Miren Gorrotxategik irabazi du Hilbeltza beka

Hirugarren edizioa du Hilbeltza bekak: aurtengoan, sormen-lanak saritu dituzte, eta Miren Gorrotxategiren Vianako bihotza proiektua nagusitu da. Dena ondo bidean, 2020ko abenduan argitaratuko da lana.

hilbeltza

Euskarazko nobela beltza sustatzea, horixe da Hilbeltza bekaren xedea, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. 2019ko edizio honetan sormen-lanari egokitu zaio saria, eta Miren Gorrotxategik eskuratu du, Vianako bihotzaproiektuari esker.

Beka hiru eragilek antolatzen dute elkarlanean: Baztango udalak, Hilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak. Aurten, bekaren hirugarren edizioa antolatu da. Aurrez, sormenaren atalean, 2017an, Miel Anjel Elustondok eskuratu zuen lehen beka, eta horren emaitza izan zen Kezko bola batek itoak birikakizeneko eleberria –hona hemen Hitzen Uberan atarian liburuaz idatzi genuen kronika–. Iazkoan, berriz, itzulpenen txanda izan zen, eta Josu Barambones ari da Patricia Highsmith estatubatuarraren The Blunderer nobela euskaratzen. Dena ondo bidean, 2019ko abenduan argitaratuko da lan hori.


 

Proiektua

2019ko Hilbeltza bekaren ediziora hamar lan aurkeztu dira guztira, eta horien artean aukeratu dute Miren Gorrotxategiren proiektua hiru epaimahaikideek –Joseba Otondo Baztango alkateak, Castillo Suarez Hilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalapartako editoreak–.

Epaimahaiak hauxe azpimarratu du Gorrotxategiren lanaz: “Literatura beltza izanagatik ere, proposamenak ohiko polizia eta detektibe istorioetatik ihes egiten du. Tramak Donejakue bidea eta upategien negozioa uztartzen ditu, eta horrek ezohiko agertoki batera garamatza. Epaimahaikideoi egitasmo arriskatua eta egingarria iruditu zaigu aldi berean, eta horixe saritu nahi izan dugu, betiere deialdi honen beka izaerak liburua idazteko ez ezik lantzeko ere aukera ematen duela aintzat harturik”.

Dena ondo bidean, 2020ko abenduan ikusiko du argia Gorrotxategiren obrak.


 

Autorea

Miren Gorrotxategi Azkune (Azpeitia, 1981). Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da. Hotel zuzendaritzako master bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle masterra ditu. Atzerriko zenbait unibertsitatetan ere egon da, ikasle zein irakasle modura. Itzultzaile eta idazkari lanetan ibilia da, baina azken urteotan euskara irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. 2016an lehen liburua argitaratu zuen, 33 ezkil (Elkar), Augustin Zubikarai sariari esker. Hona hemen lan horren harira Hitzen Uberan atarian egin genion elkarrizketa. 2017az geroztik kolaboratzailea da Urola Kostako Hitzan. Martxan den Korosagastifilmaren gidoigileetako bat izan da.


 

IMG_20190628_122842

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.