Hozkailua ikusteko azken aukera, etzi

Artedramak iragarri duenez, ekaina amaitzearekin batera eskainiko du Huts Teatroak Hozkailua obraren azken emanaldia. Etzi izango da, hilaren 28an, Donostiako Gasteszena aretoan.

324532_logo_180416-hozkailua-huts-teatroa-kafe-antzokia_claim

“Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailuaren barruan, garagardo lata eta hestekien artean, Londonetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate. Zin egin baitzioten Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela. Nongoa zen galdetzea ahaztu zuten ordea”. Horra hor Huts Teatroak sortutako Hozkailua obraren muina, labur-labur.

Bi urtez obra han eta hemen erakutsi ostean, etzi egingo dute azken emanaldia, hilaren 28an. Donostian izango da, Gasteszena aretoan, iluntzeko 8etatik aurrera.

Bestalde, Artedrama plataformak jakinarazi duenez, bertako kideak buru-belarri ari dira hurrengo obra osatzeko lanetan. Zaldi Urdina deitzen da, eta urriaren 11n estreinatuko dute.


This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.