Asier Iturraldek eta Aintzane Usandizagak irabazi dute Etxepare saria

Aintzane Usandizaga idazleak eta Asier Iturralde ilustratzaileak irabazi dute aurtengo Etxepare saria, Etxe honetan izeneko album ilustratuari esker. “Etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitona baten eta haren egunerokotasuna eta errutina hankaz gora jartzera datorren ilobaren arteko harremana” landu dute liburuan.

etxepare19saria

Asier Iturralde ilustratzaileak eta Aintzane Usandizaga idazleak irabazi dute aurtengo Etxepare saria, Etxe honetan izeneko album ilustratuari esker. Biko Teka tailerrean ezagutu zuen biek elkar, eta han ondutako proiektua saritu dute epaimahaikideek –Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustratzaileak eta Idoia Sobrino liburuzainak–.

Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitatek antolatzen dute, haien euskara zerbitzuen bidez, Pamiela argitaletxeareb eta Galtzagorri elkartearen laguntzarekin eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea erakundearen babesarekin. Inoizko lehiaketarik emankorrena izan da aurtengoa –23 proiektu aurkeztu dira– eta, ohi bezala, egileen lana Pamiela argitaletxeak kaleratuko du. 2019ko udazkenean izango da hori.

Etxe honetan

Lehiaketaren antolatzaileek helarazi duten prentsa-oharraren arabera, “etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitona baten eta haren egunerokotasuna eta errutina hankaz gora jartzera datorren ilobaren arteko harremana” landu dute egileek liburuan, eta nabarmentzekoa da umorearen erabilera eta egoeren bizitasuna. Epaimahaikideek, berriz, hauxe azpimarratu dute:

“Egileek ederki uztartu dituzte hitza eta irudia komikiaren trazuak dituen album eder honetan. Hitz gutxi baina nahikoen bitartez topikoetatik ihes egiten du eta lerro artean erakusten digu familia amak, osabak eta aipatutako bi pertsonaiek osatzen dutela, aitatxi agure zahar bat ez den gizon euskaldun moderno bat dela eta bera dela zaintza lanetaz eta kozinatzeaz arduratzen dena (errezeta bat eta guzti ematen digu!). Irudi aldetik, aipatzekoak dira erabili diren errekurtso narratiboak: etxea bera bertze pertsonaia baten moduan tratatua izan da eta istorioan pasatzen dena azaltzen laguntzen digu. Marrazkiek kontakizunari ekarpena egiten diote eszena bakoitzean eta bertan pausatu eta goitik behera detaileei begira egotera gonbidatzen gaituzte.”

Iturralde eta Usandizaga

Asier Iturralde Gonzalez de Alaiza irudigilea eta diseinugile grafikoa da. 2004an, beste diseinugile batekin batera, La Machine Factoría Gráfica sortu zuen, eta erakunde eta enpresentzako grafika eta ilustrazio lanak egiten dituzte. 2017an, berriz, ilustrazio eremua sakontzearren, bide berri bati ekiten zion Studio GASTON sortuz. Batez ere, erakundeentzako egiten du lan, kultura eta gazteri arloetan bereziki. Komikizale amorratua da, eta bere aisialdiaren zati galanta eskaintzen dio eremu horri. Hainbat sari eta aipamen lortu ditu: Portugalete (2 aldiz), KMK, DEIA, Kutxa Kultur,…

Aintzane Usandizaga Lopez idazlea da.Hainbat proiektu eta zentro kulturaletan lan egin du. Oroitzen duenetik maite ditu istorioak, haurra zenetik izan du hauek entzun eta asmatzeko grina. 2014an, Zumaiako Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia ipuin lehiaketako lehen saria eskuratu zuen, eta 2018an bigarrena. 2019ko udaberrian Kabitu ezina liburua argitaratu zuen Elkar argitaletxearekin –Uberan atarian elkarrizketa egin genion orain gutxi, hemen irakur dezakezue–.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.