“Egunero hasten delako” eta “Munduko Poesia Kaierak” Poesia Orduetan

Atzo aurkeztu zuten aurtengo Poesia Orduen egitaraua: irailaren 9an Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberriaren 50. urteurrena gogoratzeko errezitaldi musikatua, eta irailaren 10ean Munduko Poesia Kaia poesia, antzerki eta dantza ikuskizuna. (Argazkia: Poesia Orduak ekimeneko aurreko ekitaldi bat).

poesia-orduak-2016

 

Atzo aurkeztu zuten Donostian aurtengo Poesia Orduak ekimenaren egitaraua. Ohiko moduan, Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak antolatu dute elkarlanean, aste honetako euskal jaien egitarauaren barruan.

Bi ekitaldiz osatuko da aurtengo egitaraua:

Irailak 9, 19:30ean

Egunero hasten den musika emanaldia

egunero hasten delako(Argazkia: Berria).

Egunero hasten delako nobelaren 50. urteurrenean, Ramon Saizarbitoriaren obra osoko zati hautatuen irakurraldi musikatua egingo da. Saizarbitoriaren mundu literario eta musikalaren barnako bidaia bat izango da. Horrenbestez, bidaia sentimental bat, idazlearena baina baita, neurri batean, euskal kulturaren ikur bihurtu den belaunaldi oso batena ere.

Beñat Sarasolak zuzendu du emanaldia, parte hartzaile hauekin:

Koruko Heras, pianista
Koldo Izagirre, testuen itzulpena
Iban Zaldua, narratzailea
Lourdes Oñederra, narratzailea
Susana Mendiola, pianista
Jabier Muguruza, abeslaria
Irene Ojanguren, abeslaria
Txeli Oroz, zeharkako txirula
Mertxe Parra, pianista

Irailak 10, 19:30ean

Munduko poesia kaia emanaldia

Munduki Poesia Kaia

Munduko Poesia Kaierak egitasmoa Susa agitaletxeak jarri zuen martxan 2014an eta 30. zenbakira iritsi da dagoeneko. Bilduman argitaratutako poemek ardaztutako emanaldi honetan ahotsez eta mugimenduz gorpuztuko dira bilduma osotik ateratako testuak: poesia errezital hibridoa izango da, zeinean poesiaz galdekatuko duten umorez egileek, eta errezitatutako poemak gorputz mugimendu bilakatuko diren.

Poesiarekin batera antzerkia, dantza garaikidea, eta espazio eszenikoaren lanketa artistiko bat ikusi ahal izango ditugu oholtzan. Emanaldi ausarta eta ez ohikoa izango da honakoa, Munduko Poesia Kaierak bilduma bera izan den bezala: hamaika itzultzailek hizkuntzatik hizkuntzara egin duten bidea hizkuntzatik gorputzera egingo da ikuskizun honetan, poemak mugimenduen hizkuntzara itzuliz.

Parte hartzaileak:

Iraia Elias, aktorea
Jose Luis Otamendi, errezitatzailea
Noemi Viana, dantzaria

Emanaldi hau Susa argitaletxearen ekimenez sortu du Metrokoadroka sormen laborategiak.

Sarrerak:

Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte eta gonbidapenak Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan banatuko dira emanaldien egunetan bertan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.