Ione Gorostarzurekin solasean

Ione Gorostarzurekin Ez da erditzea bere bigarren poesia liburuaz hitz egin dugu elkarizketa honetan: liburuaren edukiez, bigarren liburua plazaratzeaz, idazteaz, bizitzaz. (Argazkia: Berria).

ione gorostarzu

ez-da-erditzea_txalaparta_eus

2012an publikatu zenuen aurreneko liburua. Lan harekin asko mugitu zinen, errezitaldiak eskaini zenituen… gerora pista galdu dizugu, neurri batean liburu honek eman dezake zure azken urteen erretratu bat? Nolakoa izan da bigarren liburu hau lantzen hastea? Itzulera bat izan da, edo zerotik haste bat?

Itzulera bezala definituko nuke. Egia da liburu batetik besterako tartea, nolabait, espero dena baino luzeagoa izan dela. Urte hauetan idatzi, idatzi dut. Bigarren liburuaren ideia edo mamua ere hor egon da, ez indartsu, baina barne-barnean pizten zen ideia bat izan da, tarteka etortzen zena. Egon dira unean Des egiten argitaratu eta “plazara” (gure plaza txiki eta mugatura, baina plazara) jauzi egitean hain azkar ezarritako “idazle” izena kendu edo erretiratu diodana neure buruari, nolabait ez dudalako elikatu titulu hori edo ez diodalako eutsi. Ez dut beharrik sentitu proiektu bati heltzeko, baina idatzi dut. Eta iazko udan edo, bai, erabaki nuen idatzitako guztia bildu eta agian hor egon zitekeela liburu bat, eta argitaratzen saiatu nahi nuela.

Liburu hau banaka idatzitako poemen bilduma da, gero liburu egin zena, zatietatik hasi eta bizkarrezurra bukaeran osatutakoa. Nire azken urteetako erretratuari dagokionez, ba ez da liburu honen asmoa nire bizitza erakustea, ez baita hain interesgarria, baina egia da gutxi gorabeherako argazki bat egiten duela, zenbait alderditan.

Liburu honi ekiterakoan beharra sentitu duzu lehen liburu hartatik urruntzeko?

Izan daiteke. Lehen lanarekin eman behar nuena eman nuen, eta gero lehorraldi bat izan nuen, mozketa bat egiteko beharra tonuan, gaietan, forman: gainerantzean iruditzen zitzaidan lehen liburua loditzeko idazten nuela . Bigarren lan honek distantzia behar zuen, eta denbora tarteak ere, jakina, indartu du distantzia hori. Egia da bigarren lan batek berekin dakarrela lehenengoak ez duen beldurra eta presioa, demostratu beharra, maila eman beharra, koskan behera egiteko ikara. Lehen lanarekin ez duzu ezer galtzeko, hutsetik zatoz eta.

Zure ahots poetikoa asko aldatu da?

Aldatu baino, uste dut garatu egin dela, ahots helduago bat dela eta pausatuagoa, baina bere barnean mantentzen duela Des egiten laneko ahotsa.

Tonu aldetik gordina iruditu zait (zentzu onean), zuzena, zehatza. Hain da horrela, ezen irakurle gisa zartako asko sentitu dudan, baina era berean irakurtzean sortu zaidan mugimendua ere oso zehatza izan da, eta horregatik erakargarria. Gatibatu egin nau bertako ahotsak. Etengabe saiatu zara ahots hori mantentzen, tonu hori, jarrera hori? Edo berezkoa izan da, tripetatik ateratako zerbait?

Ba, tripetatik ateratako esamoldeak ondo definituko luke tonua. Gorputzetik idatzitako lana dela esango nuke, behar hori sentitu dudalako, baina aldi berean, kontzienteki ere lekua eman nahi niolako gorpuztasun, gordintasun, haragitasun horri, baina estalkirik gabe hitz egin zezan. Gordintasunari eutsi nahi izan diot baina gordinkeriara, probokaziora edo iluntasunera jo gabe.

Era berean, hain doaz ahotsa eta amatasunaren gai nagusiaren barruko azpigaiak norabide berean, ezen ia narrazio bat bezala irakurri ahal izan dudan, segidan. “Poema liburua” da zuretzat, “poema sorta” baino gehiago?

Poema solteez osatutako sorta batetik abiatutako lana da, baina hala ere, uste dut poema liburua egitea lortu dudala. Gorputzetik eta bizipenetik idazteak ekarri dit “gaia emanda” ez aritu arren poemek batasun eta segida bat izatea, gero osatu dudana liburuak horrela eskatuta landutako poemekin.

Itolarri estu bat sumatzen da tarteka, besteak beste amatasunaren, gurasotasunaren, erditzearen esperientziaren inguruan, eta era berean pertsona ikusten dugu agerian, bere une eder eta txarrekin. Amatasunaren ideiari errealitate kolpe bat da honakoa?

Ez da izan nire asmoa, eta kolpe bat sumatzen bada izango da kolpe hori ere, izan, badelako. Berez, liburuan saiatu naiz diskurtso bat eraikitzeko tentalditik urruntzen. Errealitate jakin bati, une jakin bati, betaurreko propioekin argazkiak ateratzeko saiakera egin dut. Gero kontzienteki bai ahalegindu naizela gozoa eta gazia, erraza eta zaila, orekatzen, denak izan zezan pisua lanean. Hau da, parpailadun errealitate arrosa batera ez mugatzeak ez nintzala eraman beste aldera, alderdi negatiboetan gehiegi zentratzera. Asmoa gehiago zen lekua uztea gorputzari hitz egin zezan, epaitu gabe.

Nondik idatzi duzu liburua? Beharretik, astintzeko gogotik, gaiaren inguruko beste begirada bat konpartitzeko asmotik…

Liburuaren amua beharrean dago, zenbait korapilo poesiaren bidez askatu edo irudikatu nahi batean. Izan ere, liburua ez da lan bat egiteko abiapuntua izan kasu honetan, egindako lanaren emaitza, baizik.

Erditzea, gurasotasuna, bikote barruko botere harremanak, gai hauen inguruko gizartekeriak eta jarrerak, besteen eta norberaren epaiak, erua… Oraindik ere amatasun bukolikora kateatua bizi garela iruditzen zaizu? Asko dago esateko, desegiteko, berregiteko?

Amatasunaz asko esan da, eta asko esaten eta eskatzen zaigu. Sarri mezu kontrajarriak dira oso, baina guztiek eragiten dute zama eta are, erru sentimendu bat ere. Zenbait alderditan, ama ez bagina bezala jokatzea eskatzen zaigu, beste zenbaitetan, soilik ama bagina bezala. Egia da haur bat jaiotzen denean dena eman behar zaiola, eta norbait behar duela uneoro bere ondoan: baina esango nuke ama batentzako betekizunik zailenak ez direla haurrak berak eskatzen dituenak, gizarteak, antolatua dugun bezala, eskatzen dituenak baino.

Segur aski liburu hau duela urte batzuk edo belaunaldi batzuk (agian ez hain beste) Euskal Herrian pentsaezina zen. Zure ustez azken garaietako olatu feminista berriak, genero gaien inguruan sortzen ari diren diskurtsoen eraldaketak, gehiago eta ozenago hitz egiteko bideak zabaldu ditu?

Duda izpirik ez: ama, emakume, idazle bezala indartu, ahaldundu egin gaitu diskurtso eraldaketak, eta eremu pribatukoak ziren zenbait gai gizartera ateratzen asmatu du feminismoak. Gero, kuriosoa da mendeak daramatzagula gizonezkoen gerretaz irakurtzen, gizonezkoen ekonomiaz, gizonezkoentzako desiragarri diren emakumez, zerbait neutroa bailitzan: baina hitz egiten da edo idazten da zaintzaz, edo hilerokoaz, eta emakumeak astunak gara, “emakume kontuez” baino ez dakigu idazten.

Haurtzaroari buruzko poemak ere badaude tartean. Nondik landu duzu gai hau? Oroiminetik?

Txikitako haurra estaltzen joan gara jakintzaz, mugez, gizarte-arauez, baina haur hori gugan da. Eta txikitan iltzatu zizkiguten jakintzek egin gaituzte. Ama izateak eta, heldu moduan, haurrekiko dudan botereaz jabetzeak ardura izugarria eragin dit, eta eman nau hausnartzera zenbateraino naizen haurtzaroan jaso nituen mezuak. Oroimena eta oroimina, biak hartu ditut haurtzarora begiratzeko abiapuntu bezala.

Gizarte ustez modernoak amaren figuraren inguruan ezartzen duen presioa, aurreko amatasun ereduak ezbaian jarri nahi dituztenak kontraesanez betetzen dituztenak. Zer ahal du poesiak zurrunbilo horretan?

Zein da poesiaren ahalmena? Ez dakigu poesiak ezer aldatzen duen, baina idatzi egiten dugu eta irakurri egiten dugu. Balio beza munduak irekitzeko, barnetik kanpora eta kanpotik barnera egiteko.

“eta tartean-tartean
oroitzen gara
baginela
orain arte
ere”
Noiz hasi zinen liburu honen beharra sentitzen?

Idazteko beharra ustez kontrolatzen dudan munduan pieza bat okertzen, aldatzen denean izaten dut, berriro mundua irakurri eta eraikitzeko nahian. Idazteko beharra izan dut, baina ez liburua egitekoa; liburua argitaratzekoa nahia izan da beharra baino gehiago. Horregatik, urte hauetan idatzitako poema asko liburutik kanpo geratu dira, idazteko beharrari erantzuten ziotelako baina ez nik buruan nuen liburuari edo argitara eman nahi nuenari.

Une honetan zer irakurtzen duzu, zerk eragiten dizu idazterako orduan? Irakurtzen duzu poesiarik?

Bai, noski. Oraintxe bertan Idurre Eskisabelen Goseak janak irakurtzen ari naiz; gozatzen. Irakurtzen dudanaren mailarik lortu gabe, ziur aski, baina eragiten dit irakurtzen dudanak, izan forman, tonuan edo begiradan. Idazteko irakurri egin behar da, edo horren ustekoa naiz ni, behintzat.

Non utzi zaitu liburu honen idazketak? Nola imajinatzen dituzu hurrengo pausuak?

Bakean utzi nau, hustuta, nolabait esateko. Hasieran editoreari entregatu nion eta gero argitaratu den liburuaren artean nahikoa ezberdintasun eta aldaketa izan dira, eta, egia esan, gustura geratu naiz bide horretan hartu ditudan erabakiekin. Poemak idazterakoan irakurlea presente izan ez izanak, batetik, eta ni poetikoa eta ni pertsonaren arteko marra zehazteko zailtasunek, bestetik, eragin dizkidate zenbait buruhauste. Baina uste dut jakin izan dudala lehentasunak finkatzen, eta onartzen batzuetan liburuak galdu behar zuela nik irabazteko, eta neurtzen zenbateraino eman nahi nuen nik liburuaren mesedetan. Aurrera begira, ba oraintxe bertan Ez da erditzeatik distantzia hartzen ari naiz, baina gustatuko litzaidake neure ahots propioa bilatzeko eta fintzeko ibilbidean jarraitzea.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.