SENDAN EGINDAKO GOGOETA EROAK…

20190607_142400

Zergatik idazten ditut inork irakurtzen ez dituen liburu kaskarrak eta hutsalak? Ziurrenik nire biziaren momentu batean zer kontatua nuela uste egin nuelako, agian sinetsi ere bai. Eta zer dela eta halakorik otu zitzaidan? Bada, txikitandik asko irakurri dudalako, nire gurasoenean eta eurenak ez ziren liburu asko zeudelako, gehienbat marxismo zein antikolonianismoari buruz berba egiten zuten frantsesezko liburu arraro eta ustez –hala aditua bainien nagusiei- arriskutsu haiek, nire aitaren anaia ikasi biek sekretupean gordetzen zituztenak, badaezpada konprometigarriak omen ziren liburu haien bila joan zitzaizkienak gure etxera sekula sartuko ez zirelakoan edo. Txikitan ere Barojaren Zalacain edo Shanti Andiarekin maitemindu nintzen, beharko, kresala nire udaroetako usaina zen, Ebro ibaiaren bazterreko udako bero saparena bezainbeste. Gero gerokoak, nazioarteko klasiko pila, errusiarrak nagusi, eta laster ere gure osaba irakasleak realismo mágico delako sortutako hegoamerikarrak nire eskuetan jarri zizkidan, Uslar Pietri, Mújica Lainez, Carpentier, García Márquez, Carlos Fuentes… edota hain “majikoak ez izanda neretzat ordea ikaragarri mamitsuak, kilikagarriak zirenak; Ernesto Sábato, Cabrera Infante, Jorde Ibargüengotia, Benedetti, besteak beste.   Gerora nik hartu nuen nire irakurbidea.

Alabaina, zergatik idatzi behar, zertarako, zer nolako handiustekeria alperrak bultzatzen duen ni bezalako alproja ezgai bat. Garai batean inguratzen ninduen nire herri eta hiriko giro itogarri zein ustelaren berri emateko zelakoan nengoen. Oso garai ilunak izan ziren 80koak eta zer dela eta ez idatzi egunero pairatzen genuen ezinegonaz, asperraz, saminaz; esan bezala, handiustekeria beti tartean, ba al zaio bestelako akuilurik idazle izan nahi duen nerabe hantustetsu bati? Orduan idatzi nituen gauza asko, gehienak egia esanda, orduko egunerokotasun ilun, zatar, zital edo behinik behin zalapartatsuaren kontura gori-gori, ozta-ozta berotan, etengabeko atezuan, eginda daude.

Gaur egun, ez dakit garai urrun haietan idatzitakoa berriro berdi-berdin idatziko nuen, seguru asko ez, ezetz. Gaur egun oso bestela idatziko nuke, orduko atsekabea, ia ezinegona, dexente baretu egin zait-eta, eta ez dakit ere idatziotan behar baino gogorragoa, ezbidezkoagoa, apika baldarragoa zein mordoilozaleagoa izan nintzen. Ez dakit. Esan nezake, edonola ere, kontsolamendu gisa edo, orduko lanak nolabaiteko meritua izatekotan, horretan etzango litzatekela, liburu haiek idatzi nitueneko zintzotasunean, ez besterik.

Bai, ez besterik, liburuok oso kaskarrak zirelako, argitaratu zizkidaten editoreek ez zizkidaten behar bezala zuzendu. Areago, editoreok, ni zeharo nobatoa izanda ere, ez zidaten apenas nire idazlanak nola edo hala borobiltzeko aholkurik eman, betiere dena primeran ei zegoela ekiten zidaten argitara atera aurretik. Eta ez, ez zen giro, nobato garbi-garbia nintzen aldetik nik ere akats franko sumatzen nuen eta. Dena dela, ez dut inolako taxuzko atarramendurik atera nire liburuetatik; baina ez dut eta inolako kosturik izan ere, ez baldin dada idazteko emandako denbora, kemena, grina eta batik bati alperrikako ilusio asko eta asko; debalde argitaratzen zidaten eta horrek nolabaiteko baliorik zuelakoan nengoen, pozarren. Eta hala eta guztiz ere, idazteari ekiten diot ikaragarri gustatzen zaidalako, atsegin dudalako ideiak zuribeltzean jartzea, ideiak baino txorakeriak, baina tira…

Horrexegatik ere oraindik ere ordenagailuaren aurrean nago oraintxe bertan inori batere axola behar ez zaizkion txorakeriak idazten, hein handi batean ume mainontzi galanta eginda nagoelako ere, gaurkoa bezalako ekain ondarreko egun euritsu, ilun, zeharo hits batean, idaztea eta umeekin jolastea tartekatuz halamoduan. Halere, idazlearen berezko handiustekeria irizpidera ekarri nahi nuen. Liburu asko dago merkatuan, pila bat, horrenbestez liburudendetatik bueltan beti gogoeta berbera egin ohi dut: ezta posible hori guztiori behar bezala saltzea, are gutxiago bailoestea, gehiegi dago hautatzeko, eta gehiena ere nik sekula idatzi ahal izango dudana baino haimaika aldiz hobea. Zertarako orduan ekin eta ekin literaturaren komedia honetan, batez ere liburuen mundua inguratzen duen gehiena behin baino gehiagotan benetan nardagarria begitantzen zaizunean, hots, idazleen arteko itxurakeria lotsa/negar/aspergarria, bat-bateko zein ezusteko herrak, zentzurik gabeko ezinikusiak-eta tartean ere bai, idazle, editore eta auskalo nor gehiagoren berezko edo ezinbesteko taldekeria (honekin argitaratzen baldin baduzu orduan horien edo besteen alde zaude printzipioz, hots, tribu horren partaide nahitaezkoa gainontzekoen begietara…), hedabideen idazleenganako jokabide maltzur edo makurra gehienetan, argitaratzaileek idazleei inposaturiko neurriz gaineko zamak edo betebeharrak, gainontzekoen isilpeko destaina edota demaseko miresmen arina, merkatu honen gordintasun halabeharrezkoa… Zergatik ote, batez ere aintzat hartuta zein gauza itsusia, erdeinagarria, da idaztea? Atsegin duzulako eta kitto, hori litzateke, noski, sikologoak aholkatuko lizukeen erantzuna. Zurea, benetakoa, ideiarik ez, handiustea betiere. Baina, tira, zentzugabeko txapa luze hau idatzitakoan gazte-gaztetandik eta bihotz-bihotzez maite izan dudan inoizko euskal idazle handienaren poema baten izenburua gogora etorri zait ziplo –opari egin zidaten euskarazko lehen liburua Harri eta Herri izan zen-: “Sendan egindako gogoeta eroak”.

 

Txema Arinas

Berrozti, 2019/06/25

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.