MUNDUKO TOKIRIK EDERRENA – IÑIGO ARANBARRI

Los tres nudos_5-458x599

Honako honek ez du inolako kritikarik izan nahi, ezin da izan inondik inora. Laudorio garbi bat egin behar diot  Iñigo Aranbarriren aurreneko ipuin bilduma honi, ez baitago nire aldetik ezer txarrik edo okerrik nabarmendu beharrik, ipuinok borobilak direlakoan bainago. Izan ere, ez nituen aspaldi hain ipuin ederrak, xamurrak, iradokorrak, hunkigarriak, paregabekoak irakurtzen. Jakin badakigu denok ez dagoela ezer benetan bikaina, betiere zer edo zer errepara diezaiokegula orori. Baina, zertarako ezer asmatzen saiatu behar kasu honetan, ez litzateke jokaera batere zintzoa liburua leitu ahala hainbeste, eurrez, gozatutakoan edozein huskeriagatik bainaka, ezbaika, hastea; horretarako badaude taxuzko zein ordainpeko kritikalari burutsuak bezain saiatuak. Nire asmo bakarra, bat egotekotan hitzok idazterakoan, Munduko Tokirik Ederrena ipuin bilduma honek eragin didan plazeraren ordainez balizko irakurleei helaraztea litzateke, eta bai, handiustekeria galanta, aitor dut.

Halere, seriotan ari naiz, Aranbarri oso idazle saiatua da, aldez aurretik lan ederrak plazaratu dituena, nobela izugarri mamitsuak,  Zulo bat uretan (2008Susa) edo Zamaontzia (2011Susa) besteak beste, poema liburuak, Dordokak eta Elurrak (1989Susa) edo Harrien lauhazka (1998EEF – Susa) bi aipatzearren,  Zapataren Oihana saiakera eta baita Sakabi, soinu txikiaren handitasuna (2003Trikitixa Elkartea) biografia ere. Idazlan guztiotan ikurra du Iñigo Aranbarrik erabiltzen duen estilo/hizkera itzel jasoa, oparoa, zolia, sakona, maiz ere, nobeletan behintzat tarteka, irakurketa apurtxo bat astuna edo zaila egiten duena, arreta handia eskatzen duena; baina, egindako esfortzuaren sari gisa ere oso maila handiko emaitzak eskaintzen dizkizuna ere bai. Izan ere, bada Iñigo Aranbarri egiazko literatura, hau da, ez hain aspaldiko usadioei eutsiz estiloa edukinaren gainetik edo gutxienez pare-parean, egiten duen azken hamarkadetako euskal idazle bakanetariko bat, ez baldin bada merezimendu osoz nagusia. Edo bestela esanda, ezberdin, apika erronkari ere, idazten ausartzen diren azkenetakoa, hau da, hizkera ikaragarri jasoa erabiliz, esaldiak nahi edo behar adina kiribilduz, euskararen jatortasunaren alde eginez, baliabide literario guztiak behar beste artetsu jorratuz. Gauzak horrela, argi eta gari esan dezagun, Aranbarri gaur eguneko joera editorial gehienen kontra ari da soraio besteko bihoztun, hots, liburuek arin irakurtzekoak, esaldi labur eta lauak, ezinbestez izan behar duten aburu makurraren kontra, beharbada liburuak erreskadan irensten dituzten irakurleen beharrean egiazko literaturazaleak bilatu nahian edo.

Susmoa dut, berriz, Aranbarrik bere onena eman duela idazle bezala Munduko tokirik ederrena honetan, hau da, nobeletan edo noizik behin apurtxo bat erren edo motel suertatzen dena saihestu ahal izanez. Haatik, Aranbarriren dohain egiaztatu guztiak bilduta agertzen dira ozta-ozta ipuin bakoitzean. Hamar ipuin dira Urola ibaiaren arroan girotuta, hau da, ezinbesteko ikutu lokala pertsonaiak, paisaiak, pasadizoak gorpuzte aldera, txikitik handira idazteko, berak ezin hobeto ezagun duen errealitatea literaturaren aldetik lantzeko, bertan aparteko harrobia baitu Iñigok memoriartik tiraka haimaika istorio harilkatzeko zein pertsonai benetan mamitsu sortzeko. Halaber, zaila bainoago nekosoa egiten zait ipuinon nondik norakoak banan-banam jorratzea, hortaz, eta aurrez den-denak primerakoak direla berriro eta hainbat ozenen aldarrikatuz, niri gehien gustatu zaizkidanak, edo agian gogotik aztoratu egin nautenak, nabarmendu nahi nituzke besteak beste: Uhala,  non Loiolako basilikaren kupularen inguruan ardazten duen istorio ikaragarri hunkigarri bat iranaga eta oraina tartekatuz zein nahastuz, Astronauta, 80etako nostalgia da aitzakia pertsonaien orainaren nondik norakoak jorratzeko, edota Burnia, etxean gordeta dagoen pistola baten indar iradokitzailea sorburu. Zinez eta erruz atsegin zaizkidan hiru ipuinak, bai, baina kostata sailkatuak, ez baitut duda apurrik Munduko tokirik ederrena berrirakurtzeari ekin orduko, laster gainera, beste batzuk ere nabarmenduko ditudala halabeharrez.

 

Txema Arinas

Berroztin, 2019/07/05

 

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.