Jon Barberenaren iritzi artikulua: “Poesia eta iraultza”

J0on Barberenak “Sinadurak” atalean idatzi duen azkeneko artikulua irakurri dezakezue jarraian: “Poesia eta iraultza”.

balestrini

Berriki hil zaigu Nanni Balestrini idazle italiarra, baina bere hitzek ez dute indarrik galdu. Duela zenbait urte Argia aldizkarian adierazi zuen matxinadak ez direla paperean asmatzen, ekinez baizik, eta borroka eginez ikasten dugula nola borrokatu. Aspaldiko elkarrizketa berriz ere leitzen ari nintzela, Xabier Leteren ahots sendoa etorri zitzaidan burura Poeta horiek olerkia indarrez abesten: “Gizona kartzelan sartu dute. Zer esan du? Zer egin du? Semeentzat ogia eskatu du. Eta poeta, eta poeta etxean gelditu da ateak itxita”.

Arrazoirik ez zaie falta bi idazle eta poeta handi hauei. Poetak flexo azpiko eta aulki gaineko ekintzaileak dira; kaleko iraultzaile indoorrak; gizarte idealaren prospektoak idazten dituzten ameslariak; herri zahar honen zauri zornatuei nostalgiaz begiratzen dieten a ver (t)zaleak; sofa gaineko iraultzaileak; praxirik gabeko predikatzaileak; kooperante egozentrikoak; sozialista narzisistak; igurukoen egunerokoaz mintzo diren narratzaile orojakileak; sentimenduak hirugarren pertsonan azaleratu arren, lehendabiziko pertsonan mintzo zaizkigun gezurtiak; errezelean izkutatzen diren kuxkuxero mutuak, behatzaileak eta voyeur aseezinak; sentimenduen atropologo forentse kaxkarrak eta barnean hondoratutako erraien induskatzaileak.

Itxura denez, metaforak ez dira pankarten azaleran kabitzen, eta fronteko lehendabiziko lerroa utzita ordenagailuko pantailan lerroak sortzeak ez du deus balio. Arkatzik zorrotzenak ere ez du zauri sakonik eraginen, eta, ondorioz, ez du inor odolustuko. Ur lohituak ezin dituzte mimoz albaindutako hitzek araztu, eta iraultza ez da literatura. Beraz, poesia ez da iraultza, baina, ziur naiz, iraultza ñimiñoena gauzatzeko ere, poesia ezinbertzekoa dela. Edo, agian, ez nago hain segur, eta neure burua zuritzeko aitzakia merke bat bertzerik ez da.

This entry was posted in Albisteak, si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.