Tarkovsky, Hemingway, hiltzaileak

Batzuetan sormen jardunak ezusteko elkarketak ekartzen ditu. Printzipioz ezer gutxi dute komunean Andrei Tarkovsky zinemagileak eta Ernest Hemingway idazleak, baina baten lehen ipuinetako bat izan zena eskolako lehen laburmetraiaren gidoia izan zen bestearentzat.

 

Bi gizon taberna batera sartu dira, eta bertako langile zein bezeroak atxiki. Ole Andreson boxeolaria akabatzeko enkargua dute. Tabernariarekin solasaldi estu eta tentsioz betea izango dute. Bertan dagoen bezero bakarra, Nick Adams bera, lotuta edukiko dute. Hiltzaileak joatean, Andresonen bila joango da abixua ematera, tabernariaren enkarguz. Nick Adams Hemingwayren ipuin ugarietan azaltzen den pertsonaia da, narrazio honetan nerabezarotik helduarora bidean den gaztea.

The Killers. 1927. urtean Scribner’s Magazine-n publikatua, ondoren egilearen ipuin bilduma eta antologietan narraziorik ezagun eta ohikoena. Hemingway-ren estiloan ohikoak izan diren ezaugarriak gordetzen ditu narrazioak: benetako gertaerak ezkutuan bezala daude, lerro artetik doan magma baten modura; irakurtzen duguna ikusi ezin ditugun sinboloen oihartzuna da, edo izebergaren punta; modu errealistan kontatua, dialogoak zuzenak, arinak, hertsiak dira, ahozkotasuna gogora ekarriz baina hartan guztiz murgildu gabe. Esan gabekoez kargaturik doazen dialogoak, erritmo bizia ematen diotenak narrazioari. Sinplekeria esango zuten batzuek bere garaian, baina Heminwayren estiloak eragin bizia izan duen ondorengo estatubatuar idazleengan.

Literaturako dialogoez gogoeta egiteko erabili izan da narrazio hau, eredu gisa. Akaso horregatik, zinema gidoi bilakatzeko aproposa izan zitekeen. Hiru eszena soil dira kontatzen direnak, eta hiru eszenetan kontatu zuen Tarkovskyk ere.

Tarkovsky eta bere ikaskideen eskola lana

Zazpi film zuzendu zituen soilik Andrei Tarkovskyk, eta hala ere zinema zuzendaririk gogoratuenen eta ikertuenen artean dago. Bere testu, zinemarako narrazio eta gogoetek ere itzal luzea izan dute, Le Temps scellé/ Esculpir en el tiempo/ Sculpting in Time delako saiakera batez ere. Bere zenbait lanetan, nabarmena da literaturaren eragina, eta batez ere poesiarekin lotu daitekeen lengoaia.

The Killers Tarkovskyren lehenengo laburmetraia izan zen, bere ikaskideekin batera zuzendua. Antza, berea izan zen ipuin hau moldatzeko ideia. Garai hartan VGIK Errusiako zinema eskolak baliabide eskasak zituen, eta bi edo hiru lagunek osatutako taldeetan biltzen zituzten lanerako. Marika Beiku y Aleksandr Gordonekin sinatu zuen lan hau beraz. Aktore guztiak eskolako lagunak ziren, eta han bertan osatu zuten estatu batuetako taberna bat gogora ekarriko zuen eszenatokia.

Jarraian ikus dezakezue osorik, ingelesezko eta espainierako azpitituluekin ikusteko aukerarekin:

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.