LUCIA BASKARANEN AHOBEROKERIA ZANTARRAZ ETA BESTE

800px-The_Puritan_by_Augustus_Saint-Gaudens_-_Springfield,_Massachusetts_-_DSC02513

Ikusi dut hainbat aldiz Hasier Etxeberria zenak Sautrelan Danela Sarriugarteri egindako elkarrizketaren bideoa, Lucia Baskaran idazleak harrotu zituen hautsetakoa. Edo are zehatzago esanda, Etxeberriak Sarriugarteri bere Erraiak liburua autobiografikoa ote den galdetzen dionean istorioaren gordintasuna dela kausa.

 “Esan dugu: gordintasuna, sexualitateaz hitz egiten duzu argiki, zeure sexualitateaz; bueno, zeurea, barkatu, zure alteregoarenaz, ze, zer da hau? Autofikzioa da?”. Galdera –eta hau bai, hau iritzi subjektiboa da, nire subjektibotasun maskulinoak baldintzatua eta, hortaz, aski baztergarria– ez da erasokorra, eta Etxeberriaren ohiko tonu gozoan dago egina. Sarriugartek argi erantzun dio: “Ez, nik ez dut autofikzioa bezala presentatu; nik eleberri bezala presentatu det, eta gainera esan nuen autobiografian galderari ez diotela erantzungo; bakoitzak gero bere barruan pentsa dezake nahi duana baina nik horren inguruko adierazpenik ez det egingo”

 Badirudi galderak berak Sarriugarte harritu zuela, guztiz lekuz kanpo begitandu zitzaiola, nolabait atsekabetu ere egin zuela, ez dakit nik galderak berau edo bere liburua gutxiesten edota H.E moralki edo juzgatzen ari zelakoan. Edonola ere, holaxe kontatu omen zion Lucia Baskaran idazkideari, hortaz,  2019ko ekainaren 14an, solasaldi bat gauzatu zen Iruñeko Katakrak liburu-dendan Sarriugarte Entrañas liburuaren inguruan, hau da, Erraiak-en itzulpenaren aurkezpenean. Ondokoan Santi Leonek https://zuzeu.eus/kultura/erraietarik-idatzia/argiratatutako textua hitzez hitz transkribatiko dut testu-ingurua nola edo hala azaltzearren:

Duela egun batzuk, 2019ko ekainaren 14an, solasaldi bat antolatu dute Iruñeko Katakrak liburu-dendan Entrañas  liburuaren inguruan, hau da, Sarriugarteren Erraiak-en itzulpenaren inguruan. Egileaz gainera, hiru parte-hartzaile: Miren Iriarte, Iruña Iriarte eta Lucia Baskaran. Hondarreko honek hartu du hitza eta une jakin batean (10′ 40”) azaldu du “obra eta egilea bereiztea bertze falazia patriarkala dela” eta, “emazteki batek liburu bat idazten badu, are gehiago, liburu hori fikzioa dela azpimarratuta ere, obraren eta egilearen arteko bereizketa defendatzen dutenak etortzen dira eta hasten dira ‘zeure sexualitatea, zeure sexualitatea, zeure sexualitatea eta zeure sexualitatea’”. Sautrelako pasartea ikusi duenak badaki ez zela horrela izan. Izan ere, objektibotasun patriarkalaren irizpideak erabilita, erraten ahalko genuke Lucia Baskaranen deskribapena gezur hutsa dela.

Zeren Hasier Etxeberriari egiten ari baitzaio erreferentzia Baskaran, nahiz eta haren izenaz ez den oroitzen. Honela adierazi du –eta atal hau jatorrizko bertsioan utziko dut, gaztelaniaz alegia–: “no me acuerdo cómo se llama el desgraciao, que está muerto y bien muerto que está“. Egun hartan gainera –gehitu du Baskaranek, publikoaren irriak isildu direlarik– Etxeberriak bere pribilegioa guziak eramanak zituen. Eta aski zaharra zen.

Esan bezala, bideoa behin eta berriro ikusitakoan nik ez dut uste Hasier Etxeberriaren aldetik inolako gibel-asmorik Sarriugarteren liburuaren inguruan, are gutxiago idazleari berari buruz, jakin-mina hutsa baizik. Baliteke elkarrizketatzailea liburuaren fikzioari buruz duda-mudatan egotea eta, horrenbestez, elkarrizketatuaren ahotik beretik Erraiak liburuaren nondik norako nagusietako bat, idazlearen ikuspuntua, aditu nahi izatea. Ez al da kazetariaren lana dudak asmatzea zein argitzea? Ez al zuen Hasier Etxeberria kazetariak halakorik galdetzeko eskubidea? Ba al da hain bekatu larria literaturaren nondik norakoak jorratzen dituen elkarrizketatzaile batek egile baten liburuaren ikuspuntuari buruz galdetzea? Eta zer esanik ez aintzat hartuta H.Ek erabilitako tonua beti bezain xumea, goxoa, gizalegezkoa, ohikoa. Milaka bider berriro ikusita ere ezin diot H.E.k egindako galderari inolako erreparorik ipini; baina, ez galderak Sarriugarteren hitzak, liburua fikzio hutsa zela ziotenak, nolabait kolokan jartzen zituelako, baizik eta H.Ek eskubide osoa, baita betekizuna ere, zuelako egin zuen galdera egiteko kazetari gisa, beharko. Danelek badu ere eskubide osoa erresumintzeko edozein galderaren aurrean, edozein huskeriarengatik ere bai, badu H.E.rekin erresuminduta egoteko ere, edonorekin; baina hori beti izango bere azalaren fintasunaren arabera. Halere, ba al du Danele Sarriugartek kazetarien lana bere azalaren fintasunaren arabera baldintzatzeko eskubidea, edo bestela esanda, berak gogoko dituen galderak bakarrik egin diezazkioten? Nik uste dut ezetz, nik uste dut benetan laidotua edo gutxietsia ez izatekotan, hau da, egiazko gibel asmoz  edo egurra ezustean eta batez ere debalde ematen ez baldin badizute, kazetari baten aurrean jartzen zarenean haren lana errespetatu beharrean zaudela bere galderak gustuko izanda ala ez. Ulertzen dut, beraz, Danele oso azal fina duela, hain fina ezen egiazko gibel-asmorik gabeko galdera baten aurrean halako polemika benetan hutsala eragin ahal izateko besteko gauza den bost urte pasa eta gero, batik bat H.E hilda dagoela, hots, ez diola arraposturik egin. Hori ez baldin bada koldarkeria garbia eta benetako gizalege falta…

Hala eta guztiz ere, Lucia Baskaranen hitzak izan ziren hautsak gogotik hautsi zituenak; “no me acuerdo cómo se llama el desgraciao, que está muerto y bien muerto que está“. Baietz bat, lagun artekoak omen zirela (nik uste dut aldiz jendaurrean egiten edo esaten den oro ez dela hain lagun artekoa…), hau da, bat-batekoak irri arteko giro batean, balizko edo ustezko borrokaide artean. Baliteke, baina Baskaranen ahoberokeria hain gordina, zantarra, krudela, da, ezen behin berotan botata, eta gero hotzean, biharamunean edo, esandakoa gogoratu bezain laster, zuzendu edo ezeztatu beharrean, hots, barkazioa eskatu beharrean bere hitzen demaseko gordintasunagatik, eta batez ere hitzok parrastaka eragindako kritikak zein irainak nola edo hala baretzeko zein ezerezean uzteko asmotan, burua lehengo lepotik sare sozialetan, bere honako twit hauen moduan:

 “Nik Katakraken 10 bat lagunen aurrean esandakoa nazkagarria dela uste baduzue, baino 60 urteko gizon boteretsu batek idazle gazte bati telebista saio batean esandako hitz horiek “gozoak” iruditzen bazaizkizue, ez baduzue hor erasorik ikusten, nigandik urrun nahi zaituztet.”

“Hildakoekin bi gauza gertatzen dira: ez dutela bere burua defendatzeko aukerarik, eta edozer gauza barkatzen diegula. Katakrakeko aurkezpena baino lehen, elkarrizketa horren bideoa berrikusi nuen. Lehen aldiz ikusi nuen bezalako amorrua eta tristura sentitu nituen”.

“Gezurra. Etxeberriak zera erantzun zion Sarriugarteri: “Bueno, ba orduan nola guk nahi duguna pentsatzea ahal dugun, ba pentsatzen dugu autofikziotik asko duela”

Hau da, Lucia Baskaranek ez du inolako asmorik barkaziorik eskatzeko  jendaurrean “no me acuerdo cómo se llama el desgraciao, que está muerto y bien muerto que estábezalako ahoberokeria bat hain bihozgabe bota izanagatik, guztiz kontrakoa baizik. Badirudi H.E.ren orduko galderak -oraingoan berdin dit zuzena ala okerra zen, edonor hil eta gero beti begirune- Baskaranek elkarrizketatzailearen gainean zer edo zer esatea merezi zuela. Alabaina, berriro diot inondik inora ez berak, ez eta Danele Sarriugartek ere, hain makur, egiazko iraina bailitzan, interpretatu duten asmo gaiztoaz. Eta nola da posible tamainako gehiegikeria, nola izan liteke Lucia Baskaran hain egoskorra? Esan dezagun argi eta garbi, antza denez Lucia Baskaran  bere ustezko feminismoaren izenean  halakoak botatzeko eskubidea duelakoan dago, batez ere azken bolada honetan belaunaldi oso zehatz baten feminismoaren ikur mediatikoa bilakatu den aldetik, hau da, gaia jorratzen duten bi erdarazko liburu arrakastatsuren egilea delako. Gauzak horrela ez du ezertan inoren izena errespetatu beharrik, ez behintzat aurrez eta berak ebatzita matxista zikin bat baldin bat da, batik bat delako arrakastak berari denok epaitzeko eman dion eskumenari erreparatuz.

Halaber, honek ez du, funtsean, inolako zerikusirik feminismoarekin. Feminismoaren borroka zilegi eta batez ere nahitaezkoa baita edonondik begiratuta ere, Danele Sarriugartek zein Lucia Baskaranek beraiek euren liburuetan salatzen dituzten egoerak zein erakusten duten jarrera feminista bezain zilegi. Arazoa datza feminismoa ikur hartuta, edo agian estakuru, botatzen dituzten ahoberokerietan edota egiten dituzten neurrigabekerietan, printzipioz defendatzen duten ideologiarekin batere zerikusirik ez duen intolerantzia bat erakutsiz. Bestela esanda, dagoeneko gure buruari galdetu beharrean gaude ea feminismoaren zenbait aldaeratan ere, Historian zehar gizartea errotik eraldatu edo irauli nahi izan zuten zenbait ideologiatan edo mugimendutan  asmatu genituen gehiegikeriak berrirotzen ari diren ia ustekabean. Eta ez naiz feminismoaren balizko edo ustezko pentsabide erradikalaz ari, erabat zuzena zein ezinbestekoa baita gaur oraindik ere gure gizartean bizirik dauden jokaera matxista asko eta asko salatzeko, beharbada ere benetako eta erabateko genero iraultza bat sorrarazte aldera. Ez, arazoa ez datza feminismoaren pentsabide erradikalean, azken hau nola gauzatu, nola azaldu, nola hedatu baino. Feminismo erradikaletik asko ikas daiteke, baita eztabaidatu edo arbuiatu ere. Arazoa da feminismo erradikalaren nondik norakoak azaltzeko moduak, batez ere diskurtsotik haratago doanean, hau da, aitzakia hutsa denean bizitzan euskarri bat edo izateko, gizabanako bezala noizbait eta nolabait baztertu zintuen gizarteari aurre egiteko baliabide bat, agian  baliabide hori bereganatu baino lehen erruz asko sufritu zenuelako, edota horrexegatik ere etsaiak nonahi ikusten dituzunean, zure gainontzekoekiko harremanei harropuzkeria baldin badarie edonola eta edozein huskeriarengatik, dena egun batetik bestera lortu gura duzunean, inoiz ez izandako “botere” berri baten jabe zarelakoan zaudenean, delako botere berri hori duzula zuk bezala pentsatzen ez dutenak etengabean eta maiz ere debalde errefusatzeko, gaizki tratatzeko, iraintzeko, baztertzeko ere erabiltzen duzunean. Edozein arrazoibide zure eginda betiere zuzen zaudela zaudenean akabo, berdin dio zer nolako zuzena, askatzailea, premiazkoa den zure modukoak ez direnak berez gutxiesten baldin badituzu, guztiongan etsai bat topatzen baldin baduzu, behialako puritano bat bilakatu egin zara, hau da, Elizaren ajeak salatu eta kristautasuna errotik aldatu nahi izan zuten kristauak, horrexegatik jazarriak izan zirenak eta haiek bezala sinesten ez zutenak ere euren etsaiek besteko amorruz, gupidagabe, jazarri zituztenak. Eta antzeko-parezido, mende batzuk geroago eta besteak beste, kapitalismoaren ajeen kontra borroka egiten zuen sozialismoaren zenbait adarrekin, hau da, komunistek XX mendean zehar erakutsi egin zuten intrantsigentzia haiek bezala pentsatu edo jokatzen ez zutenenekin. Begira bestela zein ondo itzultzen den Kattalin Miner idazle hernaniarraren honako twitter hau XX mendeko boltxebike suhar baten errusierara.

LGTBI jendeok ez dugu hetero aliaturik behar. Lasai, ondo gaude. Zerbait egin nahi baduzue, hasi zaiezkete pribilegioz blaitzen zaituzten sistema heteropatriarkal hau birproduzitu, zabaldu eta betierekotzeari uzten. Eta gero ya, nahi baduzue, manian ikusiko dugu elkar.

Kattalin Miner @MKattalin 28 jun.

Sobietar jendeok ez dugu burges txiki aliaturik behar. Lasai, ondo gaude. Zerbait egin nahi baduzue, hasi zaitezkete pribilegioz blaitzen zaiztuten sistema kapitalista hau birproduzitu, zabaldu eta betierekotzeari uzten. Eta gero ta, nahi baduzue, Iraultzan ikusiko dugu elkar.

Eta zergatik ez ere XVVI mendeko Ingalaterra Berriko puritanoen ingelesera:

Puritano jendeok ez dugu bestelako kristau aliaturik behar…

Halere, ba al dago ezer eztabaidatzekorik halako adierazpenekin datorkizun batekin? Posible al da zerbait adostea, konpartitzea, borrokatzea euren fedea bakartzat dutenekin, inondik inola euren fedearen bestelako interpretaziorik edo aldaerarik aditu nahi dutenekin, aliaturik ezean menpeko nahi zaituztenekin soil-soilik? Ez, ez dago, ondo asko erabaki baitute gainerakoen ideiak edo iritziak aintzat ez hartzea. Zertarako, gainera, euren fedea bakarra eta batez ere berdaderoa izanda? Bestalde, ez dira gauza bestela jokatzeko, hots, gainerakoen ikuspuntuekin tolerante, eskuzabal, izateko, euren demaseko harropuzkeriak eragozten die, baliteke ere euren demaseko azal finak, hau da, beti erne dagoena gustuko ez dituzten iritzi edo galdera deserosoen aurrean sumintzearren. Eurekin orotan bat egin ala euren etsai bilakatu, ez dago erdibiderik.

Gauzak horrela, badakizu ezetz, ez dagoela eztabaidatzekorik, puritanoen aurrean gustuko ez duten zerbait galdetzeak berak beti zikina, okerra, gaiztoa bilakatuko zaitu. Baina, ez euren fedea kolokan edo jartzeagatik, kontra joateagatik, funtsezkoarekin ados ez egoteagatik, baizik eta desberdin interpretatzeagatik edo zerbait ñabardura egitera ausartzeagatik. Alde horretatik, eta hitzok idazteagatik ere, ni beti izango naiz matxista zikin bat, “señoro” bat, hau da, edozein deskalifikazio edo irain. Azken buruan, hauek izan ohi dira normalean puritanoek usuago erabiltzen dituzten erantzunak, haiek bezain garbiak, zuzenak, konbentzituak ez direnekin benetan argudiatzea betiere denbora alperrik galtzea delakoan omen daudelako. Horrexegatik ez dago zer eginik, ez behintzat puritanoa puritano izan bitartean, hau da, harik eta haren jokaera puritanoaren bidegabekerien jabe ez izan arte, gainerakoekin zuk bezala ez pentsatzeagatik hain zorrotz eta batez ere errukigabe izateari utzi arte. Horretarako, ordea, bere buruarekin zintzo jokatu behar du ezer baino lehen. Esaterako, “zuzen, zilegi al da norbaiti, egiazko heteromatriarkatuaren morroia izanda ala ez, “no me acuerdo cómo se llama el desgraciao, que está muerto y bien muerto que estáesatea?” serio galdetuz. Ba al da adinaren kontua? (eta nire aldetik, jakina, paternalismo hutsa, zer besterik…) Eskarmentuak gehienoi holaxe erakusten digu; nor ez da izan gaztetan gainontzekoekiko tratuan, batik bat gure modukoak ez bide direnekikoa, harroputza bezain burugogorra? Baliteke beraz puritanismoa urteak aurrera joan ahala moteltzea, baretzea, agian erabat ezabatzeraino, auskalo. Edonola ere, jakin, jakin dezakezu ondo asko noiz utzi diozun puritano bat bezala jokatzeari, bai, besteak beste “no me acuerdo cómo se llama el desgraciao, que está muerto y bien muerto que estábezalako ahoberokeria lotsagarri eta batez ere txit mingarri bat lekuz kanpo dagoenean jabetu eta, bereziki, benetan damutzen zarenean, zer esanik ez barkazioa eskatzeko ausardia duzunean. Bestela ez, ezezkoan tematzen baldin bazara bistan dago oraindio “fededun garbien” intrantsigentziaz sendotu ez zarela.

 

Txema Arinas

Berroztin, 2019/07/10

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.