Transexualitateari buruzko mapa politiko poliedriko bat

Moio: gordetzea ezinezkoa zen izeneko liburua argitaratu berri du Kattalin Miner idazle eta militante feministak, Elkar etxearen eskutik. Aimar Elosegi Ansaren kasua abiapuntutzat hartuta, bederatzi lagun elkarrizketatu ditu Minerrek, eta, hala, transexualitateari eta memoriari buruzko mapa politiko poliedriko bat osatu du. Pasa den astean aurkeztu zuen lana prentsaren aurrean eta Hernani jaioterrian.

2017an, Tene Mujika beka eskuratu zuen Minerrek. Historia hurbila aztertzea helburu du sariak –Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak antolatzen dute, elkarlanean– eta orain dela 12 urteko jazoera bat hartu zuen abiapuntutzat Minerrek bere proiektuan: 2007ko apirilaren 23an, bere buruaz beste egin zuen Aimar Elosegi gazte transexual hernaniarrak.

Minerrek laguna zuen Elosegi, eta ez du hori ezkutatu liburuan; nolanahi ere, autoreak argi utzi du liburua ez dela Elosegiren biografia bat, eta, alderdi pertsonaletik harago, Elosegiren kasuak islatzen duen egoera sozialak bultzatuta osatu du lana.

Egoneza abiapuntu

Liburua osatzeko lehen izpiaz galdetu zion Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak Minerri, eta egoneza aipatu zuen autoreak. Elosegiren heriotzatik 10 urte pasa zirenean, Miner konturatu zen, lehen aldiz, ez zuela ezer berezirik egin urteurrenaren kariaz. Hasiera batean, doluaren amaiera gisa hartu zuen, baina, handik gutxira, galderak piztu zitzaizkion: gertaeraren transmisioa bermatzen ari ote ziren? Horri tiraka, eguneroko bat idazten hasi zen Miner, baina bide hori ibili eta azkar samar konturatu zen beste batzuekin hitz egiteko gogoa zeukala, eta asko zeukala entzuteko.

Ardura kolektiboaren jakitun

Hala, bederatzi lagun elkarrizketatu zituen –sei ataletan daude antolatuta elkarrizketok–: Ainara, Ane eta Uso, adiskideak; Ander Elosegi, anaia; Ana Txurruka eta Josebe Iturrioz, Medeak talde feministako kideak eta Elosegi hil zen garaian Hernanin proiektu feminista bat dinamizatzen ari zirenak; Maialen Lujanbio, bertsolaria eta Elosegiren agur-ekitaldian parte hartutakoa; Iratxe Retolaza, literatur ikertzailea eta Genero-ariketak liburuaren koordinatzaileetako bat, eta Brayan Altimasberes, gazte transexual hernaniarra.

Elkarrizketak egindako ordenan agertzen dira liburuan, eta, Minerrek esan duenez, “katean” etorri dira, oso organikoki. Nork bere harremana izan du Elosegiren kasuarekin, batzuek gertukoagoa eta beste batzuek ez hainbeste; nolanahi ere, denak agertu dira hitz egiteko prest, ardura kolektibo bat zela jakinik, eta, egilearen arabera, “beren onena” eman dute libururako. Minerrek eskertu egin die agertutako “heldutasuna, pentsamenduen sakontasuna eta kariñoa”.

Gizartearen sailkapen bitarra auzitan

Mendigurenek transen gaur egungo egoeraz galdetu zion zuzenean Minerri: “Zertan aldatu da, eta zertan ez, transen egoera gure gizartean?”. Minerrek, subjektiboki erantzunda, esan zuen minimo batzuk lortu direla. Nolanahi ere, ezin da ahaztu pasa den urtean beste gazte trans batek bere buruaz beste egin zuela –Ekai Lersundi ondarroarrak–, eta horrek agerian uzten du ezezagutza handia dagoela eta baldintza administratiboak oztopo direla oraindik ere.

Minerrek azpimarratu zuen arazoa ez dagoela pertsona transen gorputzean, ezpada jendarteak generoaren arabera dagien sailkapen bitar zurrunean. Ardura, beraz, jendarte osoari dagokio, jendarteko kide guztiek eraikitzen eta berresten baitute maskulino-femenino binomioa.

Herrian bero hartu dute

Prentsaurrekoaz gainera, asteazkenean bertan, jendez bete zen Biteri kultur etxeko areto nagusia. Ordubete inguruz jardun zen autorea Danele Sarriugarteren galderei erantzunez. Elosegi ezagutu zutenak eta ez zutenak bildu ziren han, eta Minerrek gonbidapena luzatu zien bertaratutakoei: hitz egin zezatela beren inguru bederatzi lagunekin –edo nahi adinarekin– gaiaz, dolua egiteko isilaldi premiazkoaren ostean, manten zezatela memoria bizirik.

Ondoren, igandearekin, beste ekitaldi bat antolatu zuten Hernaniko Berdintasun Kontseiluak eta mugimendu feministak elkarlanean. Bertsotan aritu ziren Miren Artetxe, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio eta Eli Pagola, Amaia Agirre gai-jartzailearen esanetara. Sandiusterrin egin zuten saioa, orain 12 urte Elosegi agurtu zuten areto berean. Lepo bete zen, eta txalo zaparradarekin amaitu zen emozioz betetako saioa.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.