egonkor eta zurrunenean. Hara sartzen deneanberdin dio zer dioen, zer egiten duen, zer pentsatzen. Hormek diotena izango dabera. Eta kito. Zurruntasun horren erosotasuna da, baina, izu gehien ematendiona, atetik sartzearekin badaki nor izan behar duen berak, nor besteak. Etahein batean erraztu egiten ditu gauzak… eta betiereko tranpan erortzen da. Berriro”

Erosoa da zugandik espero den hori errepikatzea, nahiz eta zugandik espero den hori gauza txar bat izan. Pertsonaiek badakite nola jokatzen duen bakoitzak eta zer espero den bakoitzarengandik, ona eta txarra. Oso zaila da hortik ihes egitea. 

Asperduraren biografia izeneko ipuinean badirudinarratzailea testigantza bat ematen ari dela, lehengusu bati buruz, zeinak zerbait larria egin omen baitu. Ez da hala esaten, baina niri iruditu zait maskulinitate oldarkor baten eraikuntza kontatzen dela. 

Asperdurari buruz hasi nintzen idazten, egon nahi ez den egoeretan harrapaturik sentitzeaz, baina gero istorioak beste norabide batzuk hartu ditu baita ere. Badauka zerbait zuk aipatu duzun horretatik, oraindik ere asko entzuten baita nola mutilak diren basatiagoak, edo astoagoak, edo mugituagoak, eta neskengandik aldiz espero da izan daitezela goxoagoak, lotsatiagoak. Nik ehuneko ehun sinesten dut hori eraiki egiten dela. Ipuin honetako pertsonaiak egiten dituen gauza “txiki” horiek neska batek egingo balitu jasoko lukeen erantzuna oso ezberdina izango litzateke. 

Zigor handiagoa jasoko luke, ezta?

Erabat, bai gizartearen aldetik, bai gurasoen aldetik… Baina mutikoak direnean eta batez ere mutikoak oporretan, mendian, baserrian… zama kentzen zaio.

Ipuineko narratzailea emakumea da, eta hala dio une batean: “Barrurantz frustratzen ohitzen ari ginen gu”.

Frustrazioa barneratzea nerabezaroan gertatzen den gauza bat da, batez ere neskekin. Umetan oso kanporaka izandako neskek ere nerabezaroan ikasten dute, onartuak izateko eta gustatzeko, kontrolatu egin behar dutela kanporako joera hori. Neskentzako gomendioa beti da neurritsua izatea, modu guztietan. 

Gaiz beste eginda, prekarietatea eta lan-eremua oso nabarmen agertzen dira zenbait ipuinetan.

Lanaren gaia buruan neukan, eta behin eta berriro atera zait, oso modu indartsuan, lan eskaintzen prozesua. Gure belaunaldiak hasieratik sufritu ditu hautaketa-prozesu amaiezinak: hainbeste aldiz errepikatzen da non ja normalizatu egin duzun. Niri behintzat pasa zait halako prozesutan, askotan, oso gaizki sentitzea eta ez jakitea zergatik, pasarazten zaituztela pasa nahi ez duzun lekuetatik eta askotan ez duzu ikusten ezta zehazki zerk sentiarazten zaituen horrela. 

Hamar urte barru (Lan eskaintza I) ipuinean Remedios Zafraren aipu bat jarri duzu. Arte-eremuan dabil bera, eta zu ere hor ibili zara.

Ipuina idazten ari nintzela, El entusiasmo liburua irakurri nuen, eta horregatik ekarri dut Zafra. Liburu horrek kontatzen du, batez ere, kulturaren eta sorkuntzaren eremuan, nola dagoenprekarietate-sistema oso bat eraikita gure entusiasmoaren, irrikaren, egiten dugunarekiko maitasunaren gainean; prekarioa da denbora aldetik, soldata aldetik eta harremanen aldetik ere bai. Zafrak ikertu du zer eragin eduki duen honetan guztian mundu digitalak, eta bestalde, gauza erabat larri bat aipatzen du: frustratuta bizi gara, baina frustrazio hori onartuz, eta sinetsiz jarraitu behar dugula. Etengabe ari gara gure bizitza atzeratzen, pentsatuz hau egiten badutgero hau egin ahal izango dudala, baina gero hori ez da inoiz iristen. Praktiketan egon zaitezke 30 urtera arte, eta 40 urterekin igual ja zaharregia zara hainbat gauza hasteko. Orduan, zer marjin daukazu? 

Ipuineko beste esaldi batean, hauxe dio potentzialariburuz: “Ez daki hori ona edo txarra den. “Potentziala duzu” esaten zioteneanbezala, oraindik osatu gabeko pertsona bat balitz bezala. Potentziala, zeinenhitz beldurgarria. Norbaitek berez dituen baliabideak hartu eta zaborretarabota ez ditzan mehatxua dirudi, hitza baino gehiago”.

Nik uste dut batzuetan kontraproduzentea dela, jartzen duzu zama bat pertsona horren gainean, gaitasuna badaukazu, ez baduzuaurrera egiten zure kulpa da, eta ez dugu kontuan hartzen pertsona horrek zer testuinguru sozioekonomiko daukan, zer bizitza esperientzia, zama horrek berak blokeatuko duen hori, edo nahi duen ere ustezko potentzial hori garatu, zeren azkenean hori da kanpo balorazio bat, ez da egia objektibo bat. 

Badago lan eskaintzekin lotutako beste ipuin bat: Globoa.Horko horretan, kontratazio-elkarrizketa batzuetan egiten dituzten rol jokoartegagarriak aipatu dituzu. Nik, zorionez, ez du halakorik egin.

Nik bai pasatu behar izan dut halakoren bat. Eta Ipuinean agertzen dena ere erabiltzen da, planteamendu orokorra bai behintzat. Urduritasuna erabiltzen dute pentsatzeko erantzun zuzen bat dagoela, eta ez dago, nahi duten bakarra da ikusi zer jarrera hartzen duzun. Ipuin honetan badago erantzun zuzen bat: elkarrizketatzaileari interesatzen zaiona, berak nahi duen langile mota hori edukitzeko. 

Egoera kontatuko dugu: bost lagun daude lan-elkarrizketabatean. Talde-jolas bat egin behar dute. Beraien CV-ean bestelako gaitasunetanaipatu dituzten ezaugarriak kontuan hartuta, konbentzitu behar dituzte besteakglobo aerostatiko batetik ez ditzaten bota, pertsona bat soberan dago-eta. Etahain justu ere, kontratatzaileek aukeratzen dute pertsona bat (ustez) ez daukana berezitasunik, ez daukana inongo beste gaitasunak, eta benetan bere buruaz uste duela preszindiblea dela.

Gaur egun, lanik arruntenetarako ere denetik eskatzen da, baita lanposturako beharrezkoa ez bada ere. 

Bestalde, sarri zuri ez dizute uzten ezer galdetzen, ez dizkizute baldintzak esan nahi. Gainera demostratu behar duzu merezi duzula, baldintza kaskarreko lanetan ere erakutsi behar duzu bokazioz zoazela, eta zure burua saldu behar hori… Ari gara normalizatzen gauza batzuk niri bortitzak iruditzen zaizkidanak.

Oraintxe nator ipuinean beste egitura sozial indartsu bati erreparatu diozu: kuadrillari.

Taldetan ematen diren funtzionatzeko moduek beti pizten didate interesa, ematen du nerabezaroan gelditzen direla taldetako botere harremanak, eta ez da horrela, Ipuin honetako kuadrillak hogeita hamapiko urte ditu, umeak dauzkate, gutxiago elkartzen dira, baina tarteka bazkariak egin behar dituzte oraindik kuadrilla direlako. Berdin du ondo eramaten diren, bik adibidez ez dute elkarren artean hitz egiten. Ematen du adiskidetasunaren gainetik egitura dagoela. 

Egituraren barruan botere-hierarkia bat dago, baina egituratik kanpo egoera are ospelagoa dela dirudi…

Azkenean, taldea babesa da. Nerabezaroa bereziki bortitza da gauza hauetan, eta taldearen onarpena eta babesa nahi dituzu, nahiz eta talde horren barruan gaizki pasa. Baina somatzen duzu hortik kanpo oraindik eta okerrago pasako duzula. Ez gara kritikoak izaten talde barruan gaudenean, hobesten dugu taldea pertsonen gainetik, eta hobesten dugu taldearen egitura harremanen gainetik, eta arriskutsua iruditzen zait. 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.