Euskal kultura hizpide, Jakin aldizkariaren zenbaki berrian

Urteko azken zenbakian, Jakin aldizkarikoak atzera begira jarri eta balantze modukoa egiteko ohitura dute. 12 hilabete ditu urteak eta 12 dira gai nagusi honen inguruan bildu dituzten artikuluak. Guztiak, “Euskal kultura 2011″ izenburupean. Horretaz gain, Pruden Gartziak “Moroak gara behelaino artean?” liburuaz idatzi duen iruzkina ere badakar Jakinen zenbaki berriak.

Euskal kultura 2011. Hori da Jakin aldizkariko azken zenbakiaren gai nagusia. Eta proposamen horren harira, 12 lagun hauen idatziak jaso dira: Alberto Barandiaran, Paul Bilbao, Pantxoa Etchegoin, Patxi Gaztelumendi, Ander Iturriotz, Xabier Mendiguren Bereziartu, Xabier Mendiguren Elizegi, Laura Mintegi, Fito Rodriguez, Allande Sokarros, Andres Urrutia eta Eguzki Urteaga.
Alberto Barandiaran kazetariak eta idazleak literatura kultura eta politika alorreko hainbat gai aztertu ditu bere artikuluan. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Euskal Herriko lurraldeetan aplikatzen den hizkuntz politikari buruz egin du gogoeta eta Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak Ipar Euskal Herriko aurtengo hainbat kultur gertakizun jaso ditu bere idatzian.

Euskal Liburuaren Gaua hizpide du Ander Iturriotzek bere artikuluan.

Ander Iturriotz Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak kultura eta literatura gutxituen egoeraz hausnarketa modukoa egin du, Galeuscaren azken bilkura oinarri hartuz. Baina artikulu berean, Euskal Liburuaren Gauan Mariasun Landari eskaini zitzaion sariaz eta gau hartan sentitutakoaz ere mintzo da.
Andres Urrutia euskaltzainburuak, aldiz, 2011n zendu ziren bi kultur eragile omendu nahi izan ditu: Xabier Gereño eta Jose Antonio Arana Martixa.
Euskal kultura 2011-ri errepasoa egiteaz gain, beste bi idatzi topatuko ditu Jakin aldizkariaren azken zenbakia eskuratzen duenak. Euskarazko hedabide ez publikoek erakundeei eskatzen dieten konpromisoari buruzkoa da bat. Eta bestea, Pruden Gartziak “Moroak gara behelaino artean?” liburuaz idatzi duen iruzkina.


Jakin, 1956tik hona
Jakin aldizkaria 1956an agertu zen lehen aldiz, frankismoa bete-betean zela. Bi alditan jaso du debeku administratiboa eta guztira 10 urteko isilaldia izan du. Franco hil eta gero, 1977an abiatu zen berriz eta harrez gero etenik gabe kaleratu da gaur arte.
Bi hilabetez behin kaleratzen da eta zenbaki gehienak gai baten jiran antolatu ohi dira. “Gai nagusia” saila da orrialde gehien hartzen duena, gai beraren tratamendua ikuspegi eta egile ugariz hornituta.
Azken zenbakia eskuratzeko edo urte osoko harpidetza egiteko, hona Jakin aldizkarikoen posta helbidea: jakin@jakingunea.com

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>