Claudia Rankineren hiritarrak

2014an, Citizen: An American Lyric [Hiritar: lirika amerikar bat] izeneko poema-bilduma argitaratu zuen Claudia Rankinek, bere ibilbideko bosgarrena, eta errekonozimendu handia lortu du horri esker. Besteak beste, poesia sari nazionalerako hautagai izan zen. Amu honetan bildu ditugu liburu berezi-berezi horretako zenbait pieza. 

28BASS-articleLarge-v2

2014an, Citizen: An American Lyric [Hiritar: lirika amerikar bat] izeneko poema-bilduma argitaratu zuen Claudia Rankinek, bere ibilbideko bosgarrena, eta errekonozimendu handia lortu du horri esker. Besteak beste, poesia sari nazionalerako hautagai izan zen. Jipoi poetiko bat da Citizen, AEBetan, XXI. mendean, hiritar beltz bat izateari buruz. Zazpi ataletan banatuta, prosa poetikoan daude idatzita ale gehienak, pentsamendua eta poesia uztartuz, eta eguneroko egoera eta biolentzia sinbolikoen kontakizun xehea da poema bakoitza. Pieza luzeago batzuk ere tartekatzen dira, adibidez, Serena Williams tenis-jokalariaren ibilbideari buruzko saiaera zorrotz bat. Liburuaren estetika oso zainduta dago, eta hainbat artistaren irodiak agertzen dira bertan, hala nola amu honen amaieran jarri duguna, Glenn Ligon margolariaren pieza bat. 

Hona hemen liburu horretako lau testu, euskarari ekarriak. 


 

Ilunpetan zaude, autoan, brea beltzezko kaleari begira, nola irensten duen abiadurak; eta gizonak zera esan dizu, koloreko pertsona bat kontratatzera behartu duela dekanoak, hor kanpoan hainbeste idazle bikain egonda.

Pentsatu duzu akaso esperimentu bat dela, eta nola erantzungo ote diozun ikusi nahi duela, edo atzerako eraginarekin iraintzen ari zaizula, edo nolabait ulertarazi diozula halako gauza bat lasai asko esan dezakeela 

Baina nolatan esan diezakezu halako gauza bat eta patxada ederrean geratu? Semaforoaren argia gorri ipintzea desio zenuke, edo polizia-txirrin bat aditzea, balaztari kolpez sakatzeko, aurreko autoaren aurka kolpez jotzeko, aurrerantz jaurtiak izateko, azkar-azkar, eta bat-batean haizea sentitzeko aurpegian. 

Ohi bezala, unea zeharkatu duzu, gelditu gabe, aurretiaz esan denari jaramonik egin gabe, espero bezala. Ez da soilik gatazkak buruko mina sortzen duela; bada, baita ere, helmuga bat daukazula, eta helmuga horretarako bideak ez duela aintzat hartzen une hau biziezina dela adierazi behar izatea, iraganean ere gertatu dela, eta iragana orainaren parte dela, gauden tokiaren eta goazen lekuaren artean gaua ilundu ahala eta denbora laburtu ahala.


 

Etxera iritsi eta autoa amatatu duzunean, bolanteari so geratu zara hamar minutu gehiago. Beldur zara gau hau ez ote den zure zeluletan giltzapetuko eta kodetuko, eta desio duzu denborak ur-presioz garbitu dezala. Hortxe eserita, garajeko ate itxiari begira, akordatu zara behiala adiskide batek kontatutakoaz, badagoela osasun-eremuko termino bat (John Henry sindromea), zeinak balio baitu arrazakeriaren ondoriozko estresa pairatzen duten pertsonak izendatzeko. Haiek senperrenak egiten dituzte ezabaketaren pilaketa gradualari ihes egiteko. Sherman Jamesek, terminoa sortu zuen ikertzaileak, kostu fisiologikoak handiak direla esan zuen. Zuk zera espero duzu: hor eserita eta isilik egonda, joerari buelta emango diozula.

 


 

Zure bizikidea eta biak The House We Live In filma ikustera joan zarete. Lagun bati eskatu diozue zuen haurraren bila joan dadila eskolara. Etxera bueltan zoaztela, telefonoz deitu dizute. Zure bizilagunak azaldu dizu leihotik begira ari dela eta gizon beltz mehatxagarri bat dabilela bien etxeen inguruan zokomiran. Morroia atzera eta aurrera ei dabil bere buruarekin hizketan, eta apur bat joana dirudi.

Bizilagunari esan diozu zure lagun bat dela hura, bizilagunak berak ezagutzen duena, eta umea zaintzen ari dela. Bizilagunak dio ezetz, ez dela bera. Zure lagun hori ezagutzen duela eta hemengo hau ez dela gizon gazte atsegin hori. Edonola ere, bizilagunak zera jakinarazi nahi dizu, poliziari hots egin diola.

Zure kideak zuen lagunari deitu dio eta galdetu dio ea morroiren bat dagoen zuen etxe parean aurrera eta atzera bueltaka. Lagunak erantzun du kanpoan norbait egongo balitz dudarik gabe jabetuko litzatekeela, sarreran baitago bera ere. Polizia-autoen hotsa aditu duzue telefonotik.

Etxeratu zaretenean, zuen laguna zuen bizilagunarekin hitz egiten ari da. Lau polizia-autoak joanak dira dagoeneko. Zuen bizilagunak barkamena eskatu dio zuen lagunari, eta zuei eskatu dizue orain. Hein batean bizilagunaren portaeraren erantzule sentitu, eta lagunari esan diozu, dorpeki esan ere, telefonoz hitz egin nahi duen hurrengo aldian atzealdeko lorategian egin dezakeela. So geratu zaizu minutu luze batez, eta, azkenik, esan dizu nahi duen tokian hitz egin dezakeela telefonoz. Bai, noski, esan diozu. Bai, noski.


 

 Telefono-elkarrizketa labur baten ostean, solaskide duzun lankideari esan diozu bere bulegora joango zarela inprimakia sinatzera. Iristean, eta nor zaren esatean, komentarioak ihes egin dio: ez nekien beltza zinenik!

 Ez nuen hori esan nahi, esan du gero.

 Ahoz gora, diozu zuk.

 Zer? galdetu du berak.

 Ez zenuen hori ahoz gora esan nahi.

 Horren ostean, gorabeherarik gabe amaitu duzue tratua.


 

 glenn-ligon

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.