Maixa Zugastiren iritzi artikulua: “Mesanotxeak”

Maixa Zugasti kolaboratzailea izan dugu azken hilabeteetan Hitzen Uberaneko “Sinadurak” atalean. Gaurkoan, bere azken alea irakurri dezakezue: “Mesanotxeak”. Eskerrik asko!

Mesanotxeak

Gazteen ohiturek larritu egin behar gintuzkete: mesanotxeak desagertzear daude. Entxufe bat. Ez dute besterik behar burkoaren azpiko mugikorrerako edo lurreko ordenagailurako: mesanotxeko argia sakelakoarenak ordezkatu du; lokartu aurreko argazkiaren begirada, instagram edo snapchateko milaka irudik; eta iratzargailua baino nahiago buruaren azpian mundua eta pentsamenduak dardarka jarriko dituen zarata…

Eta liburuak… Ai, liburuak…

Gure gelan, alboan dudan gizonaren mesanotxean, ingeniaritza arloko ingelesezko liburua dago. Maitasunak dena uler omen dezake, baina ez dakit, ez dakit… Gozo lokartzeko lana betetzen duen bitartean, Orphidal pilulak tiraderan gordetzea baino osasungarriagoa delakoan nago. Galdera bat kolkoan dudala gerturatu naiz lorik sakonenean ere, estu besarkatzen nauen gizonarengana: ni ote ametsetako emakumea?

Seme zaharrenaren mesanotxe gainean, S. Hawking-en liburuak denbora gehiegi darama. Batzuetan fosil itxura hartzen diodan arren, irakurketa markagailua aurrera doa, poliki-poliki; garai ilunaren amaiera argi dezakeen izpia maitasun-keinua izan daiteke, ordea.

Gazteena hamasei urteko aingerua da, artista bihotza duena, amaren itxaropena. Irakurle sutsua izan da, garai ikaragarria iritsi arte. Umoreak elkartu gaitu beti, eta, gaur, Ostegun izan zen gizona eskuetan dudala gerturatu natzaio silaba bakarreko hitzen munduan murgildu den altxorrari. Margotzen ari da eta irribarre egin dit. Nire azken aukera izan daitekeela pentsatuz utzi diot liburua alboan. “A ze izenburua!”. Eta pena eman dit. Chestertonek. Arkatz, margo, pintzel, ordenagailu, gaileta eta koadernoen artean abandonatu dudalako. Pentsamendurik sakonenetan, Shakespeareren emaztearen gogoetetan murgildu naiz berriro: gure artista behartu ala ez behartu. Zerbait entzun dut urrunean: “aukeran, nahiago zientzia-liburu bat.”

Gelara sartu eta nire mesanotxe bakartiari begiratu diot. Luze hitz egingo nizueke gordetzen duenaz, baina badakizue: 2000 karaktere. Beste batean izan beharko du.

This entry was posted in Albisteak, Gatzetan gordeak, si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.